argia.eus
INPRIMATU
Bururik gabe
Jakoba Errekondo 2016ko martxoaren 22a

Bururik gabeko azak, Brassica oleracea var. acephala edo var. viridis, aza galegoa eta galego-aza esaten diogu hemen. Galizian aza da; aza arruntena, alegia. Zopa berdea egiteko erabiltzen da, eta aintza handian dute. Euskal Herritik abiatu eta Atlantikoaren ertzari segituz gero, Portugalgo hegoalderainoko ia baratze guztietan ikusiko duzu: hanka luze, mehe baten buruan hosto luze zabal urdinxkak, harro-harro, sekula bururik osatu gabe, kobatu gabe. Horixe adierazten du acephala hitzak, bururik gabea. Burua ezean zer jan azari? Aza jende guztiari bezala, hostoak. Burua eginez bildu gabe, baina hostoak baditu. Zuztarraren muturrean banaka-banaka harro-harro. Hostoz hosto mozten eta biltzen dira, azpiko aldekoak beti. Eta, azpia soildu ahala, zangoa luza eta luza. Honelaxe jasotzen du hiztegiak: “Aza-zango luzeak ere goiti ari dira, ostoak ja harat hunat dilindan paratuak”.

Lurra eta itsasoa bereizten ez direnari segika, Ozeano Atlantikoan hegoaldera, makina bat aza aldaera topatuko dugu: zurtoin luze eta zurtoin motz, zimel eta izurtu, gorri eta urdin... Kultura bakoitzak bere kuttunak ditu: asturiarrak, galiziarrak, Portugaleko berdeak eta gorriak... Nire aburuz, azetan eskasena gurea da. Zaharrei eustea zailagoa da berriak, “nobedadeak”, eskuera jartzen direnean. Eta gure herria bide-buru edo gurutzagune geografiko batean bizi izan da. Eta kanpotik gauza ugari erraz iritsi eta geratu dira.

Lisboan naizela gozatu ditut azak eta arbiak (Brassica napus). Erriberako Azoka ikusgarrian, ez bere izena, ez nongoa zen –perto Lisboa zioen, urrutira gabekoa– esan izan nahi ez zidan atso batek erakutsi zidan arbiekiko duten maitasuna. Egia esan, ederrak saltzen zituen. Aldameneko beste batek garak eskaintzen zituen: arbi-garak eta aza-garak. Erosleek azken horiek hartzen zituzten, finagoak omen.

Duela gutxi, irratiko entzule batek galdetu dit ea arbiak jaten diren. Garai batean hemen ere erruz jaten baziren ere, gaur egun gastronomiaren ipularrera baztertuak ditugu. Baina ez ahaztuak. Galdetu bestela Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bat egiten duten inguru horretan, ea zenbatean diren arbi-garak, arbi-listoak edo arbi-litsak. Angula edo ezkailu prezioan; bururik gabe.