"Ez diot inolako beldurrik kantu bat egitera itsu-itsuan abiatzeari"

  • “Hemen nago”. Besoa altxata dauka Iban Urizarrek. Martxoko asteazken busti bat da Elgoibarko autobus geltokian, ilundu du, eta haren aterkipean egin dugu tabernarainoko bidea. “Bi kaña, mesedez”. Egun astuna eduki du, ez da aise ohituko promozio lanek eskatzen duten esfortzura. Bizitza osoa musika zirkuitu minoritarioetan igaro duenarentzat nekagarriak dira egun hemen proiektu pertsonal bati ekiteko dauden joko arauak, derrigortzen zaituztenak etengabe zeure burua plazaratzera, etengabe besoa altxatzera: “Hemen nago”.

Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Egia da Amoranterekin alderantzizko ibilbidea egin duela: oraintsu argitaratu du lehen lana –bost kantuz osatutako soinu postalak–, nahiz eta pare bat urte badiren zuzenekoetan hasi zela. Harrerarekin “flipatuta” dagoen arren, tentuz begiratzen dio uneari. “Hype kulturan bizi gara. Edonoiz bihur zaitezke artista efimero. Amorante elikatzeari uzten badiot, ziur asko inor ez da nitaz gogoratuko bi hilabete barru”. Barruak eskatzen diona egiten ari da, olatua aprobetxatuz proiektua baldintza duinetan erakusteko, areto txukunetan joz, gustuko kartelkideekin. “Mugitu izan naizen orbitak laguntzen dit oihartzun hau edukitzen. Ibilbiderik gabe ez nintzateke nagoen tokian egongo”.

Curriculum konpletoa dauka: garagardo basoa hustu dugu haren ibilbide osoa errepasatzerako. Klase guztietako plazak zapaldu ditu Urizarrek: ezkontzetako duo bat zeukan aitak, eta tokatu izan zaio han ordezkapenak egitea; Elgoibarko Zokoan taldeko tronpetista izan zen; Kataluniako Huapachà Combo berbena taldearekin plazaz plaza ibili zen Bartzelonan etnomusikologiako masterra egin bitartean; Bizarra bikotean inprobisazio askean aritu zen Mikel Etxegarairekin batera; jo zuen Café Teatron eta Mengele Quarteten; Rafa Ruedaren taldeko partaide izan zen; Joseba Tapiarekin aritu zen, eta izan da, berriki, Joseba Irazoki eta Lagunak-eko parte ere. Beti bigarren lerroan. Herriko musika bandako kide da duela ia 30 urtetatik. “Bandan aritzeak asko hezten du bat. Zure eginbeharra denean 50 laguneko engranajean hortz bat gehiago izatea, ego guztiak alde egiten dizu”. Andrakan-en egin zuen aurrenekoz talde buru lana, eta ondoren etorri zen Amorante: ahotsarekin zituen konplexuak gainditzeko terapia modura hasitakoa, bere mundu pertsonalaren erakusleiho bihurtu du apurka.

Ikonoen eragina

Tabernatik irten gara ogitarteko bat urdaileratzeko toki baten bila. Pauso azkarrez gurutzatu dugu herriko plaza, orain astebete Arnaldo Otegiri ongi etorria egin zioten toki berbera. Hutsik dago: ez tranpaldorik, ez ikurrinarik, ez txalapartarik. Ez baflerik eta ez musikaririk. Aipatu diot badela egunotan taberna zuloetan dezente aipatzen den gai bat: ekitaldi politiko orotarikoetan musikariek –artistek, oro har– betetzen duten funtzioa. Urizarri ez omen zaio sekula gustatu musika aldarrikapenetarako erabiltzea, nahiz eta errespetatzen duen hori egiten duena. Bazter hauetan ez ote dugun oraindik artista konprometituaren eskema oso sinplista, galdetu diot, mikrofonoari aise heltzen diona belarrizuloetatik leun eta gozo sartzen diren lau aldarrikapen botatzeko, horrek giro jakin batean estatus bat bermatuko diola jakitun, gainera. Baiezkoan dago. “Herri honetan horrelako eskemekin hartu dira erabaki asko. Egunerokoan euskaraz funtzionatzen ez dutenek erabaki izan dute apropos euskarazko talde bat sortzea, jakinda horrek lagunduko ziela norbait izaten musika panoraman. Hori, artistikoki, iruzurra da”.

Epelera egin dugu berriz ere, euskal musika panorama hizpide dugun bitartean. Bigarren taberna batean sartu, eta ogitartekoen kartari erreparatu dio Urizarrek. Reggaeton erritmoak entzuten dira bozgorailuetatik –duela zazpi hilabete zeruak eta lurrak astindu ziren, mezu sexisten aurkako neurri gisara udalak musika estilo hori herriko tabernetatik kentzeko kanpaina abiatu zuela zabaldu zenean–. “Hirugarrena izugarri ona dago”. Garbantzu xehatuak, berenjena eta tomatearekin. “Belar-jalea?”. Ezetz, baina ia-ia. Urdaiazpikoak zoratzen omen du. Urdaiazpiko onak, noski. Leiho alboko mahaian eseri gara, eta grabagailua piztu dut berriro. “Teoria bat daukat: herri honetan ikono batzuk sortu dira, eta markatzen dute garai bakoitzean zerk molatzen duen eta zerk ez. Gertatzen da, ordea, badirela musikari batzuk ikono horietatik kanpo kokatzen direnak eta ez daukatenak halako presentzia mediatikorik”. Eskema horretan bere burua non kokatzen duen galdetu diot. Irribarrez erantzun du: “Agian coolen aldera erori naiz, baina lasai nago, badakidalako egiten dudana zintzotasunez egiten dudala”.

Errorearen estetika

Bere input guztiak hartu, batidora batekin nahastu eta emaitza entzuleei bere horretan eskaintzen die Amorantek, Urizarren ustez. “Amoranteri jaten ematen diot nire motxilako gauza guztiekin. Saski-naski bat egiteko arriskua neukan, elkarren artean zerikusirik ez zuten kantu sorta osa nezakeen. Zorionez, uste dut denek badutela lotura. Lotura hori da nire ekarpena”. Mahai gaineko mugikorrak dar-dar egin dio. Mezu berri bat. Euskal idazle ezagun batek idatzi dio, galdetuz ea non eros dezakeen bere diskoa, Elkar megadendetan ez duela aurkitu eta. Agortuta dagoela, dio barrez Urizarrek. 82 ale atera ditu eta ez dauka gehiago argitaratzeko asmorik. “Nahi duenak sarean dauka entzungai”.

Izatez, argitaratu duena ez da disko bat, soinu postalak baizik, Alaitz Alberdik eta Joseba Agirrezabalagak marraztuak. Postal bakoitzak kode bat dauka, kantua Bandcamp gunetik deskargatzeko aukera ematen duena. Sorta guztia Josune Galartzak barazki paperez egindako sobre batean gordeta dago, Rafa Rodrigok origamiz sortua. Koherentziagatik hautatu du bide hori, urtetan pilatutako CDak logelan dauzkalako hautsa hartzen –“diskoa, kontzeptu gisara, hilda dago niretzat”–. Nahiz eta disko bat egiten duen musikariak aitortza merezi duen, ez dator bat lege orokorrez norbere lana modu horretan plazaratu beharrarekin. Urizarrek formatu digitalean entzun ohi du musika. Askotan, entzungailuekin, norabait pasieran joan behar duenean.  “Ikasleei esaten diet kontuz ibiltzeko entzungailuekin, baina neroni naiz adibiderik txarrena”.

Aipatu diot kuriosoa dela nola inprobisazio askean ibili ondoren bat-batean jauzi egin duen herri musikako kodeetara. Iruditzen zaio, ordea, mundu esperimental horretatik asko duela Amorantek, kantuak sortzeko moduan, adibidez. “Ez diot inolako beldurrik kantu bat egiterakoan itsu-itsuan abiatzeari. Gai naiz horretarako, urte askoan landu izan dudalako. Badago asko gustatzen zaidan kontzeptu bat: errorearen estetika. 90eko hamarkada amaierako elektronika talde batzuk hasi ziren errore digitalak aprobetxatzen sormenerako. Saiatzen naiz bide hori hartzen entseguetan eta kontzertuetan, hanka sartzean gelditu beharrean, akatsetik tiraka hasi eta bestela iritsiko ez nintzatekeen toki batera iristen. Hori da interesgarriena: nora iritsi naizen baino helmugara iristeko ze bide egin dudan. Arriskatzea gustatzen zait, eta uste dut zintzotasuna ematen diola horrek Amoranteri”. Entzun behar izaten du, ea ze apustu klase den berea, ea flamenkoa euskaraz egiten ote duen, eta halakoetan irmo erantzuten du ezetz, Amorante ez dela iruzurra, ez duela ezer euskaraz kopiatuko gero horrek arrakasta ekarriko diolakoan, ez direla onak erabaki premeditatuak proposamen artistikoetan.

Komuneko bizipenak

Afaria amaitu eta kalera irten gara. Tanta lodi batzuk erortzen hasi bezain pronto ohartu da aterkia tabernan ahaztu duela. Buelta ostera. Mugitu beharrean gara, berandutzen ari du eta entsegu lokala bisitatzea falta zaigu oraindik. Bi egunean behin joaten da hara, afalostean, haurrak lotaratu eta gero. Inori enbarazu egin gabe lasai jotzeko moduko tokia topatu du. Cortaberria pentsuak jartzen duen lokalaren alboan dago lehen suhiltzaileen egoitza zena eta egun Elgoibarko Udal Bandarena dena. Atetik sartuta ikusten dira bandako perkusio instrumentuak eta eserleku mordo bat, bakoitzak parean kartel bat duela: “saxofoia”, “elikoia”, “tronpeta”. Aretoa zeharkatuta iristen da komunera, Amorantek entseatzen duen tokira. Han zabaltzen du alfonbra bi egunetik behin, han errepikatzen du beti desberdin ateratzen zaion errituala, pixa tokia eta dutxa izkinetik begira dituela, kantu eta kantu artean pareko konketatik ur tragoska bat edanez.

Aire beroa piztu du. Atera ditu banan-bana alfonbra gainera looperra, autotunea, tronpeta, armoniuma, gitarra, ukelelea, kalinba, atrila –hitzak gogoratzea kostatzen omen zaio– eta bestelako tresna batzuk. Albo batera eseri naiz. Sei kantu jotzeko astia eman dio: Oiloarena hasteko, ukelelea eskuan, ohi baino pausatuago; Zugana Manuela bigarren, “harri astun bat ez bilakatzeko” kantuaren remix berri bat eginez; Bruegel deitu dion pieza berri bat gero –Pieter Bruegel pintorearen omenez– Jose Mari Ondartza osabaren hitzekin ondua; Kanibalaren Kanta bertsionatu du segidan, tribu afrikar baten erritmo kolpean, “Tapia jainkoa da” dioelarik; Otoi jo du gero, Txori Erresiñula Zuberoako kantu tradizionalarekin nahasita; azkena, berriz, diskoko ederrenetariko bat, Dogma, eskuko irrati txiki baten zarata lagun. Musika tresnak kaxetan sartzera doala irratiarena aipatu diot, nola aldi bakoitzean kantu desberdin bat jotzera derrigortzen duen tresna horrek. Orduan egin du: lurrean makurtu, irrati kate bat sintonizatu, eta pedalekin jolasteari ekin dio. Irratiko esatariaren esaldi bat geratu da looperrean biraka, txit poetikoa, inondik ere: “ametsak hurbilago sentituz”. Bada aski abiapuntu, han abiatu baita “itsu-itsuan”, nora doan jakin gabe, inprobisazio betean. Ahots kapak sartu ditu aurrena, oinarri armoniko sendo bat osatuz, eta haren gainean momentuan bururatutako hitzak bota ditu, bizpahiru minutu iraun duen ariketa arriskatuan. Izan zitekeen besterik gabekoa, asmo hutsean gelditutako saiakera. Edo har nezake pixka bat esajeratzeko lizentzia, kronika goitik amaitzeko. Baina zinez diot dotore askoa gelditu zaiola.

Fini entsegua. Urizar trasteak jasotzen ari delarik, bainugelako alfonbra gaineko kable, mikrofono, eta bestelako tramankuluek osatzen duten kaosari begira, ausazko burutazioak datozkit errenkadan, esaterako, musika kritikan ez ote den sonoritatean pisu gehiegi jartzen, eta kantu bat epaitzerakoan ez ote diren funtsezkoagoak beste aldagai batzuk, abestia ze testuingurutan sortu den, musikariak ze bide egin duen horra iristeko, bilaketa hori zintzoa izan ote den...  Finean, instantea dela kantua, baina ganorazko kritika batek instantearen atzean dagoena azaleratu behar duela. Deus berririk ez ozonopean, baina martxoko asteazken busti baterako, zer nahi duzue ba.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-11-22 | Iker Barandiaran
Burmuinen borborra ezin eutsi

Deus
Kaskezur
Usopop, 2024

-----------------------------------------------------

Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


Kronika: Artea eta politika
Hoberena etortzeko dago-eta

Oasi bat hiri erdian

Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.

---------------------------------------------

Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]


Don Pasquale garaikidea pizza artean

Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]


Euskal musika eszena: zer da, baldin bada?

Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]


2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran musikariak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Saria

Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-11-01 | Hala Bedi
Gorka Erostarbe (Badok)
“Edukiak gorantz egin du eta sorkuntza aldetik une polita bizitzen ari da euskal musika”

Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]


2024-10-31 | Iker Barandiaran
Izan ginelako… landuko dugu!

Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024

------------------------------------------

Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]


Eguneraketa berriak daude