argia.eus
INPRIMATU
Alba Villanueva, No Somos Delito
"Egoera ez justuetan, beti atera behar dugu smartphonea eta grabatu"
  • Espainian 2013an Zigor Kodearen erreforma plazaratu zenean sortu zen No Somos Delito plataforma eta ehun taldetik gora biltzen ditu. Zigor Kodea, Herritarren Segurtasunerako Legea eta Segurtasun Pribatuaren Legean egindako erreformak atzera bota nahi ditu.

     

Xabier Letona Biteri @xletona 2016ko apirilaren 14a

Iazko uztailean onartu zenetik, nola ari da eragiten Mozal Legea Espainiako Estatuan?

Ikusi dugu batez ere sare sozialetako iruzkinei eta irudien argitaratzeei eragin diela. Kasu batean Facebooken poliziei “escaqueados” deitzeagatik batek salaketa jaso zuen, eta berdin beste batean polizia bati “colega” deitzeagatik.

Herritarren Segurtasunerako Legea oso modu arbitrarioan baliatzen ari da  polizia, legearen interpretazioa bere esku uzten du. Begirune ezari buruzko artikuluak, adibidez, ez du zehazten zer den begirune falta. Poliziari botere gehiago eman zaio, bere bertsioa salatutako pertsonen iritziaren gainetik dago eta orduan polizia asko bapo ari dira baliatzen hori.

Zergatik bereziki sare sozialetan?

Ikusi dute hor sortzen den biralitatea oso indartsua bilaka daitekeela eta saiatzen ari dira sareko iritzia mugatzen, bereziki poliziari dagokion guztian.

Legea, gainera, oso zabala da.

Bai oso zabala da eta aldi berean oso zehazkabea. Era ireki batean irakurrita ez litzateke zigorrik jarriko. Poliziaren sindikatuek ere aipatu izan dute poliziek ez dutela behar adinako formaziorik legea behar bezala aplikatzeko. Lege batek zehatza izan behar du eta hau guztiz kontrakoa da. Lege honek desagertu egin beharko luke.

"Gomendioa da orain arteko lan moldeari eustea eta ez beldurrik izatea lege honek ekar ditzakeen ondorioei"

Joan den astean Espainiako Kongresuak eskatu zuen bertan behera uztea Mozal Legea. Posible ikusten duzu halakorik?

Prozesu hau zaila da orain, batez ere Gobernua funtziotan dagoenean eta ekimen legegilerik bideratu ezin duenean. Kongresuak ez-legezko proposamena onartu zuen, hau da, lege hau kentzeko eskaera. Oso adi egon behar dugu ikusteko Espainiako Gobernuak zer egiten duen.

Kenduta ere Corcuera Legera itzuliko ginateke, 1992an “atean emandako ostikoaren” lege gisa ezagutu zena.

Hala da bai, ezin esan lege hori begirune handikoa denik giza eskubideak eta oinarrizko eskubideekin. Honen aurka ere jardun beharko dugu. Espazio publikoa inongo lege administratibok ez arautzea litzateke egokiena. Baina egon behar bada, kontsentsu handiz egitea litzateke onena eta, batez ere, gure Konstituzioan jasota agertzen diren oinarrizko eskubideekiko begirune handiz.

Mozal Legearen aurrean zer gomendio egiten diezue kazetari eta gainerako herritarrei?

Gomendioa da orain arteko lan moldeari eustea eta ez beldurrik izatea lege honek ekar ditzakeen ondorioei. Legearen kontrako borrokan jarraitu behar dugu, herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituelako. Izan kazetari edo ez, egoera ez justu baten aurrean, herritarrak beti atera behar du smartphonoa eta grabatu. Poliziaren hainbat parte-hartzeetan, herritarrek egindako grabaketak poliziaren bertsioa gezurtatzeko balio izan dute gero. Isunak etor daitezke, baina horretarako ere gero eta abokatu gehiago daude herri mugimenduetan, hauek bideratzen laguntzeko. Helegite hauek higadura dakarte, baina legezko bideak ere erabili behar ditugu justiziarik ez dakarten legeei aurre egiteko.

Horrez gain, argi utzi nahi dut Herritarren Segurtasunerako Legea ez dela mozal lege bakarra, Zigor Kodea eta Terrorismoaren Aurkako Ituna ere mozal legeak dira. Eta hauek eragina dute baita Segurtasun Pribaturako Legearen Erreforman edo Prozedura Kriminalaren Legean, honek finkatzen duelako nola jartzen den indarrean Zigor Kodearen Erreforma. Herritarren Segurtasunerako Legea bertan behera uzten bada, besteekin ere zerbait egin beharko dute, lotuta daude eta. Oraindik ez dakigu nola kudeatuko den hau guztia.