argia.eus
INPRIMATU
Etxepare Institutuko zuzendarien gastuak
  • 100.000 euro inguru gastatu dituzte Etxepare Institutuko bi goi karguek 2014 eta 2015 artean kreditu txartel publikoa erabiliz eta atzerrira egindako bidaietan. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa publikoen gastuak hizpide dira urtarriletik Legebiltzarrean eta kultur arloan Aizpea Goenaga buru duen erakundearen zenbakiek deitu dute arreta.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2016ko martxoaren 17a

Soldataz aparte kreditu txartelarekin egindako gastuei bakarrik erreparatuta, Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak eta erakunde horretako Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendari Mari Jose Olaziregik 54.000 euro baino gehiago gastatu zituzten 2014 eta 2015 urteetan. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak otsailean emandako datuak dira, Eusko Legebiltzarrean UPyDko Gorka Maneiro parlamentariak egindako galderei erantzunez. Kopuru horri Etxepareko bi kargu altuenek bidaietan gastatutako 40.000 euroak gehitu behar zaizkie.

2014ko urrian egin zituen gastu handienak Goenagak, 7.225,82 euro hilabete bakarrean. Eskainitako informazioetan ikusten denez, 2015ean bederatzi hilabetetan gainditu zuen 1.000 euroko langa –uztailekoa da iazko kopuru handiena, 3.641,95 euro; bi urteetako kontuen baturak 35.882 euroko emaitza ematen du–. Olaziregiren kasuan, hirutan gainditu zituen hiru zeroak 2014an eta bost aldiz iaz, guztira 18.000 eurotik gora bi urtean.

EAEko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek 2014-2015 artean plastikozko diruarekin egindako gastuen podiumetik gertu geratu da zenbaki horiekin Etxepare. Neiker-Tecnalia edo Sprilurren gainetik dago eta Basquetour (108.670), Euskotren (102.077) eta SPRI (80.707) besterik ez ditu aurretik, otsailaren 25ean El Correo egunkariak argitaratu zuen taulako zenbakiekin konparatuz gero.

54 bidaia 18 hilabetean

Bidaietan gastatutakoari dagokionez, 18 hilabetean ordaindutako hegaldi, hotel, aseguru eta alokatutako autoak hartu dira kontuan. Urtarrilean eman zituzten horien inguruko argibideak Legebiltzarrean Maneiroren beste eskaera bati erantzunez.

Orduan jakin zen Goenaga urte eta erdian 11 herrialdetan izan dela –AEB, Islandia edo Brasil daude bisitatutako lekuen artean–. 2014ko otsailean Goenagak eta Olaziregik zazpi bidaia egin zituzten 28 egunetan. Urte bereko apirilean eta urrian ere zenbaki hori berdindu zuten. Hilabete horretan egiten ditu gastu handienak hain zuzen Etxepareren kreditu txartelak, Goenagaren 7.000 eurotik gorako fakturari Olaziregiren ia 3.000koa gehitu behar baitzaio.

2015eko lehen erdian apur bat gutxitu zen Etxepareko buruen bidaia-erritmoa: lau aldiz irten ziren urtarrilean eta otsailean, sei aldiz martxoan, hirutan apirilean, seitan maiatzean eta hiru bider ekainean. Iazko azken sei hilabeteetan hartutako hegaldien berririk ez dago Legebiltzarrean emandako informazioan, beraz bidaia gastuak momentuz ezagutzen direnak baino handiagoak izan daitezke.

Etxepare Institutuaren azalpenak

Albiste hau argitaratu ondoren Etxepare Institutuko iturriek azaldu dutenez, azken urte eta erdian egindako bidaiak "egitasmo zehatzetara" lotuta daude.

Kreditu txartelarekin egindako gastuei dagokienez, institutuak ekoizten dituen kultur programei eta horietako partaideei dagozkien "produkzio gastu asko" txartel horrekin pagatzen direla esplikatu dute, eta bulegotik ere erabiltzen dela "hainbat ordainketa" egiteko. Martxoa amaitu baino lehen emango ditu Etxeparek gastuei buruzko azalpen xeheagoak parlamentuak egindako galderei erantzunez.