argia.eus
INPRIMATU
Blanca Estrella Ruiz Ungo
“Emakumeek ez dute bizia arriskatu behar norbaitek bortxatzen dituenean”
  • Hankak  “ongi itxi” al zituen galdetu zion Gasteizko epaile batek sexu erasoa salatzera joan zen emakumeari; eta ez da kontu isolatua. Salaketa jarri eta ondorengo prozesu judiziala bortitza izan ohi da. Hala uste du Blanca Estrella Ruiz Ungok, Clara Campoamor elkarteko zuzendariak. Beraiek izan dira hain zuzen ere gertatutakoa salatu dutenak. Ruizek argi ditu gauzak Gasteizen jazotakoaz, prozesu judizialez eta horrek sortutako kalteez.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2016ko apirilaren 06a
Argazkia: Marisol Ramirez/Argazki Press

Justizia inpartziala omen da.

Legeari ez zaio ezer falta, justizia soilik.

Hankak ez zituela “ongi itxi” leporatu zion epaileak. Ezetz esatea ez al da nahikoa?

Ezetza, ezetza da. Biktimak ez du zertan bere bizitza arriskuan jarri. Kontatu behar duena da ezetz esan zuela, eta ezezagun batek, edo berarekin garagardo bat hartzen egon zen lagun batek bortxatu egin zuela. Gasteizko epaileak hankak ondo itxi al zituen galdetzeak ezetza ezetza dela dioen teoria pikutara bidaltzen du. Hobeto ulertzeko “igogailuko bortxatzailearen” adibidea jartzen dut beti: kartzelatik askatu zuten zigorra bete aurretik, eta irtendakoan Valladoliden 54 emakume bortxatu zituen eta 11 Salamancan; eta bi hil zituen. “Nahi baduzu hil egingo zaitut”, “aurre egiten badidazu hil egingo zaitut” bezalako esaldiak esaten zizkien emakumeei; hala kontatu zidaten haien familiakoek. Denek entzun zituzten esaldi horiek eta denak bortxatu zituen, baina gainerakoak behintzat bizirik daude.

“Epaile gizon bati ez litzaioke burutik pasako halako adierazpenak egitea, badakielako jan egingo luketela, ez beste ezerengatik”

Erresistentzia edo biziraupena.

Defendatu zirenak heroiak izan ziren, baina haien gurasoek ez zituzten heroiak nahi, alabak bizirik nahi zituzten. Emakumeek ez dute bizia arriskuan jarri behar norbaitek bortxatzen dituenean, ezetz esatea nahikoa behar luke izan. Eta horregatik, halako esaldiek argi erakusten dute sentsibilitaterik eta formakuntzarik eza. Ez dakite zer den bortxatua izatea. Zerbait jakingo balute ez litzaieke inoiz burutik pasako halako galderarik egitea.

Emakumezkoa zen epailea.

Lehengo batean galdetu zidaten ea gizonezkoa balitz halako adierazpenik egingo lukeen, eta argi erantzun nien ezetz. Epaile gizon bati ez litzaioke burutik pasako halako adierazpenak egitea, badakielako jan egingo luketela, ez beste ezerengatik. Emakume batek egin ditu adierazpenok, eta geuk bakarrik altxatu dugu ahotsa.

Bortxaketak justifikatzeko maiz erabili izan dira aitzakiak, hala nola, emakumearen janzkera. Baina antzeko justifikazioak epaile baten ahotan esanguratsuak dira.

Gogoan dut Katalunian “Kataluniako minigona” deituriko kasu bat egon zela, zeinetan emakumeak gonamotza jantzita izateak epaiketa baldintzatu zuen. Beste kasu bat Murtzian. Epaileak ez zuen erasotzailea zigortu, bortxaketaren aurretik biktima erasotzailearekin taberna batean muxuak ematen ikusi zutelako. Zentzurik gabeko bi epaiketa izan ziren; eta horregatik hasi genuen “ezetza, ezetza da” kanpaina, gerora instituzioek ere erabili dutena.

Prozesu judiziala bigarren bortizkeria aldia izan daiteke?

Bai. Errudun sentiarazten zaituzte, galdera gutxi eta kontu eta sentsibilitate handiz egin beharrean, galdera bat bestearen atzetik egiten dizute. Onartezina da, izan ere, badaukagu biktimaren estatutua zeinetan argi azaltzen den harekiko izan behar den jarrera, bereziki tratu txarretan eta bortxaketetan. Clara Campoamor elkarteak Gasteizko salaketan jarri du bertako paragrafo bat.

Galdeketak aipatu dituzu.

Itaunketa erasotzaileari egin behar zaio, ez biktimari. Gertatutako guztia azaltzen du biktimak salaketa jartzerakoan, hortik aurrera galderak erasotzaileari egin behar zaizkio. Bukaeran, agian epaileak zalantzak izan ditzake, eta orduan, gertatutakoa egiaztatze aldera, biktimari galdera bakan batzuk egitea ez zait gaizki iruditzen. Baina erasotzailea galdekatu ondoren, eta noski, sumarioa irakurri eta gero. Izan ere, nik uste Gasteizko epaile honek ez zuela salaketa irakurri ere egin.

Salaketarekin hasi besterik ez da egiten, beraz, prozesua.

Gasteizko Udaltzaingoan jarri zuen salaketa, gertatutakoa zehatz-mehatz kontatu zuen, behin eta berriz. Goizeko 11:00etan eman zioten hitzordua epaitegian eta arratsaldeko 16:00etan hartu zuten. Ordu horietan leihorik gabeko gela itxi batean egon zen bera bakarrik, eta eskerrak, gutxienez, gela batean itxaron zuen, ez baita beti hala izaten. Batzuetan korridoreetan lagatzen zaituzte eta erasotzailea eta haren gertukoak pasatzen ikusi behar dituzu behin eta berriz.

“Uste dut fiskalek berebiziko garrantzia dutela bortxaketa kasuetan eta ez direla euren lana ondo egiten ari. Fiskaltzak zuzenbide estatua ordezkatzen du, eta beraz, biktima”

Eta azkenik epaiketa.

Bai. Eta gainera, hankak itxita eduki al zenituen entzun behar. Onartezina da, eta hori gutxi balitz ez zioten urruntze agindurik eman. Zertarako balio izan zuen orduan prozesu guztiak? Biktimari bermeak eman behar zaizkio, eta gisa honetako epaiketekin ezinezkoa da bermeak ziurtatzea.

Badirudi justiziak lupa erasotuarengan jartzen duela, eta ez erasotzailearengan.

Lehen aipatu bezala, behin eta berriz egiten zaizkio galderak biktimari. Erasotzailearen abokatuak bere hitza zalantzan jarri nahi du, eta hori gutxi balitz, sarri, epaileak ere paper bera jokatzen du. Emakume batek erasoa udaltzaingoan salatzen badu, elkarte bati laguntza eskatzen badio, epaiketara joaten bada, egun guztia epaitegian pasatzen badu, erasotua izan dela frogatzeko beharrezko galdera guztiak erantzun baditu, nola liteke epaileak gisa horretara erantzutea? Ez dakit zein formakuntza jasoko zuen, baina tamalgarria da.

Formakuntza aipatu duzu. Zein dira epaileen gabeziak?

Bi gako nagusi daude: formakuntza eta hautaketa prozesua. Horrelako prozesuetan parte hartzen duten profesionalentzat ezinbestekoa izan beharko litzateke gaiarekiko kezka izatea, eta noski, beharrezko formakuntza jasotzea. Bestalde, uste dut fiskalek berebiziko garrantzia dutela halako kasuetan eta ez direla euren lana ondo egiten ari.  Fiskaltzak zuzenbide estatua ordezkatzen du, eta beraz, biktima. Baina EAEn behintzat ez dute behar bezala errepresentatzen. Bera da erasotua babesteko neurriak eskatu behar dituena –urruntze aginduak, zigorrak…– eta biktimak ez du hori zertan jakin; biktimak gertatutakoa kontatu behar du, besterik ez.  Horren adibide da Saholin monjearekin gertatu zena, bi emakume hiltzeagatik kondenatu zuten, baina bost edo sei emakume modu basatian erasotzeagatik ez zuen zigorrik jaso, eta hori fiskaltzaren errua izan zen.

"11 eraso 12 erantzun" manifestazioa apirilaren 9an

Gasteizen izango da manifestazio nazionala. Mugimendu feminista irailaz geroztik ari da prestatzen manifestazioaz gain egun osoko egitaraua. Mugimenduak baditu gutxienez lau arrazoi indarkeria matxistaren aurkako manifestazio nazionala prestatzeko, Zuriñe Rodriguez antolaketa taldekoak adierazi digunez.

Lehenik eta behin, 2015eko uda gogorra izan zen Euskal Herrian. Jai giroan, eta giro horretan ez zela ere, erasoak izan ziren.

Bigarrenik, mugimendu feministak indarkeriaren inguruko eztabaida soziala egiteko premia sentitzen du, indarkeria zer den hitz egiteko guneak eta garaiak aurkitzea. Jendartean ohikoa da pentsatzea emakumeen aurkako indarkeria hilketak, bortxaketak eta kolpeak direla. Indarkeriak molde asko ditu, eta horiek ezagutarazi nahi ditu mugimendu feministak.

Hirugarrenik, Rodriguezen ustez, mugimendu feminista kriminalizatzen da eraso bakoitzari erantzuten dion bakoitzean, “beti gaude jomugan”. Erasoei emandako erantzunez eztabaida sortzeko beharra sentitzen du mugimenduak, erantzuteko mila modu daudela azpimarratu nahi du, eta modu horiek gainera gaur egun erabili egiten direla. Denak dira zilegi, “eta erantzun bakoitzarekin patriarkatua ahultzen dugu”.

Bada laugarren arrazoi bat apirilaren 9an manifestazioa antolatzeko. Mugimendu feminista indartsu dago, “Gallardonen Abortuaren Legearena eta gero herri txiki, ertain eta handietan talde feministak lanean ari dira. Garai ona da, indartsu gaude eta indarkeriaren gaian aktore garrantzitsuak gara”.