Jerusalem, 33ko apirilaren 3a. Sir Colin J. Humphreys Cambridgeko Unibertsitateko fisikako katedradunaren arabera, Jesus Nazaretekoa ostiral goiz hartan gurutziltzatu zuten. Graeme Waddington Oxfordeko astrofisikoaren laguntzaz lortu zuen data zehatza, 1980ko hamarkadan abiatutako ikerlanaren ondorioz. Adituek bestelako data batzuk ere iradoki izan dituzte, 30. urteko apirilaren 7a, esaterako, Herodes Handia K.a. 4. urtean hil zela eta, beraz, Jesukristo “bere” aroa hasi baino 4-6 urte lehenago jaio zela argudiatuz.
Baina Humphreysen asmo nagusia ez zen izan urtea zehaztea, asteko eguna baizik. The Mistery of the Last Supper (2011) lanean Jesusen bizitzako azken egunak berraztertu zituen eta, ezarritako data zehatzean oinarrituta, ondorio logiko hau atera zuen: ez da posible Bibliak jasotzen dituen gertakizun guztiak Ostegun Santuko afalondotik hasi eta ostiral goiza bitarteko ordu eskasetan jazotzea. Gogora dezagun Azken Afariaren ostean, Jesus atxilotu eta galdekatu zutela, Pontzio Pilatosek eta Herodesek bi epaiketa bereizi egin zizkiotela eta epaia gauzatu baino lehen Kalbario mendiko bidea egin behar izan zuela. Gainera, gertakizun horiek Jerusalemgo hainbat tokitan gertatu ziren, eta horrek gertakizunen sekuentzia areago estutzen du. Ondorioz, eta beti ere Cambridgeko fisikariaren arabera, Azken Afaria apirilaren 1eko iluntzean egin zuten. Asteazkenean, beraz.
Ebanjelioak ere ez datoz bat otordu ezagunaren datan. Mateo, Markos eta Lukasek diote Pazkoko afaria izan zela, eta Joanen ebanjelioan, aldiz, Pazko juduaren aurretik izan zela esaten da. Humphreysek ez du hor kontraesanik ikusten; haren iritziz, egutegi desberdinen erabileran dago gakoa. Lehen hirurek ez dute esaten ostegunez izan zela, eta Moisesen garaiko egutegi zaharrago bati egiten omen diote erreferentzia Pazkoa aipatzean. Joanek, aldiz, indarrean zen ilargi egutegia erabili omen zuen.
Beraz, Colin Humphreys zuzen badago, egun bat lehenago hartu beharko genituzke oporrak eta Azken Afariari Azkenaurreko Afaria esan beharko genioke, baldin eta biharamun gorabeheratsu hartan protagonistaren batek afaltzeko astia izan bazuen.