Kirol apustuek, legezkoek eta bereziki klandestinoek, diru kopuru erraldoiak mugitzen dituzte. Gutizia mamitsua askorentzat, noizbehinka emaitzak baldintzatzen dituztenik ezin uka daiteke, teniseko eskandaluak lekuko. Praktika orokortua dela esatea, ordea, gehitxo litzateke. Baita soilik mafiak edota kirolariak seinalatzea ere, botere-sistemak iruzurra maila guztietara zabaldu duenean. Gauza ugari eros baitaiteke apustu-txartelez gain.
Hamasei tenislari profesionalek iruzur egin zuten pasa den hamarkadan jokatutako zenbait partidatan, besteak beste Wimbledon torneoko hirutan. Munduko 50 onenen artean zeuden hamaseiak, eta bazen Grand Slam zirkuituko txapelketaren bat irabazia zuenik ere, BBC kateak eta BuzzFeedNews webguneak azaleratu dutenez. Nahita galdu izanaren zantzuak daudela, horixe diote tenisaren zintzotasuna bermatzea helburu duen TIU unitatearen filtratutako barne-dokumentuek, irregulartasun eta ustelkeriaz mintzo direnak eta, besteren artean errusiar eta italiar mafiak seinalatzen dituztenak. Ustez, tenislariek –haien izenak ez dituzte plazaratu oraindik– 50.000 euro baino gehiago jaso zituzten pilota trakets astintzeagatik. Dejadari, baina, erremate pozoitsuarekin erantzun dio historiako eskandalurik handienetakoa izan daitekeenak.
Novak Djokovic tenislariak onartu du 2007an 50.000 euro ez baizik eta 180.000 eskaini zizkiotela San Petersburgoko txapelketan partida bat galtzeagatik. “Kirolaren aurkako krimena da”, adierazi du: “Nik dakidala horrelakorik ez da gertatzen top mailan. Beheragokoetan, agian gertatuko da eta agian ez”. Kriminalak, izatekotan, auzokoenean. “Gogor egin behar zaio aurre, dopinaren aurkako borroka eredu”, esan du Roger Federer suitzarrak. Eta dopinarekin, edota futbol eta atletismoko goi-organoak lokaztu dituzten ustelkeria kasuekin gertatu den moduan, nahikoa lan du bakoitzak norbere burua zuritu, adiskideak salbuetsi eta arreta desbideratzen, ebidentziak aurka jausi bitartean bederen. “Ziur naiz tenisean iruzurrak izan badirela, baina eskua sutan jarriko nuke nire hurbilekoen alde”. Feliciano Lopezen hitzak dira. ATP Tenislari Profesionalen Elkarteko presidentea, Chris Kermode, maiz kritikatua izan dena kontrol-sistemen gaineko salaketei entzungor egiteagatik, saiatu da zikinkeria ezkutatzen, baina hautsa harrotu besterik ez du egin: “Ustelkeriaz ari garenean, kirol guztiak daude arrisku egoeran”. Michael Franzese mafioso ohi eta gaur egun zuzentasun lezioak partitzen dabilenak ohartarazi gintuen 2009an: “Aurrez adostutako partidak errealitatea dira tenisean, nahikoa da jokalari bat erostea emaitza nahieran moldatzeko”.
Apustu-etxeek uneoro kontrolatzen dute haien kotizazioetan bariazio arraroak ote dauden, jokalariek ohikoak ez diren diru kopuruak inbertitzen ote dituzten itxuraz zentzurik ez duten emaitzen alde. 2015ean, ESSA Europako Segurtasun Agentziako kide diren operadoreen alerta-sistemek 100 abisu eman zituzten, haietako 75 tenis partiden gaineko susmoengatik, agerian utziz iruzur arriskua handiagoa dela banakako kiroletan taldekakoetan baino.
Iruzur arriskua handiagoa da banakako kiroletan taldekakoetan baino, are handiagoa telebistarik ez dagoen horietan.
Hala berretsi digu RETA apustu-etxeko operazio zuzendari Jose Antonio Martinek: “Askoz ere errazagoa da tenislari bat erostea, futbol talde osoa baino”. Horretan saiatu aitzin, hobe zuzenean arbitroa limurtzea, 2006an mafiek ez baizik eta Turingo Juventusek edota Silvio Berlusconiren Milanek egin zuten moduan. “Dena den –dio Martinek– zenbat diru ordaindu beharko litzaioke puntako tenislari bati, kontuan hartuta urtean milaka euro irabazten dituela? Ez dauka tamainako saltsetan murgiltzeko batere beharrik. Amateur mailari arrisku handiagoa ikusten diot. Kerik egonez gero, sua den seinale. Tenisean izan dira kasuak, ez dago ukatzerik, baina hortik partidak kontrolatzen dituen mafia bat dagoela esatera... Guri eragin al digun? Ez, ez. Gurean kopuru txikiak joka daitezke aldiko [100 euro gehienez ohiko apustuetan]. Teniseko iruzurrak azaleratu direnean ‘zuek ere erosiko zenituzten partidak!’ esan dit baten batek. Ze kristo erosiko nuen nik partidarik!? Guztia oso kontrolatuta egonik ere, mundu mailan, legez kanpoko esparruetan bereziki, argi dago zerbait gertatzen ari dela”. Onartzen du Internetek segurtasun eza handitu duela, baina RETAn bezero guztiak identifikaturik dituztela esan digu: “Txinatar mafia, adibide bat jartzearren, ezin da gure zerbitzuetan sartu. Hemengo makina batera etorri beharko lirateke ez dakit zenbat milioi eurorekin”.
Eta –galdetu diogu– uste duzu, banaka edo binakako kirola den heinean, esku-pilota izan daitekeela iruzurren biktima?–. “Ez. Hemen ez dago legez kanpoko jarduerarik. Polemika bai, beti izan da; pilotariak enpresenak dira, eta enpresa bereko bik elkarren aurka jokatzen dutenean, arrisku hori badago, baina hortik aurrera… Denboran atzera eginez gero tongoak aurkituko ditugula? Ziurrenik bai, inondik inora ez da ohikoa ordea. Lehengora goaz, zenbat ordaindu beharko zenioke Irujori partida bat apropos galtzeko? Maila apalagoetan errazagoa litzateke, baina guk sekula ez dugu ezer arrarorik sumatu. Badaezpada ere, herri txikietan jokatzen diren partidak zorrotzago kontrolatzen ditugu Irujo-Olaizola bat baino, badakigulako ez dela ezer arrarorik gertatuko”. Zentzuzkoa dirudi festibal batzuk hurbilagotik zaintzea, azken finean, argi hitz eginda, pilotariek euren buruaren aurka apustu egin dezaketelako, sos batzuk izerdirik bota gabe irabazi aldera.
EAEko hiru apustu enpresek (Ekasa-RETA, Codere eta Teleapostuak-Kirolbet) 26,7 milioi transakzio egin zituzten 2013an, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak iaz plazaratutako Jokoaren II. Liburu Zuria txostenak jaso duenez. 2015eko lehen hiruhilekoan 10 milioi euroko etekin garbia izan zuten, 2013an baino hiru milioi gehiago. Orotara 72 milioi euro jokatu eta 62 banatu zituzten saritan. Nafarroan, aipatu hiruez gain, Sportium eta Apuestas de Navarra enpresek ere badute lizentzia. RETAko Jose Antonio Martinek esan digu haienean 200.000 operazio inguru burutzen direla egunean, futbola dela ezbairik gabe nagusi, eta pilotak ere jarraipen zabala duela. Mundu mailako dimentsioez jabetzeko datu bat: Betfair apustu-etxean 6 milioi transakzio baino gehiago egiten dira egunean, Londres eta New Yorkeko burtsen baturak baino gehiago. Eta aurten Joko Olinpikoak eta Europako Futbol Txapelketa jokatuko dira. Atera kontuak.
Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzatik azaldu digutenez, lizentziak esleituta dituzten apustu-etxeek dute, hain justu, iruzur-jarduerak prebenitu eta galarazteko interes handiena, “beren izen ona, negozioa eta jardueraren garbitasuna babestu nahi dutelako”. Teniseko polemikak hizpide, uste dute horrelako kasuak ezin zaizkiola apustu jarduerari egotzi, baizik eta, beste edozein esparrutan bezala, “zernahi egoera amarruen bidez dirua egiteko baliatu nahi duen jendeari”.
2015eko abenduaren 20a. Espainiako 3. mailari dagokion Paterna eta Castellóren arteko neurketa. Hura bezalakoetan operadoreek 140-190 euro mugitzen badituzte, haietako batek 3.700 euroko fluxua izan zuen egun horretan. Bitxia. Are bitxiagoa apustu gehienak Asiatik egin zituztela eta nolakoak izan ziren ikustea: Paternak ez zuela partida irabaziko (bat eta hutsekoarekin), Castellók irabaziko zuela (galtzen hasi eta hamabost minuturen faltan bana zihoazen arren), eta gutxienez hiru gol sartuko zirela. Hiru pronostikoak asmatu zituzten. Beste enpresa batzuetan, gauza bera. Kotizazioetan izan ziren bariazioek apustu-etxeak alertan jarri eta bakarren batek operazioak etetea erabaki zuen. Susmoak areagotu egin ziren partidaren irudiak tentuz aztertzean: Paternako atzelari batek ostiko zentzugabeak eman zituen area barruan, ustez penaltia probokatu asmoz, eta Castellóko jokalariek bizpahiru metro ateratzen zizkioten korrikaldi bakoitzean.
Federbet, kirol apustuen sektoreko enpresariak biltzen dituen elkarteak dioenez, telebista kameren begiradatik at dauden amateur mailako eta emakumezkoen futbolean dago arriskurik handiena, eta zoratzeko moduko zifra bat eman du: Asian legez kanpoko apustuek 70.000 milioi euro mugitzen dute astean. Egoitza Bruselan duen elkarteak jakinarazi du 2013-14 denboraldian azpijokoa egon zela europar ligetako 110 partidetan –Italia, Grezia eta Ekialdeko herrialdeetan batez ere–, eta 460 gehiago susmopean daudela. Salatu du ez poliziek ezta federazioetako kontrol-organoek ere ez dituztela neurketa horiek ikertu, “euren txapelketaren izena zikintzeko beldurragatik”. Europolek plazaratutako datuen arabera, 2008-2011 arteko ia 400 partida leudeke susmopean, Txapeldunen Ligakoak eta Hegoafrikako Munduko Koparako sailkatze-faseko batzuk tartean. “Izebergaren punta da”, esan du Rob Wainwright polizia-buruak.
FIFAk, futbolaren hariak Zuricheko bunkerretik mugitzen dituenak, arazorik ez dagoela dio, legez kanpoko apustuen auzia kontrolpean duela, Joseph Blatter presidente ohia eta beste zenbait goi-kargu inputatuak diren bitartean diru zuriketagatik, fabore eta opariak trukatu eta botoak erosteagatik. Errege futbolaren palazioan ere zakurrak oinutsik. Liga guztietako denboraldi amaiera guztietan aireratzen dira maletatxo trafikoari buruzko trapu zaharrak, eta euskal klubak ez dira salbuespen. Hor ditugu Osasunako agintari ohiak, 2013-14 denboraldian partidak erosi izanagatik –besteak beste– epaile aurrera hainbat bider eraman dituztenak. 1993an, Didier Deschamps baionarra, Marsellako Olympique taldeko jokalaria zenean, Bernard Tapie presidenteak prestatu zuen iruzurraren lekuko zuzena izan zen: Valenciennes taldearen aurkako partida erosteagatik bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten enpresa-gizon eta politikari polemikoari, zerga-iruzurragatik inputatu baino hiru urte lehenago. Hemerotekari azaleko errepasoa ematea nahikoa da hamaika adibide gehiago topatzeko.
Futbolean, urtero aireratzen dira maletatxo trafikoari buruzko trapu zaharrak, eta euskal klubak ez dira salbuespen. Hor ditugu Osasunako agintari ohiak, partidak erosi izanagatik inputatuak.
“Iruzurrei buruzko txutxu-mutxuak etengabeak dira, baina nik ez dut sekula ezer arrarorik ikusi”, azaldu dio Paterna taldeko atezain ohi Kiko Morenok El Mundo egunkariari: “Egia da 3. mailan-eta, areago krisia hasi zenetik, jendeak oso gutxi kobratzen duela, askok euro bakarra ere ez. Pentsatzen dut erraza litzatekeela jokalari bat erostea penaltiak egin edota baloiak kornerrera bidaltzeko. Maila hauetan apustuak debekatu egingo nituzke nik”. Ildo berean mintzo da Nicolas Almagro tenislaria: “Apustuak debekatu beharko lirateke”.
Auskalo soluzioa hori ote den, kontuan hartuta kontrolpeko apustuetan halako bost mugitzen dela legez kanpoko jardueretan, baina Espainiako jokoaren patronalak (Cejuego) ere adierazi du mesede egingo lukeela maila apaleko txapelketetan apustuak debekatzeak. ATP Tenislari Profesionalen Elkarteak kirolarien kolaborazio handiagoa eskatu du, iruzur susmoen aurrean isilik mantentzen direlakoan, dopin kasuekin gertatzen den antzera. Tenislarien banku-transferentziak eta telefono-datuak kontrolatzea ere proposatu dute, nahiz eta pribatutasun eskubidearekin talka egin lezakeen; baita legez kanpoko apustu-etxeen aurkako polizia-operazio zabala abiatzea ere. Kirol munduko goi-organoen jardunari buruz, hitz erdirik ere ez.
Esku-pilotari dagokionez, zale eta artekariak bat datoz: azken urteotan apustuak izugarri murriztu dira, pilotalekuan bertan egiten direnak bereziki. Pilotazale gipuzkoar batek azaldu digu hainbat faktorek eragin ahal izan dutela beherakada: “Internetez jokatzen da geroz eta gehiago, poltsikoak duela 6-8 urte baino hutsagoak ditugu, azpiko dirua falta da –partida askok faborito oso argiak dituzte eta haien kontra jokatu nahi duenik ez dago–, eta geroz eta gutxiago dira frontoi osoaren aurka oldartzen diren tiburoi handiak. Tontakeria dirudi, baina partida gehienak telebistaz ematen dituzte, eta tailerra erregulazio espedientepean duen enpresaria patxada ederrean apustu egiten ikustea…”. –Horregatik aritzen al dira hainbeste telefonoz?– “Izan liteke. Esango nuke diru gehiena hor mugitzen dela”. Zurian ala beltzean egiten den, hori beste kontu bat da. Ipar Euskal Herriko frontoietan, apustuak debekaturik daudenez, artekaririk ez da aritzen builaka, baina horrek ez du esan nahi saltsarik ez dagoenik. “Jokatzen da, eta asko gainera, baina bitartekaririk gabe, bai pilotalekuan bertan, baita lehenago ere, ostatuan-eta”, esan digu pilotazaleak. “Ez zait iruditzen tongoak ohikoak direnik, nahiz eta izan den kasurik erremontean-eta, isilean pasa direnak, baina ez dira gaur goizeko kontuak”.
Sare sozialetan ustezko mezu xenofoboak, gorrotozkoak eta indarkeria bultzatzen dituztenak zabaltzea egotzi diote. Osasunari ere 20.000 euroko isuna ezarri dio Indarkeriaren Aurkako Batzordeak Sadarren jokatutako Bartzelonaren aurkako Ligako partidan ikusleen egonaldia... [+]
Matx, tokiko kirolaren sare soziala, atzo jarri zen martxan. Urte hasieran app mugikor gisa jaio ondoren, orain Mastodon azpiegituraren gainean berregina azaldu da. Tokikom tokiko hedabideen sareko kirol albisteen biltegi gisa ageri da webgunea orain nagusiki,... [+]
2022ko urrian Iruñeko Sadar futbol zelaian jokatu zen Espainiako eta AEBetako emakumezkoen futbol selekzioen arteko partiduko zaleak iraintzea eta jazartzea leporatu zizkioten hainbat laguni. Epaiketa egin berri da eta akusatuak absolbitu ditu Iruñeko Zigor Arloko... [+]
Le Monde egunkaria ikerketa erreportaia argitaratzen hasi da StravaLeaks izenarekin. Zera da koxka: zenbait agintarik erabiltzen dituzten segurtasun agenteek, bizkartzainek alegia, Strava ari dira erabiltzen, eta horrekin bere ibilien bide geokokatuak ari dira... [+]
Joan den astean aipatu genuen StravaLeaks eskandalua, batzuek aplikazio horren "segurtasun zulotzat" aurkeztu arren ez zela hori: erabilera okerra da. Zure korrikaldi eta ibilerak pribatuak izan behar badira, ez partekatu Stravan edo ez erabili Strava, Instagramen... [+]
Gazaren aurkako sarraskiak kirolean ere badu islarik, bateko eta besteko ekintzek erakutsi dutenez. Futbolean, zehazki, urak harro datoz, Israeleko taldeek Europako estadioetan jokatzen duten bakoitzean agerian geratzen den moduan. Pasa den astean Amsterdamen gertatutakoek,... [+]
Larrialdietan bukatu ohi duena ez da 20 kilometroko lasterketa egiteko prestatuta ez dagoelako; alderantziz, kirola egitera ohituta dauden 25-35 urteko gizonak dira gehiengoa, marka egin nahian topera joateagatik. Hala ziurtatu digu Donostiako ospitaleko mediku batek... [+]
Pasa den martxoan, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan oso larri zauritu zuten Amaya Zabarte, ustez foam jaurtigailu batekin. Zazpi hilabete geroago, Probintzia Auzitegiak kasua ireki ala ez erabaki bezperan, elkarrizketa egin dio... [+]
Realak Israelgo Tel Aviv-eko Maccabiren kontra jokatuko du ostegunean Belgradon. Segurtasun arazoak direla-eta, ez dute Israelen jokatuko. Talde txuri-urdineko zaletu batzuek Realari eskatu diote Palestinaren aldeko keinuren bat izateko, baina Jokin Aperribay presidenteak argi... [+]
Saudi Arabiak "emakumeen eta LGBTQ+ pertsonen eskubideak zapaltzen dituela-eta", 24 herrialdetako 106 emakumezko futbolari profesionalek Gianni Infantino FIFAko presidenteari eskatu diote Aramco petrolio-enpresarekin duten babesletza-akordioa hausteko.
1980an Everesteko gailurrean ikurrina paratu zuten Martin Zabaleta eta Pasang Tembari omenaldia eskaini diote larunbatean San Mamesen, Athletic-en partida hasi aurretik. Mendizaleak txalo artean hartu dituzte zaleek, une ederra izan da, baina Movistar telebista kateak eta Futbol... [+]
Araba eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan txirrindulari gazteen lasterketak antolatzeko “etengabeko oztopoak” jartzen dizkietela adierazi du Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko zuzendari ohiak. Urriaren 13an Donostian egin zuten manifestazioa auziari irtenbidea ematea... [+]
Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]