argia.eus
INPRIMATU
ARGIA komunitatea osatzen
Abian da ‘Lasarte-Oria ikusteko beste betaurrekoak’ ekimena
Itsaso Zubiria Etxeberria 2016ko maiatzaren 04a
Argazkia: ARGIA
Argazkia: ARGIA

Zenbat lasartearrek ote daki ARGIAk bere herrian duela egoitza? Eta zenbat irakurlek daki hori? Batzuek bai, seguru, baina gustura ezagutuko nituzke datuak. ARGIAko lantaldeak pentsatuko du hori jakina dela, baina nire zalantzak baditut. Dena dela ere, proiektuaren hurrengo pausoa, ezagutzera emateko bidean doa.

ARGIAren komunitatea hazten jarraitzeko gogoa dago, eta herriz herriko lanketa martxan da. Lehen geltokia Lasarte-Oria. Lehena diogu, ekimena beste herri batzuetara eramatea ere bada asmoa eta. Egunerokoan interneten eta astero paperean jorratzen diren gaiak dira ARGIAren baloreak, eta betaurreko horietatik begiratzen zaio munduari. Baina mundua kalean dago, eta hor eragin nahian ekin zaio bide honi; jendartean, behean, xehean balore horiekin eragiteko asmoz. Argia Eguna berreskuratu zen duela bi urte eta orain herriz herri bertako eragileekin eta ARGIAren komunitatearekin egin nahi da lan, herriko eragileekin elkarlanean ekimenak antolatuz, herritarrekin harreman zuzena mantenduz...

Lasarte-Oriak esanahi berezia dauka ARGIArentzat. 1990etik du egoitza Orian, eta bertan argitaratu eta inprimatzen da aldizkaria. Gaur Ametzagaiña taldeak lau enpresa eta berrogeita hamar langile ditu bertan.

Bada komunitatea, proiektuaren helburuak eta abar oso ondo... baina Lasarte-Orian zer egiteko asmoa dago?

Astebeteko egitaraua

Trantsizioak erakusketarekin emango zaio hasiera egitarauari maiatzaren 9an, eta hilaren 14ra arte egongo da ikusgai Mercero Aretoan, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Bisita gidatu baten bidez ARGIA ezagutzeko aukera izango da maiatzaren 10ean egoitzan bertan (Zirkuitu ibilbidea, 15. pabilioia), 19:00etan; eta irekia izango da gerturatu nahi duen ororentzat.

Eta osatzeko, Lasarte-Orian euskararen bilakaera. Atzera begira, aurrera begiratzeko mahai-ingurua egingo da maiatzaren 12an, Villa Mirentxun, 19:00etan. Hizlariak Mailu Arruti (Ttakun elkartean eta AEK-n aritua), Pello Sasiain (Euskara zinegotzi ohia) eta Marga Iturriza (Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko irakaslea) izango dira.