argia.eus
INPRIMATU
Azadia izotzetan
Jakoba Errekondo 2016ko apirilaren 06a
Ahosabairik duen edonork badaki: izotzak pasatako aza gozoagoa da. Jakoba Errekondo
Ahosabairik duen edonork badaki: izotzak pasatako aza gozoagoa da. Jakoba Errekondo

Kataluniako Puigcerdá herria mendian da, Pirinioetan, 1.200 metroko altueran; negu gogorren bizitokia. Hemen klima zakarragoa bizi genuen garaiak gogora ekartzen ditu hangoak.  

Ehunka urtean aza (Brassica oleracea) jan dute han, gure moduan. Toki hotzetako hotz gorrienetan ere ederki irauten du baratzean. Endemas, hotzak hobetu egiten du. Ahosabairik duen edonork badaki: izotzak pasatako aza gozoagoa da; alde ederrekoa! Ahosabaia ahozeru bihurtzen du.

Azak bezala, ez zuhaitz ez zuhaixka ez den landare ugarik loratzekotan, hotzaldi eder bat igaro behar du. Hotz horrek tontortzea, garatzea, burutzea, hozitzea eragingo dio. Hotzaren akuilukada hori gabe, jai du azaren loreak.

Uztarri berean, hotzarenean, lotu ote daiteke azaren pare hau: gozatu egiten du eta loratzera kilikatu. Hotzaren hedeak harrapatu duen azak badaki: loratzera jarri behar da, dituenak eta ez dituenak eman beharko ditu bere kasta betikotuko duten haziak sortzeko. Bukaera hastera doa. Bereak egin eta bere buruaz beste aza batzuk izango direnak egingo du. Bizi osoan bildu dituen gordailuak horretara bideratuko ditu: zuztar gizenean eta buru handi kobatuan pilatutako jakiak dantzan jarriko ditu. Jaki horiek kimua piztuko dute: lorearen gara abiatuko da hosto artean gora; burua badu, era ikusgarrian lehertu eta zeharkatuko du.

Aza-gara elikatuko duen jaki-salda hori erreserbetako almidoitik dator. Almidoi horixe da izotzaldiak azukre bihurtzen duena. Azukreak dakar lorea. Azukreak ahozerutzen du ahosabaia. Azukrearen uztarriak bukatzen du azarena.

Ederki dakite Puigcerdán. Otsail amaiera aldera, urtero ospatzen dute azaren gorazarre jaia: Festa del Trinxat, aza jana. Bereziki hazten duten bertako aza aldaera bat, izotzak ondu ondoren, jaia. Bejondeiela!