argia.eus
INPRIMATU
Jan eta jantzi, jaki eta jakintza
Jakoba Errekondo 2016ko martxoaren 17a

Hartzitutako janariez eta edariez galdetu zidaten lehengo batean. Ogia, gazta, jogurta, ozpina, sagardoa, ardoa, garagardoa, sauerkrauta (aza samina, Brassica oleracea Capitata) eta beste makina bat jaki ontzeko eta iraunarazteko erabiltzen da hartzidura. Guk irakina esaten diogu edarien hartzidurari: sagar muztioak irakin egiten du eta sagardo bihurtu, eta hura, irakinaren irakinez, ozpin bilakatuko da.

Hartzitzen denak, izan landare, fruitu, ale, esne, bizi berri bati ekiten dio. Bakterioak eta legamiak dira batez ere hartzigarriak, bizi berri horretarako gogoa pizten eta akuilatzen dutenak. Zirikatzaile horiek ere bakoitzak bere gustuko bizitokiak dituzte. Ez dira nolanahi eta edonon biziko. Tokira, mikroklimara, ekosistemara tinko-estuan lotutako bizimodua dute. Tokian tokiko orain oraingoari begira daude, beraiek hartzi dezaketena urrutira gabe badela usaindu orduko lanerako pronto. Eta emaitza bakarra da, paregabea. Hor bakarrik gertatuko dena. Inguru bakoitzak bere hartzidurak dituela esan daiteke.

Hartzigarria, neurri batean, kutsadura bat da. Sagarrak azalean darama, legami desdetxa, eta muztioari erantsiko dio. Aireak berak, barrikak... Denek erantsiko dizkiote hartzigarriak, legamien makrofesta; eta horrek egingo du horko sagardoa bakar, paregabe. Horrexegatik hartzitutako jakiak eta edariak kultura kontuak dira. Gure ahosabaia hemen sortutako hartzituetara ohitu da, eta beste nonbaitekora egin ezinik ibiliko da. Hori da kultura, herentzia hori, ondoretasuna.

Thierry Verhelst handiak dio: “Kultura, batez ere, sortzen ari denari zentzua ematea da”. Hau da adiera edo esanahia den zentzua, baina baita norabidea dena ere. Hartzigarriak egiten duena: hartzitu behar duenari nora eta nola egin behar duen erakutsi. Hartzitua jan edo edan duenak ere igarriko dio zentzu horri. Tokiaren, kulturaren, komunitatearen zentzua.

Izan ere, zentzua ez al da ba jakintzaz janztea? Geure burua janztea? Jan hitzetik jantzi, eta jaki hitzetik jakintza; ala?