argia.eus
INPRIMATU
Confebask-en marketin operazioa
Juan Mari Arregi 2016ko apirilaren 27a

Confesbaskek bere lan harreman eredu berria egin zuen publiko ekitaldi batean. Eusko Jaurlaritzak eta ehunka enpresarik babestuta, lobby patronal horrek egungo errealitatera egokitzen saiatzen ari den eragile sozial modernoaren itxurak egin zituen. Ekitaldi hori, ordea, marketin operazio hutsa baino ez da izan, patronalaren propaganda. Lan harreman berria eskaintzen duela aditzera emanez, bere filosofia eta lan baldintza eskasak inposatu nahi ditu, etekinak pilatzen segitzeko. Patronalek marketin eta propaganda ugari egiten badute ere, ezin dugu ahaztu klase borroka ez dela iraganeko zerbait, gure gizartean eta enpresen sakonenean dagoen zerbait baizik.

Patronalaren operazioak hitz egiten du lan harremanetan gardentasuna eta malgutasuna eduki beharraz, baina praktikan langileei behin eta berriz ezkutatzen zaie enpresaren egiazko egoera ekonomikoa. Malgutasuna, berriz, lan prekarietate gehiago lortzeko baino ez da erabiltzen. Marketin eta propaganda operazio horren atzean lan harremanen indibidualizatzea dago, negoziazio kolektiboaren blokeoa, sindikatuak eta enpresa batzordeak baztertzea. Hala, etekinak lortzeko euren monopolioari egiten diete mesede, prekarietate politikan sakonduz, administrazio publikoak diruz laguntzen dien bitartean.

Egungo egoera sozio-laboralean ikaragarriak dira prekarietatea eta desberdintasunak, eta horrek, logikoki, sindikatuen arteko lehia sortzen du. Enpresariak eta langileak enpresetan elkarrekin bizi daitezen, existitzen den klase borroka hori kontuan hartuko duen elkarrizketa behar da, informazioa soilik ez, etekinak eta erabakiak ere konpartitu egin behar dira.