argia.eus
INPRIMATU
Odolaren hiriburua
Joanes Etxebarria 2016ko apirilaren 14a

Gure hiriburua aipatu dute sekula ez bezala. Nazioarteko hedabideek, frantsesek barne, Maule aipatu dute, eta ohikoa denez, ez luze: krudelkeria, basakeria... Maule odolaren hiriburu bilakatu dute eta joan dira.

Gogoan dut kabala hiltegia berritzea deliberatu zutenean nolako harrotasuna izan zen agintarien aldetik. Eta uler zitekeen, heriotza erdi-tabu izanik ere, eskualdeko ekonomiarentzat tresna garrantzitsua bilakatuko baitzen. Kooperatibentzat eta laborari txikientzat ezinbesteko tresna baita hiltegia. Bai, bederen, xerriak etxean hiltzea debekatzen duen jendarte batean. Gurea haragi-jaleen kultura baita, ideia hori maita ala ez maita.

Hedabide gehienek hain dute sentsazionalista izan behar, hiltegiaren funtzioa bera ez dutela axaletik ere aipatu. Ekoizpenaren azken kate-begiak ez gaitzala itsutu, laborari txikiek bakarrik bermatzen digute kalitatea (hots, torturatuak izan ez diren kabalen haragia erostea). Gainera, nola ikusiko zituzten haiek hainbeste izerdi eta maitasunez hezi zituzten kabalen sufrikario filmatuak?

Haien lanaren heineko hiltegia da Maulek behar duena. Zuzendariak bi langile kanporatuz ez zuen afera konpondu; haien krudelkeria bezain deigarria baitzen eraginkortasunik gabeko tresneria.