argia.eus
INPRIMATU
Ornitologiaz
Edu Zelaieta Anta 2016ko martxoaren 22a

Arabako Natur Institutuko kide den Briani aditu diot datua: hegazti migratzaileen %80 hiltzen dira bidaian; %20k bakarrik lortzen du udaberria berriz ikustea. Urtero egiten dute bidaia hegazti horiek, bizitzeko giro goxoago baten beharrez, eta heriotza topatzen dute gehienek. Migratzea bizirik irauteko estrategia bada ere, oso garesti ordaintzen dute neguaz bestaldeko pasaportea: hamarretik zortzi gelditzen dira bidean.

Datu zehatzik eskaini gabe, antzeko mezua eman nahi izan bide die Donald Tusk-ek Europaz kanpoko migratzaileei: “Do not come to Europe”. Ez genekien –neuk behinik behin ez nekien– zoologiaz eta, are gutxiago, ornitologiaz jantzia zenik Europako Kontseiluko presidentea. Ez arriskatzeko sosak eta bizia aholkatu baitu, kasik tonu neutro batez agintzeraino. Ez egiteko alferreko saiakerarik: “It is all for nothing”.

Ezagutzen genuen euskaldunok, Mikel Laboaren ahotsean bereziki, Joseba Sarrionandiaren hegazti errarien paradoxa, leihoan pausaturik, argia eta itzala bereizten diren lekuan. Argia eta itzala pausatu dira Europak espres jarritako hesian, errefuxiatuak eta migratzaile ekonomikoak bereizten diren lekuan.