Ukraina eta Bielorrusian haurrek badakite zer gertatu zen Txernobylen

  • Apirilaren 26an dira 30 urte Ukrainako iparraldean, Bielorrusiarekiko mugan, Txernobylgo zentral nuklearra lehertu zela, gizakiak eragindako hondamendi industrialik bortitzena. Hiru hamarkada beranduago, Europako herritar askok segitzen dute beren soinetan nozitzen kutsadura erradioaktiboaren kaltea. Kantzerrak aipatzen dira sarri, baina menturaz haur askok jaiotzean dakartzaten eritasun eta matxurak are beldurgarriagoak dira.

Green Cross erakundearen argazkian, Txernobylek kutsatutako Zhytomyr eskualdean bizi den Valentina Grinik eta bere hiru haurrak, beste asko bezala jaio zirenez gero sarritan gaixorik dabiltzanak, itxuraz oso haur politak azaldu arren. Erreportajean aipatu
Green Cross erakundearen argazkian, Txernobylek kutsatutako Zhytomyr eskualdean bizi den Valentina Grinik eta bere hiru haurrak, beste asko bezala jaio zirenez gero sarritan gaixorik dabiltzanak, itxuraz oso haur politak azaldu arren. Erreportajean aipatutako malformazioen irudi izugarriak ikusi nahi izanez gero, irakurleak erraz aurki ditzake interneten. Nazioarteko Medikuen Gerra Nuklearraren Prebentziorako elkarteak eskatu die agintariei lurralde kutsatuetako jendeei elikagaiak bezala sutarako egur kutsatu gabeak kanpotik eraman diezazkietela, soinetan erradioaktibitate gehiago metatu ez dezaten.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

1986ko apirilaren 26an Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendiarekin amaitu zen energia atomiko ziurraren mitoa. 30 urte geroago, 2016ko otsailaren 26-28an, 5 years living with Fukushima - 30 years living with Chernobylbiltzarra burutu du Berlinen IPPNW Gerra Nuklearraren Prebentziorako Nazioarteko Medikuen elkarteak, aztertzeko du nola bizi diren Txernobylgoaren ondorioak jasaten dituzten jendeak.

Orduan Sobiet Batasuna zeneko, Japoniako, Amerikako Estatu Batuetako eta Alemaniako adituez gain, gehiago ere hurbildu ziren mundu osotik Berlinen Urania zientzia elkarteak daukan egoitzara.

Aurkezpen hitzaldian Ian Fairlie mediku radiobiologo britainiarrak laburbildu zuen berrikitan publikatu duenThe Other Report On Chernobyldossierra, Austriako Lurraren Lagunen eta Vienako udalaren enkarguz egina.

Bost milioi biztanle bizi dira gaur Bielorrusia, Ukraina eta Errusiako lurralde kutsatuenetan. Oso kutsatuta daude Bielorrusiaren azalera osoaren ia laurdena, %22, Austriaren %13, Ukrainiaren %6,3, Finlandiaren %5,6, Suediaren %5,4…

1986an erradioaktibitatea ia Europa osoan zehar zabaldu zenez, 400 milioi lagun bizi dira gutxiago kutsatutako eremuetan. Ez begiratu soilik Bielorrusia eta Ukrainara, Mendebaldeko Europako lurren %42 dago gutxi-asko kutsatuta, bertan erori zelako Txernobyldik iritsitako euri erradiaktiboaren %37. Fairlie doktoreak erakutsi du mapa deigarri bat, Europako Batzordeak 1998an enkargatua baina gaur nazioarteko erakunde nagusi batzuek ezkutatzen dutena, zeinak erakusten duen 1986ko apiril-maiatzean noraino iritsi zen 137-Zesioa zeraman erradiaktibitatezko mototsa, Txernobyldik urruti ere utziz pozoi guneak: Eskozian, Norvegian, Suedian, Finlandian, Italian, Alpe mendietan, Balkanetan, herrialde eslaboetan…

Fairlieren kalkuluetan 40.000 heriotza espero behar dira minbiziagatik bakarrik. Tiroideetako minbiziari dagokionez, 6.000 gertatu dira orain arte eta 16.000 gehiago espero behar dira. Gaur egun erradiazioagatiko tiroideetako kantzerren ugaritzea frogatuta dago Austrian, baita kutsadura beragatiko leuzemia, gaixotasun kardiobaskular eta bularreko minbizien ugaritzea ere.

Urteotan, gainera, froga berriak azaldu dira erradiaktibitatearen eraginez haur askok dakartzaten jaiotzetiko akats –tartean Down sindromea–, eritasun mental, diabetes eta beste gaixotasunez ere.

Berlingo biltzarrean hitz egin zuten eremu kaltetuenetako herritarren osasuna artatzen duten mediku adituetako batzuek. Bielorrusiatik, Buda-Koxelevo eskualdeko herritarren osasun egoeraren lekukotasuna eman zuen Sergey Stanislavovitx  Korsak mediku eta probintziako poliklinikako zuzendariak. Txernobyldik 250 kilometrora dagoen Buda-Koxelevon 31.771 pertsona bizi dira, denak ere oso kutsatutako lurraldean; jende helduetako askok parte hartu zuten istripuaren ondorengo liquidator gisa garbiketa lanetan.

Stanislavovichen esanetan “eskualdeko estatistika mediku eta demografikoak begiratzea aski da ohartzeko bertako jendeen osasuna urtetik urtera okerragora doala”. Alegia, Adam Abramovich idazlearen hitzak erabiliz, tamalez Txernobyl ez dela iraganeko kontua etorkizunekoa baino. Bereziki nabarmendu zituen emakumeek haurdunaldian jasandako arazoak eta umeek jaiotzean dakartzatenak. Gero eta sarriago agertzen baitira gaixotasun kongenitoak: kromosometako arazoak, Down, fibrosi kistikoa…

Infernuan biziraun behar

Wladimir Wertelecki mediku eta genetikan adituak jaio berrien malformazio kongenitoen ugaritzea aztertu du Ukrainako Rivne probintziaren iparraldean, Polesia eskualdearen zati batean.  1986ko istripu atomikoak Ukrainan gehien kutsatutako eremua da, Txernobyl ondoko lurraldea  bera baino pozoituagoa.

1996tik ari da hor antropologo, matematikari, estatistikari, nutrizionista, psikologo eta abarrez osatutako ikertalde zabala. Irradiazioak aipatzean –kutsadurak, oro har– beti kantzerrei erreparatzen zaien arren, horiek bezainbesteko garrantzia daukate teratologiak aztertzen dituen haur jaio berrien malformazio kongenitoek. Polesiako zoko hau erradioaktibitatearen kalteen laborategi bat da horretan: biztanleak oso isolaturik bizi direnez, bertan ekoiztutako jaki pozoituak jan behar dituzte bertako egur irradiatuaren sutan kuzinaturik.

Rivne-Polesia Europako txapeldun tristea da ume jaio berrien arteko hiru eritasunetan: bizkarrezur-muineko tutuaren malformazioak, mikrozefalia (buru txikiegia) eta mikroftalmia (begi txikiegiak). Horien zergatiak ikertzen hasita, beste kausa posibleak baztertu eta erradioaktibitatean arakaturik, aurkitu dute gaur Rivne-Polisian kutsadura handiagoa dela duela 15 urte baino, urtez urte kontzentratzen ari delako.

Baina ezustean estrontzioa aurkitu dute kopuru handitan. “Denek begiratzen diote zesioari –dio Werteleckik– baina estrontzioa askoz arriskutsuagoa da uste dena baino, hezurduran eta haginetan kokatuko zaio haurrari bizi osorako, ez du pixarekin kanporatuko zesioa bezala”. Azken hamar urteotan eskualdeko haur guztien jarraipena egin duten sendagileon arazoetako bat da mundu mailan oso gutxi ikertu dela gizakiaren fetuak estrontzioarekiko daukan sentiberatasuna. Osasun agintariek ere ez diote arreta berezirik jarri. Zer ondorioztatu esku artean dauzkaten datuetatik?

Weterleckik ez du ikusten hiru aukera baizik. Edo malformazioen ugaritze hori ez da irradiazioengatik, baina orduan agintariek bestelako esplikazio koherente bat eskaini behar dute. Edo, bi, fetua askoz sentiberagoa da irradiazioekiko uste zena baino. Edo, hiru, dauden irradiazio kopuruak askoz handiagoak dira agintariek aitortutakoak baino.

Rivne-Polesiako haur bati dedikatu dio hitzaldia Weterleckik. Jaio berririk abandonatuta geratu zen, amari ez baitzioten erakutsi ere egin: “Munstro bat erditu duzu hilik sortu dena. Zoaz etxera, ahaztu ezazu eta saiatu berriro”. Amak lur jota ihes egin zuen Ukrainatik. Zango bat gabe, ez sexu, ez obario, ez utero... baina bizi poz handia zeukan umezurtz txiki hura medikuok hospizioan aurkiturik amatxiri eraman zioten, eta honek amari itzuli. Gaur Mendebaldeko Europako unibertsitateren batean ari omen da ikasten. Zorionez, erradiaktibitateak kalteak haurdunaldiaren oso hasieran egin zizkion eta burmuina matxuratu ez, errejeneratzeko aukerak emanez.

Weterleckiri txaloz eten zioten hitzaldia esan zuenean: “Medikuontzako inportanteena ez da epidemiologia, prebentzioa baizik. Eta badakigu nola prebenitu. Berehala ekin behar diogu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txernobylgo istripua
2022-04-26 | ARGIA
Txernobyl gogoan, “desentxufatu energia nuklearra” dei egin du Ekologistak Martxanek

Ukrainan 1986ko apirilaren 26an izandako istripu nuklearra gogora ekarri du Ekologistak Martxan taldeak eta energia nuklearrera "desentxufatzeko" dei egin du. Horretarako, %100 energia berriztagarria merkaturatzen duten enpresetara pasatzea gomendatu du.


2022-02-25 | ARGIA
Txernobylgo eremua kontrolpean du Errusiak

Errusiako armadak Txernobylgo zentral nuklearraren eremua kontrolpean du. Hala adierazi du ostiral goizean Errusiako Defentsa Ministroak.


2021-04-27 | Ixone Arana
Txernobilgo historia kontatu zuten emakumeak

Apirilaren 26an bete ditu 35 urte Txernobilgo istripu nuklearrak. Horren harira Beyond Nuclear Internationalek hiru emakumeren lana azpimarratu du: politikariek ezkutatutako informazioak eta Bielorrusiako eta Ukrainako herritarren bizipenak hartu zabaldu zituzten Alla... [+]


Txernobyl ondoko ibaia kanalizatzeko obrek, berriz iratzarri dute kutsadura nuklearraren mamua

Prípiat ibaia uztailean hasi ziren dragatzen, Baltikoa eta Itsaso Beltza elkartuko dituen ubide erraldoia sortzeko. 1986an istripua izandako erreaktorearen hondakin nuklearrak daude ibai hondoan eta, ingurumen adituen ustez, ingurua gehiago kutsatzeko arriskua egon... [+]


Txernobylgo sutea kontrolpean dutela dio Ukrainako Gobernuak; gezurretan ari dela diote ekologistek

Hamar egun pasa dituzte Txernobyl inguruko 20.000 hektareak sutan. Apirilaren 4an piztu zen sua Txernobylgo esklusio eremuan, eta haizeak zentraletik 1,5 kilometrora hurbildu zuen. Erradioaktibitate tasa normala baino hamasei aldiz altuagoa izatea bultzatu zuen suteak. Orain,... [+]


Txernobylgo zentral nuklearraz 1,5 kilometrora dira sute kontrolaezinak

Apirilaren 4an pizturiko suteak ezin kontrolatuz dabiltza suhiltzaileak eta 20.000 hektarea baino gehiago dira suntsiturik. Erradioaktibitateak gora egin du, normala baino hamasei aldiz altuagoa da erradioaktibitate tasa. Greenpeacek jakinarazi duenez, zentral nuklearretik 1,5... [+]


2020-04-08 | ARGIA
Txernobylgo zentraletik hurbil gertatutako suteagatik erradiazioa asko handitu da zonaldean

Ukrainan, Txernobylgo zentral nuklearretik 50 bat kilometrora dagoen baso batean gertatutako suteagatik, erradiazioa 16 bider handitu da zonaldean. Lurrean zeuden partikula kutsatzaileak aireratzen ari dira sugarrak.


Zer ikasi dugu Harrisburgen eztandaren ondoren?

Three Mile Island zentraleko istripu nuklearraren 38. urteurrena bete da, AEBetako historiako larriena, eta munduko hirugarrena. Zentralak ihes bat izan zuen eta substantzia erradioaktiboz betetako burbuila bat zabaldu zen zentraletik kanpo. Harrisburgen irakaspena, baina, ez... [+]


Alexei Yablokov hil da, Txernobylen egia estalia harrotu duen jakintsua

Errusiako ekologismo modernoaren patriarka hil da Moskun urtarrilaren 10ean. Txernobylgo hondamendi nuklearrak Europako jendeen osasunean luzaz eragingo dituen kalteak erakutsi zituen, agintariek eta lobby atomikoak eskainitako analisi partzialak larrutuz. Artiko itsasoan armada... [+]


2016-04-26 | ARGIA
Energia nuklearrari boikota egiteko deia, Txernobylgo istripuaren 30. urteurrenean

"Energia nuklearra deskonektatu" boikot kanpaina abiatu du Ekologistak Martxan taldeak Espainiako Estatuan, Txernobylgo istripua gertatu zenetik 30 urte pasa direnean.


2016-02-26 | Unai Brea
Garoña irekitzekotan Endesa eta Iberdrolarekin kontratua eteteko konpromisoa iragarri dute hainbat eragilek

24 erakundek (alderdi politikoak, sindikatuak, talde ekologistak...) eta bederatzi norbanakok Garoñako berriro irekitzearen aurkako manifestua aurkeztu dute Bilbon egindako ekitaldian. Adierazi dutenez, zentral nuklearra berriro martxan hasiko balitz Iberdrola eta... [+]


Txernobylgo istripuaren urteurrena

Apirilaren 26an 29 urte bete ziren Txernobyleko zentral nuklearra lehertu zenetik. Leherketaren ondorioz material erradioaktibo ugari barreiatu zen munduan zehar. Ukrainan bertan, erradioaktibitatea ez zen uniformeki barreiatu, gune batzuetan asko eta besteetan gutxi... [+]


2013-02-14 | ARGIA
Txernobyleko sarkofagoari eusten zion eraikin bat hondatu da

Ukrainako zentral nuklearraren laugarren erreaktorearen sarkofagoari eusten zion eraikin bateko hormen eta sabaiaren zati bat puskatu egin dira, asteazkenean Pravda egunkariak argitaratu zuenez.


2012-12-03
Alemaniako ehiztariek kalteordaina daukate Txernobylek kutsatutako basurdea ehizatuz gero

Txernobylgo zentral nuklearrak eztanda egin eta 26 urtera, 1.500 kilometro urrunago Alemaniako Bavarian basurdeek zesiuma metatzen dute beren okeletan. Hori dela eta, ehiztari bavariarrek basurde hilak analizatzera eraman behar izaten dituzte gobernuak baimendutako 70 kontrol... [+]


Eguneraketa berriak daude