Cáceresen egon berri naiz, lesbianen ikusgarritasunaren aldeko jardunaldi batean. Partaideek euren burua aurkezten zutenean, askok honela egin zuten: “Teresa naiz eta nire emaztea Pura da”. Hau da, aldamenean zeukaten emakumearekin ezkonduta zeudela harro adierazten zuten. “Emaztea” eta ez “bikotekidea” esaten zuten. Joera bitxia iruditu zitzaidan. Nire inguruko lesbianak ez dira ezkontza zaleak, eta (arrazoi praktikoaren aitzakiaz) ezkondu direnek ez dute lau haizeetara zabaltzen.
LGTB mugimenduan bi joera bereizi ohi dira. Alde batetik, integrazioa eta normalkuntza bilatzen dituztenak; horien artean ezkontzeko eskubidea lehenetsi dute, berdintasunaren ikur sinbolikoa delakoan. Beste korronteak gizarte heterosexistaren onespenari uko egiten dio, baita gizarte horren arauei ere; familia tradizionalaren eredua barne. Queer (arraro) irain gisa erabiltzen zen Ameriketako Estatu Batuetan, eta erresistentzia estrategia bezala iraina bereganatu zuten gay, lesbiana eta transexualen aktibismo ausartak Queer mugimendua sortu zute. Gurean transmarikabollo erabiltzen dugu, adierazteko ez dugula “normalak” eta “errespetagarriak” izan nahi.
Alejandra eta Rosa atzerritartasun legeak bultzatuta ezkondu ziren; Kolonbiakoa da Alejandra. Transexuala ere bada. PPko zinegotzi batek marmarka ezkondu zituen. Pasaportearen arabera Alejandra gizona zen, baina soinekoz ezkondu ziren biak, eta ortzadar koloreko lore sorta artean
Bilboko lesbiana feministen artean mugitzen naiz ni, queer korronte horri begira, eta LGTB mugimenduaren instituzionalizatzearen kontrako mesprezua edan dut. Espainiako LGTB elkarteak batzen dituen federazioari, FELGTB, flagélate deitzen diote/diogu, egozten diogun kutsu kontserbadoreari iseka eginez. David Cameron Erresuma Batuko presidentearen hitzak beti ditut gogoan: “Gay ezkontzen alde egiten dut, hain zuzen ere kontserbadorea naizelako”. Hau da, ikuspuntu kontserbadore batetik hobe homosexualak ezkontzen badira eta Jainkoak agindutako bizimodua badaramate. Hori ez da bekatua; baso edo sauna batean ezezagunekin txortan egitea bai, ordea. Ondorioz, Bilboko Alde Zaharrean biltzen garen lesbiana hiritarren artean diskurtso ofiziala ezkontza homosexualak dakarren “heterosexualizazioa” kritikatzea da.
Alejandra eta Rosa atzerritartasun legeak bultzatuta ezkondu ziren; Kolonbiakoa da Alejandra. Transexuala ere bada. PPko zinegotzi batek marmarka ezkondu zituen. Pasaportearen arabera Alejandra gizona zen, baina soinekoz ezkondu ziren biak, eta ortzadar koloreko lore sorta artean.
Solek ez zuen ezkontzetan sinesten, baina FELGTBn parte hartzen zuen Extremadurako landako lesbianen isolamenduarekin bukatu nahi zuelako. PPk ezkontza legearen kontra egin zuenean, federazioak kideei esan zien ezkontza kopuru handia behar zutela legea hobeto defendatzeko. Jarraian bere neskalagunarengana lore sorta batekin jo zuen.
Jardunaldi horietan euren emazteei buruz harro hitz egin zuten, horietako asko herri txikietakoak dira eta badakite zer den lesbianismoa ezkutuan bizitzea. Eurentzat ezkontza legeak jendartean hedatu duen genero berdineko pertsonen arteko amodioa zilegi da. Landako lesbianaren bakardadea bizi duen emakumea ezkontzen denean, bera baztertu duen jendarteari aurre egiten dio: existitzeko duen eskubidea plazaratzen du.
Beharrezkoa da ezkontzeko eskubideak sexu askatasuna bermatu ez duela gogoratzea, LGTBfobia bizi-bizirik jarraitzen duela, eta “integrazio” bide horrek normalak izan nahi ez dugunok baztertzen gaituela. Baina tira, emakume hauek ezagutu ondoren uste dut komeni dela erradikal/instituzional edo kontserbadore/urratzaile dikotomia sinplistak alboratzea eta norbanakoen istorio eta iraultza txikiak aintzat hartzea.