argia.eus
INPRIMATU
Irakurlea kolaboratzaile aktibo denean
Itsaso Zubiria Etxeberria 2016ko martxoaren 17a

Sartu naiz salara, eta kontzertua hasi aurretik nire eserlekua topatzen ari naizela sentsazio berezia: “ARGIAren zenbat irakurle dagoen hemen, ezta?”, badirudi esperoan ez aspertzeko-edo jendeak azken alea ekartzea erabaki duela... Aulki-ilaren artean galduta nabilela gerturatu zait Joxe Anjel Arbelaitz, kontzertuaren antolatzailea, eta nire lekua zein den esatearekin batera banatu dit astekaria. Nire poza! “Hau ere egiten al da?” galdetu diot antolatzaileari.

Berrogei urte daramatza kontzertuak antolatzen, eta beste hainbeste urte daramatza ARGIAren irakurle. Oiartzunen jaioa, familia euskaltzalekoa baina euskaldun alfabetatu gabea, ARGIAk “euskaraz formatzen eta informatzen” lagundu diola esan dit. Garai batean kulturak, euskalgintzak eta politikak tiratuta irakurritako astekaria gaur anitzagoa dela dio, eta beti aurkitzen duela gustuko zerbait. Azken aldaketan ere poz handiz jaso ditu, eta Times bezalako mundu mailako hedabide onenen antzeko joerak ikusten dizkiola.

Irakurle fidela, beraz. Baina hortik antolatzen dituzun kontzertuetan ARGIA banatzera saltoa dago... Harpidedun izan eta urteroko kuota ordaindu baino zerbait gehiago egiteko gogotik sortzen da ideia. Modu aktiboan kolaboratu nahi zuela, eta egoerari erreparatuta euskal prentsan gordeago ikusten zuen ARGIA. Eta beraz, ekuazioa honela da: nik euskaraz sortzen duten artistak taularatzen baditut, kontzertu horietara jende euskalduna etortzen bada, eta helburua ARGIA zabaltzea bada, zergatik ez hasi bertan astekaria banatzen?

Kartelean ARGIA laguntzaile bezala jartzen da, eta gerturatutakoek astekaria jasotzen dute. Garik eta Iñigo Astitzek urtarrilean Bilboko Arriaga antzokian eskainitako kontzertuan 600 ARGIA banatu ziren, otsailean Donibane Lohitzunen egindako Imanol Gogoan emanaldian 400, eta Baigorrin antolatutako Bernardo Atxagaren eta Anariren errezitaldian 100dik gora.