argia.eus
INPRIMATU
Espezializatuegiak
Endika Alabort Amundarain @autogestioa 2016ko martxoaren 09a

Ibaizabaleko itsasadarraren ezker ibarrean, Bizkaian, ekonomia monokultiboaren gertuko eredurik nabariena izan dugu. Siderurgia eta metalurgiaren eremua izan zen, lantegi eta labe garaiak izan ziren Ezkerralde osoaren bizitza ekonomiko eta soziala sektore hauek gidatu zutenak. Gauza berbera esan dezakegu Enkarterri eta Meatzaldeari buruz, burdin meategien monokultiboa baitzegoen. Azken eskualde horretan, meatzaritza amaitu bezain laster ekonomiaren gainbehera izan zen, gaur egun arte. Ezkerraldeari so eginez, antzeko zerbait gertatzen ari da, azken industria handiek galtzeko arriskuan baitaude, ArcelorMittal Sestao honen adibide izanik.

AEBko hiri famatu batean antzekoa gertatu zen. XX. mende hasieran, Detroit hiriko ekonomia autogintzan espezializatu zen, monokultiboa bilakatuz. Mende amaieran sektoreak beste herrialdetara alde egin zuen, ekonomikoki hiria hustuz. Egoera hau From Detroit to De(s)troit dokumentalak oso ondo erakusten du.

Industria sektorearen etorkizuna gero eta ilunago denean, badirudi turismoa gure ekonomiaren salbatzailea izango dela; horrela adierazten dute agintari politikoek

Horrelako ekonomia hondamendiak ugariak izan dira historian, gure erreferentzia eskualdea bada, sistema ekonomiko kapitalistaren funtzionamenduarekin lotura estua du. Hau da, denbora tarte batean, eskualdean ekonomiaren “espezializazioa” bultzatzen da, irabazi-tasak handituz eta lehen aipatutako monokultiboa oso adierazgarria izaki. Noski, irabaziak murrizten direnean, inbertsioak beste eskualde eta lurraldeetara mugitzen dira eta lurraldea nola geratzen den, bost axola kapitalari. Desindustrializatze prozesuak horren ondorioak dira. Gainera, ekonomia eta gizarte hondamendi hauek larriagoak izaten dira sektore horiek nazioarteko merkatuen edo enpresa trasnazionalen esku daudenean.

Industria sektorearen etorkizuna gero eta ilunago denean, badirudi turismoa gure ekonomiaren salbatzailea izango dela; horrela adierazten dute agintari politikoek: BPGn duen eragina gero eta nabarmenagoa da. EAEn, %5,8. Nafarroan, %6. Sortzen duen enplegua gero eta handiagoa da, lan baldintzak aparte utziko ditugu eta “kalitatezko” turistak erakarri nahi ditugu. Hau da, kultur maila handikoak, aberatsak edo diru mordoa gastatzen dutenak.

Arriskua da, industria gainbeheraren ostean, turismoa eskualde askotan gure monokultibo berria bilakatzea. Ez dugu ahaztu behar sektorea enpresa trasnazional batzuen menpe dagoela, eta gure eskualdeetako eskaintza zirkuitu horietan txertatzen dela (landa turismoa hauetatik kanpo dago). Turismo ereduari buruzko eztabaida publikoa eta kritikoa falta da, beste sektoreetan izan ditugun arazoak ekiditeko. Datozen turistak, joango dira, gure bizirauteko beharra, aldiz, hemen geratuko da.