argia.eus
INPRIMATU
Kalea guztiona?
Oihana Etxebarrieta @betaurrekomorea 2016ko martxoaren 17a

Zein da udal baten lana eraso matxista baten aurrean? Horixe galdetu diot nire buruari Irunen jazotako azken erasoaren erantzuna ikusita. Hauxe da kontua: Udalak, hirian gertatutako eraso baten aurrean, herriko eragile sozial eta talde feministek duten protokoloa kopiatu eta haiek deialdia egin aurretik, ordu eta leku berean kontzentratzera deitu zuen.

Intentzio onarekin egin duela ez dut zalantzan jartzen, baina horregatik ez zait erabakia onargarriagoa iruditzen. Nola da posible herriko eragileek egiten duten lana bere egitea? Eta hasierako galderara narama berriz buruak.

Zer egin behar du udal batek indarkeria matxistaren aurrean? Erantzuna sinpleegia irudituko zaizue, baina nik argi dut: babestu eta bere burua eraldatu. Herriko mugimendu feminista, emakume elkarte eta ekimen ezberdinak babesten eta bidea egiten laguntzen aritu beharko luke. Udalaren tokia udalean dago, politiketan, instituzioen arteko harremanak garatzean eta mugimenduena kalean, kontra-boterean, udalei herriaren ikuspegia ematen. Eta harreman horrek gora beherak, sartu irtenak, elkarlanak eta elkar markajeak izan beharko ditu. Baina bakoitzari bere tokia, bakoitzari bere protagonismoa.