argia.eus
INPRIMATU
Liburua
Nor gara iragandakoa eta gero?
Saioa Ruiz Gonzalez 2016ko martxoaren 09a

Ukabilak eta loreak (2015) ipuin bilduma plazaratu ostean, narrazio luzearekin itzuli da Julen Belamuno: Gaueko zaintzailea. Titulu beretik pertsonaiaren lanbideari buruzko informazioa bereganatzen dugu. Irakurketari ekiterakoan, gauez, aluminio-fabrika batean dena ordenan jarraitzen duela ikuskatzeaz arduratzen den pertsonaia bezala aurkezten zaigu. Ostera, narrazioan aurrera egin ahala, gaueko zaintzailea lanbide izateaz haratago, identitate bat biltzen duen izena dela ohartzen gara. Nor da beraz gaueko zaintzailea?

Gaueko zaintzailea pertsonaia isolatua da, izaera obsesiboduna (ordenaren maitale amorratua), lagunik eta familiarik gabekoa. Bere aitaren pauso berberak segitu ditu bere buruari ezer ere kuestionatu gabe, edozein galderak bere mundu ordenatu eta erregularra hankaz gora jarriko duen beldur delako, eta erritu erlijioso baten antzera eutsi dio bere aitarengandik jasotako eginbeharraren kontzientzia zorrotzari. Esan daiteke, beraz, lanaz egin duela bere izena eta izana. Zer gertatzen da, ordea, oinordean jasotako engranajearen gurpila eteten bada? Nor izan zen/da orduan gaueko zaintzailea?

Identitate baten (des)eraiketa horren inguruan gorpuzten da eleberriaren hari nagusia. Orduan hasiko dira narrazioari tonu existentzialista ematen dioten galderak: zer alde dago, azken batean, zerbait izan denaren eta ezer izan ez denaren artean? (41. orrialdea), nora joaten dira iraganeko gertaerak? (46. orrialdea), nolako bizimodua izango ote zuen [...] zaintzaile ez izatea aukeratu balu? (152. orrialdea).

Hogeita zortzi urtetako dedikazio leial baten ostean –aita-semeen zerbitzaldiak batuz gero ia berrogeita hamar urte ateratzen zaizkio (151. orrialdea)– pertsonaia bere lana uztera behartua izango da. Teknologia aurreratuei esker bere postua bigilantzia kamerekin ordezkatuko dute, eta fabrikan pasako duen azken gau horretan kokatua da eleberria. Hala eta guztiz ere, iraganeko mundu baten amaiera eta bizitza berri baterako trantsizio gau horretan, pertsonaia ez da etorkizuna proiektatzeko gai, inertziaz jarraitu duelako jasotako bizimodua. Horren ordez, nostalgiaz ekingo dio iragana gogoratzeari: gaueko zaintzailetzak indarra zueneko garaiak (55.orrialdea), ura gardena eta garbiagoa zeneko garaia (104. orrialdea), sirena hotsen ordez ezbeharrak zabaltzeko eliz kanpaiak baliatzen zireneko garaiak (122. orrialdea).

Nondik datorren eta nora doan galdezka dabilen gizakia da. Horregatik da izengabea, denok gordetzen dugulako gaur egiten gaituen eta gero bilakatuko gaituen orainaren iragan bat.

Gaueko zaintzailea

Idazlea: Julen Belamuno

Argitaletxea: Elkar, 2016