argia.eus
INPRIMATU
Euskara ikusezina
IƱaki Martinez De Luna @imartinezdeluna 2016ko apirilaren 20a

Euskararen komunitatea badoa pixkanaka trinkotzen. Euskalgintza (herritarra zein instituzionala) gero eta sendoagoa eta eraginkorragoa da.  Nabarmena da euskarak eremu horretan izan duen aurrerakada.

Bestelakoa da, aldiz, gizarte zabaleko dinamika. Bertan, urratsak modu lausotuan baino ez dira islatzen. Erabilera areagotzen doa, batez ere ume eta gazteengan, baina poliki eta lilurarik piztu gabe. Euskara ez da erreferente garrantzitsua gehiengoarentzat; ezta ume edo gazteentzat ere. Horren lekuko, adibidez, Amelia Barquinen blogak dioena: “Zure gurasoak astun samarrak dira euskararen kontu horrekin, ezta?”.  Gizarte giro eta alor gehienetan euskara ikusezina da. Edo, bestela, astuna. Ez da cool, ez du glamourrik.

Euskaraz kontsumitzen dena lekutan dago hiztun euskaldunen proportzioetatik. Ezezagunen artetik  ezezagunenak tokiko komunikabideak dira

Ezin da esan ekimen interesgarri edo baliotsurik ez dagoenik. Produktu eta zerbitzu onak gero eta ugariagoak dira. Adibide polita Labur Bira Film Laburren Zirkuitua da. Euskaraz lantzen ari diren beste zenbait arlotako edukiak ere kalitatezkoak dira. Horren lagin ezin hobea literaturarena da. Baina, hainbat hizkuntzatara itzuliak izan diren euskal autoreak ezezagunak dira herritar askorentzat. Hurbilagoak eta baloratuagoak dira gurean gaztelaniaz edota ingelesez idazten duten egile asko, euskarazkoak baino.

Beste horrenbeste gertatzen da, bestalde, euskarazko hedabideekin. Euskaraz kontsumitzen dena lekutan dago hiztun euskaldunen proportzioetatik. Ezezagunen artetik ezezagunenak tokiko komunikabideak dira.

Berariazko sareak osatzen dituzten euskalgintzako lagunak (teknikariak, euskaltegiak, mintzapraktika taldeak, euskarazko kultura-guneak eta abar) dira euskarazko produktuak kontsumitzen dituzten bakarrak; ez, euskalduna izanik ere, edozein herritar arrunta. Eskaintza euskaldun konprometituen hesian gelditzen da. Salbuespen bat Loreak filma. Horrek gurean oihartzun zabala lortu du kanpoko erakusleihoetatik iritsi zaigunean; Goya eta Oscar sarien eskutik, alegia.

Kultura-produktuak izan edo hedabideak izan, ongi landuak diren ekimenak ez dira arrakastatsuak jendaurreko agertokietan. Horren arrazoi nagusia, jendaurreko plaza handian ezezagunak izatea da. Duten erakarmen falta hortik abiatzen da. Ezagutu ezean, ezinezkoa da glamourra lortzea.

Joera orokor horretatik kanpo dago Korrika. Zergatik? Euskalgintzaren baitako eta kanpoko gizarte eragile mota askoren babesa eta bulkada jaso dituelako.

Baina, euskalgintzako eragileak elkarri bizkarra emanda agertzen dira ekimen gehienen aurrean. Ondorioz, ikusezina jarraitzen du izaten euskararen unibertsoak. Etorkizuna bermatu beharko dioten ume eta gazteentzat ikusezina.