argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria, lan erreforma beraren gatibu
Juan Mari Arregi 2016ko martxoaren 17a

Frantziako Gobernuaren ezkerreko sektoreak, sindikatuek eta ikasle mugimenduek –Euskal Herrikoek barne– mobilizazioak hasi dituzte, Hollanderen exekutiboari erronka boteaz lan erreforma berriaren proiektuarekin atzera egin edo gutxienez funtsean alda dezan. Martxoaren 31rako iragarrita dagoen greba eta mobilizazio egun orokorraren atarikoa baino ez da izan. Lan erreforma onartzen bada, Ipar zein Hego Euskal Herriko herritarrak lan prekarietate eta kaleratze merkearen gatibu izango dira neurri berean, Frantziako Gobernuaren asmoa baita Espainiako Estatuan indarrean dagoen legea kopiatzea.

Formalki astean 35 lanorduko lege ukiezina aldatzen ez den arren, proiektu frantziarrak atzerabiderik gabeko ekintzen bidez leherraraziko du. Arrazoi ekonomikoengatik egindako kaleratzeei bidea ematen die –lau hiruhilekotan galerak edo fakturazio gainbehera edukitzea nahikoa litzateke– eta kaleratzeagatik eman beharreko indemnizazioen mugak jaisten ditu: 20 urteko antzinatasuna dutenentzat 15 hilabeteko soldata, orain duten 24 eta 27 hileko soldataren ordez. Patronala pozez zoratzen dago eta ez du nahi langileen oposizioak “merkealdia” ekartzerik.

Bai eskuineko gobernuak –Espainiako Estatua kasu– bai ezker sozialdemokrazia kapitalismoaren interesera daude. Euskal Herria, estatu eta gobernu horien gatibu da, baita euren erreformena ere, eta ondo egingo luke bere bidea bilatzen hasiko balitz eredu sozio-ekonomiko eta laboral alternatibo baterantz, kapitalismoa gainditu eta herritarren zerbitzura egoteko, batez ere ahulenen eta behar gehien dutenen zerbitzura.