argia.eus
INPRIMATU
Demarkia
IƱaki Odriozola Sustaeta @Inaki_Odriozola 2016ko martxoaren 17a

Ez dakit Atenasen, demokrazia eratu zutenean, boterea herritarren esku ote zen. Ni ezezkoan nago. Han ere, eliteak, herritarrei euren buruaren jabe zirela sinestarazi ziela iruditzen baitzait, bertako lur-jabe eta aberatsen mesedetan.

Erromako errepublikak eraman zuen aurrera, demokrazia sistema politiko lez; horregatik inork ez du demokrazia kontsideratzen. Elite erromatarrek errepresentazio sistema garatu zuten, haien herritarrengandik urruti, legea bera gorpuztu zuten zuzenbidea sortuz, “ogia eta zirkoan” kontzentratua zeukaten jendartearen begien aurrean.

Absolutistek eurek ere uzten zioten herriari hainbat gauza erabakitzen, elite nobleen aurka joaten ez zen bitartean, eta azkenik, ilustratu naif edo zinikoen esku gelditu zen demokrazia hitza, botere ekonomiko berriaren babestoki zen artean.

Gaur egun ere hala da: sistemaren alderdiak daude, eliteen morroi leialak. Batak edo besteek agintzen dute demokrazia homologatuetan, inork ez dakien norbaitek ematen dien kalitate titulu maltzurra jasoz. Baina kontuz, beste inori ez diote utziko agintzen. Eta noizean behin ihes egiten bazaie, Gipuzkoan gertatu zen lez, edo orain estatuko hiriburu batzuetan, indar guztiek bat egiten dute, botere eta lobbyek, egoera neutralizatu arte.

Norbaitek, ez edonork, esan zuen demokrazia zela sistema txarretatik onena, baina nik uste, benetan, bera dela gaiztoena. Alde batetik, demokrazia homologatuak dauden tokietan, sistema ekonomikoa erabat ziur sentitzen da, babesturik eta ezkutuan, izan ez balitz bezala, gauzak ondo doazen bitartean behintzat. Hain seguru dago bere iraupenaz ezen ez diela gobernuan edo legebiltzarrean dauden politikariei, ez epaileei, ez irakasle eta intelektualei, ez sindikatu-buruei, ez komunikabideetako erredaktoreei agindurik edo aholkurik ematen. Zertarako, barneraturik baitauzkate sistemaren balioak! Gainera, boterearen alde edo inguruan daudenak ere etekinik behar dutelako korrupzioa estrukturala bihurtzen da, ez behin edo behinekoa. Eta denak hala delakoan.

Bestetik, demokraziak zapalduei sinestarazten die eurek ere badutela jendartearen bilakaeran zeresanik, dela parte hartzea, dela bozkatzea, eta, hortaz, zapalkuntzaren pertzepzioa ezkutatzen du. Askatasun sentsazioa garatzen du estatuaren asketatik jaten dutenengan, etekinak ateratzen ari diren eremuetan, eta txarrena, egungo “zirkoa” ikusten ari den herritar arruntean.

Demokrazia hitza hain ajeaturik, zikindurik eta zabar eta manipulaturik erabiltzen da jada, ezen zentzua erabat galdu duela, eta “herriaren boterea” ez beste edozer adieraz dezakeela. Euren burua demokratatzat daukaten eliteko partaide edo morroiak ikustea besterik ez dago. Horregatik esango dut ni ez naizela demokrata.

Bereizte aldera izena aldatzea proposatzen dut: Demarkia: Herriaren benetako boterea adierazten duen hitz berri eta garbia. Zergatik ez?