argia.eus
INPRIMATU
Famaztella
Edu Zelaieta Anta 2016ko apirilaren 27a

Familia Aznar Botella-ren akronimoa ezagun egin da, komunikabide batzuetan zabaldu denaren arabera, familia enpresak ustez zergak behar bezala ordaindu ez dituelako. Askoren ahotan, azkenaldiko paperen eta aferen karruselean, beste bat.

Zuri arreta erakarri dizuna, baina, beste kontu bat izan da. Han eta hemen irakurri duzunari tiraka, jakin duzu Jose Maria Aznarrek eta Ana Botellak idatzitako liburuak eta emandako mintzaldien jabetza eskubideak ustiatzea dela enpresaren xede nagusia, batez ere Espainiako presidente ohiaren kasuan. Bestela adierazita, Aznarrek eta Botellak enpresa bat eratu dute idazle eta hizlari gisa irabazitako etekin joriak egokiro ustiatzeko asmoz.

Ia inbidia sentitzerainoko harridura sortu dizu albistearen berri jakiteak: Planeta eta Plaza & Janés argitaletxe ezagunekin sinatuak dituzte hitzarmenak, eta Georgetowneko Unibertsitate ospetsuarekin egina kontratua; liburuak izenpetzeko ekitaldietan jende andana ikusi duzu ilaran, eta hitzaldiak emandako aretoak pertsonez gainezka. Aitortu beharrean zaude: matrimonioaren trebetasun intelektualen arrakastak liluratua zaitu. Bai eta horrenbesteko talentua kudeatzeko izen artistikoak ere.