Testu hau idazteko daukadan helburua da baieztatzea autoeraketa Euskal Herriarentzat estrategikoa dela, eta hainbat ekimenen sakonenean dagoen ideia dela. Eta plano zehatzagoan, debaterako, autoeraketa prozesu bat gerta dadin zeintzuk diren beharrezko baldintzak zerrendatzea.
Hasteko, azpimarratu nahiko nuke ariketa guztiz ez-ohikoa dagoela autoeraketaren formulazioan. Zergatik? Autoeraketak, beste ideologia batzuek ez bezala, bere praktikatik bertatik zein bestelako pentsamenduetatik jasotzen dituelako irakaspenak: pentsamendu libertariotik, humanismotik, liberalismotik eta marxismotik. Parentesitxo bat: ideien mestizaiaren praktika horrek gaurkotasuna dauka. Aurrera. Autoeraketak ez-ohiko ariketa hori egin behar izan du, besteak beste, pertsonaren garapena eta bokazio kolektiboa konbinatu nahi dituelako. Batzuetan interes kontrajarriak. Horiez gain, autoeraketak lankidetzan aurkitu du kontzeptu osagarri egokiena, planteamendurik koherenteena. Beraz, bi zutabe nagusi: autoeraketa eta lankidetza.
Herrigintza eta eraldaketa espresio guztien oinarri eta logikan autoeraketa dago. Gainera, autoeraketa esperientziek norabide zabal bezain estrategikoa konpartitu dezakete
Gurera etorrita, Euskal Herria lurralde ikaragarri aberatsa da autoeraketa esperientziatan: kultur arloan, ekonomian, euskalgintzan, hezkuntzan, komunikabideetan edota mugimendu sozio-politikoan. Autoeraketa, lankidetza eta ekintzailetasuna herri honen identitate elementuak direla uste dut, eta horren kontzientzia izatea etorkizuneko giltzetako bat dela sinetsirik nago. Herrigintza eta eraldaketa espresio guztien oinarri eta logikan autoeraketa dago. Gainera, autoeraketa esperientziek norabide zabal bezain estrategikoa konpartitu dezakete.
“Autoeraketa lankidetzan” ideia indartsua da arrazoi askorengatik. Batzuk aipatzearren, pertsona subjektu eta gizartea komunitate bihurtzen dituelako. Edo gure burua menpekotasunetatik askatzen duelako. Horrez gain, inori itxaron gabe egitasmoa errealitate bihurtzen has daitekeelako. Bestetik, pertsonaren benetako gogoekin lotzen duelako. Edota subjektu eta komunitate auto-eratuagoak marrazten dituelako.
Hausnarketa hau bukatzeko esperientzia auto-eratu bat gertatzeko beharrezkotzat ditudan zazpi osagai zerrendatuko ditut, gogoetan aurrera egiteko borondatearekin. Bat: pertsona prozesuaren erdigunean jartzea. Bi: ingurua eraldatzeko pertsona eraldatzea. Hiru: ideia on eta erakargarri bat edukitzea. Lau: lider egokia izatea, katalizatzailea, sortzailea, konstantea, bisioduna eta pertsonen zerbitzura dagoena. Bost: ekintzarako gogoa. Sei: talde sustatzailea. Zazpi: bideragarritasun integrala eta errealitate zentzua.
Gainontzeko gakoak, prozesu guztiak dinamikoak direnez, ibiliaz argituko dira. Oinez hasi behar horretarako.