argia.eus
INPRIMATU
María do Cebreiro Rábade
“Beharrezkoa da maitasunak gure bizitzetan duen lekua berrasmatzea”
  • Alain Badiouren hitzetan, filosofoak behar du izan jakituna, artista, militantea eta, era berean, maitalea. Lau baldintzak betetzen ditu María do Cebreirok. Baina ez da zehatz filosofoa: Literaturaren Teoriako irakaslea Santiago de Compostelako Unibertsitatean, eta poeta. Afektuak pentsamendu kritikoarekin nola giltzatu ari da orain.

Aritz Galarraga 2016ko apirilaren 06a
“Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean: derrigorrezkotzat jotzen den zoriontasunera eraman behar gaituen afektua da?”. Argazkia: Pablo Cayuela
“Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean: derrigorrezkotzat jotzen den zoriontasunera eraman behar gaituen afektua da?”. Argazkia: Pablo Cayuela

Poza, tristura, beldurra, nazka eta haserrea. Horiek dira gizajendearen emozioak. Inside Out filmaren arabera, beti ere.

Pelikula horrek ondo erakusten du entretenimendu korporazio erraldoiek zer gaitasun duten iruditeria konkretu bat barneratzeko giza kontzientzian. Aitortu behar da zientzia fisiko eta esperimentalak oso abilak direla dibulgazio lanean eta lortu dutela aisiaren industriekin ados jartzea. Ziur naiz aipatu filmeko aholkulariek kontuan izan balute literaturak eta arteak mendeetan zehar pertsonen osotasun emozional konplexua deskribatu izan duten modua, afektuak irudikatzeko mekanismoak izango liratekeela erakusten direnak baino sotilagoak.

Sotilago ari dira afektuak merkantzia bihurtzen, hori bai, ezagutza-kapitalismoaren testuinguruan.

Inside Out da hain zuzen bilakaera horren erakusgarri, enpresa munduan eta komunikazio linguistikoarekin lotutako lan egituretan –unibertsitate, hedabide eta abarretan– dagoena. Zehazki, filmak murrizten ditu gure sentitzeko moduak pragmatismo desesperagarri batera. Begira zer egiten duen tristurarekin: justifikatzen du “beharrezkoa” den neurrian. Zer gizarte klase da hau, gurutzatzen gaituzten emozioak funtzional edo disfuntzional gisa sailkatzera gonbidatzen gaituena, plazera edota sentitzeagatik sentitzearen eskubidea bera ukatzen dizkiguna.

Era berean, itzultzen ari dira afektuak ikasketa sozial eta kulturaletara, “biraketa afektibo” bat ematen ari da.

Zalantzarik gabe, baina pentsamendu kritikoaren ikuspuntutik garrantzitsua da biraketa horren aurrean adi egotea. Ia dena ustiatze bidean jarri den mundu batean, ematen du intimitatea dela gainditzeko dagoen azken muga. Eta ez dugu ahaztu behar jakintza akademikoak ere bizi direla egun, neurri handi batean, merkatu eta ekonomia logiken eraginpean.

Roland Barthesek esan zuen: “Amodioaz ez dago zientziarik”.

Uste dut Barthesek aurre hartu ziola maitasunaren merkaturatzeari, esan zuenean maitasunaz hitz egiteko beharrezkoa dela, nolabait, maitasunarekin nahastea, maitemindutako diskurtso bat sortzea. Hor ikusten da gardentasun eta zintzotasun ariketa bat, gero eta urriagoak diren balore batzuk, sarerik gabe hitz egitea. Eta hitz egiteko posizio hori, bestea entzuteko posizioa ere bada.  

Antonio Negrik indar subertsibotzat du maitasuna.

Maitasuna izango litzateke pasio aktibo bat, pertsonak bultzatzen dituelako egitera eta partekatzera. Zentzu horretan, maitasunak gainditzen du gizabanakoaren nozioa, baina baita bikotearena ere, bikotea ulertzen badugu indibiduoen gehitze soil gisa. Maitasunak komunitatea sortzeko duen gaitasuna defendatzen du Negrik.

Nymphomaniac filmean, Joe pertsonaia maitasunaren kontra oldartzen da, “maitasunarekin obsesionatuta dagoen gizarte” baten aurka.

Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean: derrigorrezkotzat jotzen den zoriontasunera eraman behar gaituen afektua da? Maitasuna badugu “bikote maitasun” hustzat –orokorrean heteronormatiboa– erraza da pertsonaiaren esaldiarekin bat etortzea. Hala ere, esango nuke maitasunaren diskurtsoa erabat dela bakartia, murrizten baita San Balentin egun edo antzekoen logika komertzialera, edo bikote –heterosexual nahiz homosexual– egonkorraren inguruko makineriara.

Bizitza afektiboaren birtualizazio teknologikoa dago, gero.

Eva Illouz soziologoak dio: ematen du helburua dela kapitalismo aurreratuak bere eskumenetik kanpo duen azken gotorlekua kontrolatzea, pertsonen intimitatea. Eta nahiko asaldatzailea da pentsatzea kapitalismoak nola bilakatzen duen negozio milioika lagunen –potentzialki, gu guztion– bakardadea edo desamodioa. Jendearen asegabetasuna kontsumo instantzia berdinek sorrarazia eta esplotatua da.

Marina Garcések ohartarazten gaitu maitasun erromantikoa esaten zaion horren deabruztatzeaz.

Maitasun erromantikoa a priori maitasun txarra dela onartzea zentzugabekeria iruditzen zait. Psikologo eta hezitzaileek dute egun maitasuna zer den eta zer ez den erabakitzeko monopolioa. Baina berdin da zentzugabekeria gure maitasun jarrera zuzendu behar duena kalkulua dela esatea –interes ekonomikoa duten harremanen proiekzio disimulurik gabea, harreman pertsonaletan–.

“Maitasuna berrasmatzeko dago”, esan zuen Arthur Rimbaudek.

Judith Revel filosofoak etengabe dio esperimentazioa politikaren eremura eraman behar dela, ez bakarrik estetikarenera. Eta ideia horretatik abiatuta, gehituko nuke gure sentitzeko eta harremanak izateko modua kontrolatzearekin obsesionatutako mundu batean, gero eta beharrezkoagoa dela egunero berrasmatzea maitasunak gure bizitzetan duen lekua; bere efektuak murriztu ordez, zabalduz irismena.