Harreman osasuntsuak ereiten

  • Botere erlazioek kutsatzen dituzte gure eguneroko harremanak. Haur eta gazteen artean harreman desorekatuok iraultzea helburu, Haziak proiektua abiatu dute Oiartzungo ikastolan: ikasleen barruak mugitzeko, denetariko sentimenduak azaleratzeko eta elkarren arteko hartu-emanen eraginaz kontzientzia hartzeko balio izan du.

Barne mundua azaleratzeko, hitzaz gain lau askebide izan dituzte aukeran ikasleek: ipuina (Pello Añorga gidari), marrazkia eta irudia (Idurre Ugalde buru), argazkian ageri den gorputz espresio tailerra (Odei Astibiak zuzendua) eta rap-a (Odei Barrosoren e
Barne mundua azaleratzeko, hitzaz gain lau askebide izan dituzte aukeran ikasleek: ipuina (Pello Añorga gidari), marrazkia eta irudia (Idurre Ugalde buru), argazkian ageri den gorputz espresio tailerra (Odei Astibiak zuzendua) eta rap-a (Odei Barrosoren eskutik).

Lidergoaren gaiak protagonismo handia hartu du Koro Uria irakaslearen gelan; 11-12 urte dituzte bere ikasleek. “Liderrak nahi gabe egiten ditugu” bota du batek, eta hortik abiatu dute eztabaida. Lider izatearen alde onak nabarmendu dituzte gazteek: “Denek kasu egiten diote, famatua da, lagun asko ditu, ez da bakarrik sentitzen, berak egin nahi duena egiten dute besteek…”. Eta baita txarrak ere: “Bakarrik egon nahi duenean kosta egiten zaio, beti berak hartu behar du erabakia, erabakitzen duena kopiatu egiten diote gainerakoek…”. Tentsio momentu handiak izan dira, gelako liderrengana joan dira begirada guztiak, eta hasierako isiltasun orokorra gainditzea lortu dutenean, barruak askatu dituzte, hitza hartzeko ohitura gutxiago dutenak ere mintzatu dira. Egoera ugari azaleratu dituzte, liderrentzako mezuak egon dira, eta haiekin ados egon ez arren norbere erabakia adierazteko ausardiaz eta ezetz esaten jakiteaz aritu dira. Halaxe kontatu digu Koro Uriak. “Gaiaz hitz egin dugu, eta hurrengo aldian, adibidez arratsaldeko plana erabaki behar dutenean, hau guztia barneratua izango dute behintzat”.

Haziak proiektuaren baitako esperientzietako bat da aurrekoa, Oiartzungo Haurtzaro ikastolan martxan jarria. Ikastola horretako guraso eta proiektuaren bultzatzaile dira Nora Barroso eta Nekane Martiarena. Beharretik sortutako proiektua dela diote, gizartean ez diogulako nahikoa denbora eskaintzen harremanei eta elkarbizitzari. “Botere harremana ikuspegi poliedriko batetik ulertzen dugu, forma ezberdinak hartzen dituelako: izan daiteke bullyinga, izan daiteke naturarekiko dugun erlazioa, gizonak emakumeengana indarrez zuzentzea…”. Harreman desorekatuoz jabetzea da horiek iraultzeko lehen urratsa. “Haziak proiektuan ez dugu inor epaitzen, ez dugu esaten bakoitzak zer eta nola egin behar duen, ateak irekitzen ditugu, bakoitzak erabaki dezan: gelditu, pausatu, barrura begiratu, eta gero begiak ireki, barrutik begiratu ingurua, inguruarekin eta inguruko pertsona eta entitateekin ditugun harremanak, baita norbere buruarekin ere (sarri zama handiak jartzen dizkiogulako geure buruari), barrua eta kanpoa elkar elikatuz. Haserre gaudenean adibidez dena apurtzen edo besteei min ematen hasi ordez, segundo batez barrura begiratu eta benetan haserre zergatik gauden begiratzea ona da. Hortik aurrera, norberak ikusiko du zer behar duen, nola gestionatuko dituen bere sentimenduak”, azaldu du Barrosok.

Norbanakotik taldera, ipuina eta komikia lagun

Lehen Hezkuntzako 2. mailan (7-8 urteko haurrekin) eta Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailan (10-12 urtekoekin) jorratu dute Haziak, urte bereziak direlako: LH2n, bost urte eman dituzte haurrek elkarrekin, eta rolak markatuta izan ohi dituzte ordurako. LH5-6n, aurreko urteko gelak nahastu eta berriak sortzen dituzte, egoerak eta harremanak aldatuz. LH2n “Enpatia” izan da landutako gaia, eta LH5-6n, “Norbanakotik talde funtzionamendura edo bizitzen ikastea”.

Txikienek, enpatia gaiari heltzeko, egoera jakin bat sufritzen ari den Igel marroitxo ipuina erabili dute, eta 10-12 urtekoek, rol markatuak dituzten eta gertaera bati aurre egin beharko dioten lagunei buruzko BarruKLIK komikia. Material hori sortzeko, irakasleen ikuspegia funtsezkoa izan da, behar errealetatik abiatzeko, egunerokoan ikastolan bizi eta ikusten duten horretatik. Sorkuntza prozesuan, beste hainbat bidelagunen iritzia ere garrantzitsua izan da –adibide bat jartzearren, Antiju Morik herriko talde feministak materiala gainbegiratu du, genero ikuspegitik– eta jakina, haurren beraien parte-hartzean oinarritu dute materiala: egin ahala, gaztetxoei galdetzen eta aholkuak eskatzen joan dira, haien ikuspuntua txertatuz. Haziak egitasmoaren webgunerako ere, helduei bururatu ez zitzaien ekarpen ugari egin dituzte haurrek: txat-a, iritzia emateko leku baten beharra, hasieratik atal guztiak batera ikusi ahal izatea… Eta batik bat itsuak diren haurrengan pentsatuz, ipuin eta komikiaren audioak egin dituzte, materiala ahalik eta zentzumen gehienetatik iritsi dadin.

Koro Uria, irakaslea:
“Tentsio uneak izan dira, eta hasierako isiltasun orokorra gainditzea lortu dutenean, barruak askatu dituzte, hitza hartzeko ohitura gutxiago dutenak ere mintzatu dira. Egoera ugari azaleratu dituzte”

Saio bakoitzaren aurretik, hutsetik hasteko, arnasketa, erritmo, musika eta koloreekin jokatzen duten Barrurako bidean bideo eta audio laburrak ikusi/entzun dituzte, erlaxatuta ekiteko. Bakarka, taldeka eta orokorra (ikasgela osoa elkarrekin) izan da lanketa. Lehenik, ipuinaren edo komikiaren hasiera irakurri eta nahieran adierazi dute iradokitakoa (marrazki bidez, idatziz, gogoeta pertsonala eginez…). “Bakarkako une hori oso garrantzitsua da, sarri zuzenean taldeka heltzen diegulako gaiei, eta batzuei gehiago kostatzen zaie irekitzea, betikoek hartzen dute gain. Gero taldera eramateko gaitasuna izango dute edo ez, baina gutxienez aurretik nork bere tartea izan dezala”, azpimarratu du Martiarenak. Ipuinaren hasieraz gain, bukaera ere irakurri dute ondoren, eta ausaz osatutako taldeetan, elkarrekin joan dira bidea adosten: “Triste nago eta zoriontsu izan nahi dut, horretarako bidea egingo dut, bakarka pentsatuz eta taldean eztabaidatuz, nahiz eta beharbada ideala ez lortu”. Materiala irekia da eta bidean ezustekoak daude, istorioek interpretazio bat baino gehiago izan ditzakete eta bide ezberdinak egiteko aukera dago, baita ipuin edo komikia nahieran eta nahi beste osatzeko ere –orri edo bineta berriak txertatuz–. Talde dinamiketarako lagungarri, materialarekin batera galdera zerrenda prestatu dute ekimenaren sortzaileek.

Nora Barroso, Nekane Martiarena eta Koro Uria, Haurtzaro ikastolan.
Askebideak, etxeko lanketa eta herri osorako ekimena

Hitzaz gain, bestelako adierazpideak ere bideratu dituzte, “haur bakoitzak bere barne mundua azaleratzeko”. Ikasleek lau askebide izan dituzte aukeran: ipuina (Pello Añorga idazle eta ipuin-kontalaria gidari), marrazkia eta irudia (Idurre Ugalde hezkuntza sortzailean aditua buru), gorputz espresioa (Odei Astibia perkusionistak zuzendua) eta rap-a (Odei Barroso raperoaren eskutik). “Rapa hautatu dutenek, esaterako, ‘nik sufritzen dut’ diote konposatu duten kantuan, sentitzen dutena argi adierazi dute musikaren bitartez”, kontatu digute.

Etxean ere landu dute proiektua. 7-8 urteko haurren kasuan, galtzerdi batekin ipuineko igela egin eta etxera eraman dute. Sufritzen ari den igelarekin identifikatzen denak haren bidez errazago adierazi dezake gertatzen zaiona; identifikatzen ez denak berriz, enpatia garatu dezake haren azalean jarrita. 10-12 urteko ikasleek berriz, komikia etxera eraman eta gurasoekin irakurri eta eztabaidatu dute. Galdera batzuk eraman dituzte –haurrek beraiek gelan adostuak batetik, proiektuaren sortzaileek proposatuak bestetik– eta gurasoek seme-alabekin erantzun behar izan dituzte, nortasunari buruzko itaunak, rolen ingurukoak, txikiak zirenean bizitako egoerez… “Hemen ere, askatzea izan da helburua”, dio Nora Barrosok.

N. Martiarena, gurasoa:
“Aurretik bakarka nork bere tartea izatea garrantzitsua da, sarri zuzenean taldeka heltzen diegulako gaiei, eta batzuei gehiago kostatzen zaie irekitzea, betikoek hartzen dute gain”

Azkenik, kalera atera da egitasmoa, sozializatu eta beste ikastetxe eta adin tarteko haurrei eskaini zaie, herri guztiari oro har. Hezkuntza ez formala, zehazki Oiartzungo ludoteka, bitartekari inportantea izan da zeregin horretan. Besteak beste, ipuina eta komikia herrian barna banatuko dira (anbulatorioan, liburutegian, tabernetan…), askebideetan landutakoa erakutsiko da eta Futbolariak eta printzesak antzezlana egin da. Gai hauek jorratzeko, jolasa erreminta bat gehiago izan da bai ikastetxean bai ludotekan. Ispilu jolasean, bikoteka batek erabakitakoa besteak errepikatzen du; Espazio hutsak bete deiturikoan, norberak gorputzarekin bateko eta besteko formak hartu eta utzitako espazio hutsak bete behar ditu ondokoak, txandaka; trenaren jolasean gidariak egiten duena egin behar dute atzekoek; erlaxatzeko edo kontaktua sustatzeko jolasak ere izan dituzte…

10-12 bat saio/ordu eskaini dizkiote Haziak proiektuari ikastetxean. Orain, ekainera bitarte beste hainbeste beharko dute prestaturiko bigarren gaia jorratzeko: harremanen kudeaketa LH2n, eta neska-mutilen arteko harremanak eta harreman ereduak LH5-6n. Dejabu Panpin Laborategiak gidatuko du bigarren txanpa eta dagoeneko hiru fikzio sortu ditu arlo horietan sakontzeko.

"Igel marroitxo" eta "BarruKLIK".
Haserrea, bakardadea, kuadrilla…

“Haziak aitzakia eta bitartekoa izan da pausatu, gai hauei ateak gehiago ireki eta denbora eskaintzeko –dio Koro Uria irakasleak–. Batetik, ohiko jardunetik apartekoa izateak misterioa eta jakin-mina sorrarazi du; bestetik, kanpoko egitasmoa izanik, ikasleek ez dute ohiko moduan hartu, ‘badator Koro berriz ere kontu hauekin’, gaiari komikiak, Haziak proiektuko jendeak, etxekoek… ere  heldu diotelako. Bestela, ikasleek ghettoak egiten dituzte: irakaslearekin kode hauek ditugu, eta hortik kanpo, bestelakoak. Ghettoa hautsi, ireki, eta eskola, etxea, plaza… dena bat dela konturatzeko balio izan du ekimenak”.

11-12 urteko ikasleak dituen gela honen ekosistema aztertzeko ere onuragarria izan zaie Haziak. Komikietako pertsonaiak ekarri dituzte taldera: lotsatia, oharkabe pasatzen den ikusezina, elbarria, liderra, denagatik protestatzen duena… Eta lehen aipatu moduan lidergoaz aritzeaz gain, haserreak ere protagonismo handia hartu du saioetan: nola haserretzen garen, nola kanporatzen dugun haserrea, hitzak jartzen al dizkiogun, zergatik halakoetan ezberdin jokatzen dugun gurasoekin edo lagunekin… Gogoetatzeko beste galdera ugari dituzte oraindik zerrendatuta, gatazkez, ezberdin izateaz, bakardadeaz, kuadrillaz, laguntasunaz… Gurasoentzat ere iraultza txiki bat izan dela gaineratu du Uriak: “Guraso asko inplikatu egin dira, beste batzuentzat akuilu edo presio txikia izan da proiektua, parte hartzeko. Eta eskolak eta etxeak gunea partekatzea oso inportantea da, ez daitezen bi mundu aparte izan”.

Nora Barroso, gurasoa:
“Beste herri eta eskoletan errealitatea bestelakoa izango da, baina hona guk landutako gai eta materialak. Elkar elikatu gaitezen, ikuspuntu anitzak jaso eta sare aberatsa sor dezagun”

Sentimenduei hitza jarri dietela eta oinarrizko printzipioez mintzatzeko aukera izan dutela nabarmendu digu irakasleak: denok garela inportanteak, irtenbide bat baino gehiago daudela, norberak bere iritzia izateko aukera daukala… “Printzipio horien arabera, bakoitzak kokatuko du bere burua. Ez pentsa, esan ohi diet, zuek sentitzen duzuen hori guztia helduok soluzionatuta dugunik. Bizitzan egiten den bidea da, eta guk esperientzia gehiago dugu, baina oraindik ere ikasten jarraitzen dugu”.

Proiektuaren sustatzaileak prest daude berau beste ikastetxe eta herrietara zabaltzeko. Errealitatea bestelakoa izango da, “baina hemen dituzue eskuragarri guk landutako gaiak eta horretarako materiala, eta beste gai edo materialik erabiliz gero, pasa guri. Elkar elikatu gaitezen, ikuspuntu anitzak jaso ditzagun, sare aberatsa sor dezagun”, proposatu du Barrosok.

Erreportajean zehar aipaturikoez eta konplize izan dituzten irakasle eta gurasoez gain, bidelagun ugari izan ditu egitasmoak. Hala nola, koordinazio orokorraz, zeregin teknologikoez eta sustapenaz arduratu den Iametza Interaktiboa, Oiartzun Irratia, Lorea Agirre, Eider Eibar, Lur Korta, Jon Martin, Idoia Beratarbide… Proiektu bizia eta irekia da, eta sortzen doazen premien arabera joango dira gehitzen lagun eta eragile berriak, joango da egokitzen ekimena. Uria irakasleak argi du, oinarrizkoa da gaia behin eta berriz mahaigaineratzea: “Askotan landuagatik, beti agertzen dira zirrikitu txikiak, kontrolatzen ez ditugunak. Hurbil eta sentsibilizatuta egon arren, egoera itsusiak ematen dira, oso adi egon behar dugu, eta teknologiak eta sare sozialak ere autopista ezezaguna dira gutako askorentzat. Horregatik dira hain garrantzitsuak Haziak bezalako egitasmoak”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | ARGIA
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektore, botoen %64 lortuta

EHUko errektoretzarako hauteskundeak irabazi ditu Bengoetxearen hautagaitzak, botoen %63,6 lortuta. Beste taldeak berriz, Eva Ferreirarenak, botoen %36,3 jaso du. Parte hartzea %21,9koa izan da eta gora egin du aurreko hauteaskundeekin alderatuta


2024-11-26 | Leire Ibar
Nafarroako Musika Kontserbatorioko hiru irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik

Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHU-ko hauteskundeak
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Koldo Rabadan Izagirre. 'Superbotereak' liburuaren egilea
“Zorionez haurrek ez dute heldurik euren barnean, errealitatera jaitsita leudeke bestela”

Egunik goibelenetan ere, Larraulgo (Gipuzkoa) eskolako ateak ireki orduko irauli egiten da aldartea. Haurreskolako haurrengandik gertu, metro eskasera dago liburutegi-txokoa. Ordenagailuaren parean topatu dugu neskato bat, entzungailuak jantzita, arkatzez idazten eta koadernoari... [+]


Maddi Agirre Epelde. Bertsolari matematikari kantari
“Nire ametsa izango litzateke Xenpelarrekin kantatzea”

19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]


Injustizia epistemikoa eskoletan?

Hezkuntzaren Soziologian bada galdera klasiko bat: zertarako existitzen da hezkuntza sistema gizarte batean? Galderari emandako erantzunak ugariak dira, eta aldatuz doaz garaiaren arabera. Baina horien artean nabarmentzekoak ondoko hauek izan ohi dira: eskolak nagusiki... [+]


“Eskolako jangela orduetan gauza asko gertatzen da, ez da bakarrik jateko leku bat”

Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Palestinako genozidioa salatuko du ikasturte honetan ere Gure Haurrak Ere Badira mugimenduak

Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]


Eguneraketa berriak daude