argia.eus
INPRIMATU
Lan istripuak prebenitu
Juan Mari Arregi 2016ko martxoaren 21a

Bi langilek bizia galdu zuten martxoaren 1ean Ondarroako portuko Santa Clara Kofradiaren fabrikan izandako lan istripuan. Konpresore baten hutsegiteak amoniako ihesa eragin zuen, izotza sortzeko gai funtsezkoa. Sindikatuek eta eragile politikoek berehalakoan eskatu zuten istripuaren arrazoiak argitzea. Sindikatuek patronala salatu dute, haien esanetan lan segurtasuna ez delako lehentasun bat enpresarientzat, eta ondorioz, ez dituzte beharrezko inbertsio ekonomikoak egiten. Lan istripu hilgarri bat gertatzen den bakoitzean ohikoak diren manifestazio eta kontzentrazioak ere egin zituzten.

Patronalarena eta instituzioena den erantzukizunaz gain, badaude ardura batzuk sindikatuek eta enpresa komiteek beren gain hartu behar dituztenak eta ahaztu ezin ditugunak. Lan istripu asko eragotzi daitezke prebentzio politika irmoa eskatzeko jarrera etengabearekin. Ondarroako kasuan, hainbat herritarrek ahotsa altxa dute esanez lehenago ere egon izan direla amoniako ihesak. Egun batzuk lehenago, bizilagunen arabera, “amoniako usaina zegoen fabrikaren aurretik igarotzean”. Enpresa, udal eta administrazioez gain, sindikatuek eta enpresa batzordeak zer egin dute lehenago izandako amoniako ihesen aurrean? Ez bazitzaien kasurik egin, zergatik ez ziren mobilizatu eta produkzioa geldiarazi?

Lan istripu hilgarri bakoitzaren atzean hipokresia itxura har dezake sindikatuak eta enpresa komiteak pankarta atzean ikusteak patronala eta instituzioak salatzen, lan segurtasun falta eta inbertsio nahiz kontrol eza dela-eta. Ez gutxitan, gehiago egin dezakete heriotzak eragiten dituen lakra laboral horren kontra; adibidez, horien prebentzioan azkeneraino konprometitzea.