UPNren golik borobilena

  • Amua goxoa izan da, “zure haurrak primeran ikasiko du ingelesa”. Ordea, Ingelesez Ikasteko Programa (IIP) ezker-eskuin kritikatu dute hezkuntzako eragile ugarik, hala nola, irakasleek, zuzendariek, gurasoek eta sindikatuek. UPNk (PSNren babesarekin) abiatu orduko errailetatik aterata doan trena nola bideratu erabaki behar du Gobernu berriak. Oraingoz, moratoria eta ebaluaketa agindu ditu.

2014ko argazkian, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidente ohia eta José Iribas Hezkuntza kontseilari ohia ageri dira, IIP programaren bultzatzaileetakoak, Noaingo San Miguel ikastetxean.
2014ko argazkian, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidente ohia eta José Iribas Hezkuntza kontseilari ohia ageri dira, IIP programaren bultzatzaileetakoak, Noaingo San Miguel ikastetxean.

1997-1998 ikasturtean hasi zen UPNren Gobernua British eredua probatzen. TIL (Hizkuntzen Trataera Bateratua) ezaguna etorri zen ondoren, eta azkenik IIP (Ingelesez Ikasteko Programa). Ikasleak mundu globalizaturako prestatu nahi zituzten, ingeles maila bikaina lortuko zuten gaztetxoak lan merkatuan airoso ibiltzeko. Ez zuten esaten hedatzen ari zen D ereduari galga jartzeko modu ederra aurkitua zutela. Espainiako Estatuan, antzeko estrategia darabilte eskuineko indarrek bertako hizkuntzak ahultzeko Valentzian, Balearretan eta Galizian.

Nafarroako sare publikoko 106 ikastetxetan dago IIP ezarria, horietako bost D eredukoak dira, eta gainerakoak A eta G eredukoak. Hezkuntza sisteman hizkuntza, ingelesa, bihurtu dute helburu, eta bidean urtetan garatutako lan-ildo interesgarriak txokoan geratu dira, hala nola, hezkidetza, bizikidetza eta irakurketa.

Britishetik hasi eta IIPraino gabezia pedagogiko eta hutsune nabariak izan ditu programaren ezarpenak, gero azalduko ditugunak. Hala ere, Steilas sindikatuaren ustez, metodologia bikaina izan balitz ere, guztiz zalantzan jartzekoa da hezkuntza sistemak atzerriko hizkuntza helburu nagusitzat hartzea, eta baliabideak horretara bideratzea.

UPNren Gobernuak abiatu zuen eta orain Geroa Bai, EH Bildu, Ahal dugu eta Izquierda-Ezkerrak osatutako Gobernuak du patata beroa eskuetan. Inoiz aurrez egin ez den ebaluaketaren diseinua aurkeztu du, non batetik, inkestak, elkarrizketak eta eztabaida taldeak egingo diren ikastetxeetako zuzendari, irakasle eta gurasoekin, eta bestetik, unibertsitateek eta kanpoko enpresek parte hartuko duten. Bitartean Gobernuaren akordio programatikoan ondokoa dio: “Gutxienez urtebetez IIP hedatzeari utziko zaio, oraingo programa ebaluatu eta hizkuntzen trataera integratuaren plan berria diseinatzeko”. Beraz, programa ez daukaten ikastetxeetara ez da zabalduko, baina badutenek bere horretan segiko dute, eta 3 urtekoek ere hasi ahal izango dute 2016ko irailean.

Nafarroako Gobernuak jasotako informazioaren arabera, Ingelesez Ikasteko Programak, bere ezarpenean, ez ditu bete halakoetan eskatzen diren protokolo eta arauak. Ingeles eta atzerriko beste hizkuntzen Saileko teknikarien balorazioa ere halakoa da: azken bi ikasturteetan, IIP ezarri den ikastetxeen hamarretik batek baino ez du ezarpenaren balorazio positiboa. Ikastetxeen hiru-laurdenetan ez ezartzea aholkatu zen.   

 Nola azaldu fotosintesia ingelesez ez badakite?

Galdera horri erantzun baino lehen konta dezagun zein diren IIP programaren ezaugarri nagusiak. Haur Hezkuntzan (3-6 urte) eta Lehen Hezkuntzan (6-12 urte) ari dira ezartzen. Ikastetxearen eta adinaren arabera ikasgaien %30-40 ingelesez ematen dute. Beraz, kontua ez da ingelesa ikasgai gisa edukitzea baizik eta ikasgaiak, hala nola, matematika, ingurumena, plastika… ingelesez ematea. Haurrek bi tutore dituzte, batek ikasgaiak ingelesez ematen ditu eta besteak gaztelaniaz. Bost ikastetxe baino ez dira euskaraz eta ingelesez ari direnak, alegia, D-IIP eredukoak.

Steilasen iritziz, “programak ez dauka inolako oinarri pedagogikorik”. Eta hori dioenean, besteak beste, irakasleen prestakuntzaz ari da. Hezkuntza Departamentuaren helburu gorena irakasleek C1 maila lortzea da, ingelesa ikastea alegia, eta horretara bideratu dituzte inbertsioak. Alabaina, oso gauza diferentea da irakasleak ingelesez ikasgaiak emateko prestatzea. Horri lotuta, bi tutoreen arteko koordinazioa funtsezkoa da, hizkuntza bakoitzean ikasgaiak nola irakasten ari diren kontrolatzeko. Baina, “tutoreek ez dute denborarik koordinaziorako, atsedenaldiak baliatzen dituzte, pasabideetan hitz egiten dute, WhatsAppez eta e-postaz ari dira”.

IIP programa erdi-murgiltze eredua da. Haur eta Lehen Hezkuntzako umeek ez dute ingelesa menperatzen eta edukiak azaltzeko orduan, sarri, azalpen maila apaldu edo baliabide bisualak erabili behar izaten dituzte. Haurrak fotosintesia azaltzeko bere hitzak erabiliko lituzke menperatzen duen hizkuntzan arituko balitz. Aldiz, ingelesez ez da moldatzen eta besteak beste esaldiak buruz ikasten ditu. Matematika, plastika edo gorputz heziketan ez da hainbesteko galera, baina hizkuntzak zeresan handia duen ikasgaietan, hala nola, natur eta gizarte zientzietan bai.

Irakasleak haserre, etsita eta nekatuta

Steilas sindikatuak IIPri buruz txostena egiteko hainbat irakaslerengana jo zuen. Haien lan jardunaz eta baldintzez gehiago jakiteko irakasleren bati ARGIAk elkarrizketa egingo liokeela adierazi diegu. Erantzuna argia izan da: “Agian norbaitek baietz esango du, baina ez dut uste nor den agertzerik nahiko lukeen”. Irakasleak etsita daude arrazoi askorengatik: prestakuntza egokirik izan ez dutelako, eskolan beste tutorearekin koordinatzeko denborarik ez daukatelako, ikastetxe batetik bestera dantzan dabiltzalako, IIPn aritzera behartu dituztelako…

Hezkuntza Departamentuak IIP programa abian jarri eta Nafarroa osoan zabaldu bai, baina prestaketa egokiko irakasle nahikorik ez. Ingeleseko C1 maila eta Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako titulua duten irakasle nahikorik ez dago. Beraz, IIP irakatsiko duten irakasleak eduki ahal izateko trikimailu bat baino gehiago erabili dute. Berez, C1 maila eskatzen zaie irakasleei, baina eskaerari erantzuteko adina irakasle ez dagoenez, B2 maila dutenak ere lanean jarri dituzte. Orain, C1 maila egiaztagiri behin-behinekoak eman dizkie irakasleei 2021. urtera arte. Steilasek esana da: “Irakasleen %80tik gorak C1 duela esaten dute, hau da, erdiak egiaztagiri behin-behinekoa du”. Badira C1 maila duten irakasleak baina Haur eta Lehen Hezkuntzako titulua ez dutenak. Haiei, tituluak lortzeko bide azkarragoak eman dizkiete.

IIPko irakasleek ez dituzte lanerako baldintza egokienak. Bitxia da gertatzen dena; hainbat irakaslek badu C1 maila, baina egiaztagiria dutela ezkutatu nahian dabiltza, ez dutelako programa horretan parte hartu nahi, badakitelako eskolak prestatzeko denbora gutxi izango dutela, formazio gutxi eta norberak beretik asko eman beharko duela. C1 daukaten beste batzuek berriz, ikasleei ikasgaiak ingelesez irakasteko adinako mailarik ez dutela uste dute.

Ikasleak erritmoa jarraitzeko gai al dira?

Batzuk bai eta beste batzuk ez. Hona Steilasek emandako adibidea: “Zambian eskolan hasi orduko ingelesez egiten dute dena. Azkarrenek dena harrapatzen dute, eta harrapatzen ez dutenak bidean geratzen dira”. IIP programan ingelesak ez ditu Zambian adina ordu hartzen, baina arazoak sortzen dira. Ikas prozesuan zailtasunak dituzten haurrak IIP baino lehen gela barruan egoten ziren eta tarteka ateratzen ziren eskola bereziak hartzeko. Orain, ingelesez ematen diren ordu guztietan gelatik kanpo dira. Beste haur batzuek ikasturtea errepikatu gabe geratu behar izan dute, ondorengo urteko haurrak IIP programan hasi direlako. Ikasle alofonoek ere nahikoa lan dute. Etxetik ez dakarte ez euskara, ez gaztelania, senegaldarren, errumaniarren eta magrebtarren seme-alabak dira besteak beste. Etxean hizkuntza bat, eta eskolan bi berri (ingelesa-gaztelania edo ingelesa-euskara).

Irakasleek beraiek diote, ikas prozesuan atzerapen txikiak zirenak behar berezi iraunkorrak bihurtu direla.

Europan beste inon ez

Europan behintzat, Nafarroa moduan dabilen bakarra Espainiako Estatuko Kantabria da. Han ere Haur Hezkuntzan hasten dira ikasgaiak ingelesez irakasten. Espainiako Estatuan (EAEn ere bai) ohikoena 3 urterekin ingelesa ikasgai gisa ikasten hastea da. Europan, orokorrean, geroago hasten dira.

Adituek zalantza handiak dituzte hain umetan atzerriko hizkuntza ikasten hasteak dituen onurez. 2014an, (ARGIA 2.424zbk.) hiru adituri haien iritzia eskatu genien EAEko hezkuntzan ingelesa irakasteko metodoaz. Ez dira pareko hizkuntza ereduak EAEkoa eta Nafarroakoa, baina adituon hitzak baliozkoak direla uste dugu. Jasone Cenozek (EHUn Hezkuntza Zientzietan katedraduna) apenas uste duen ingelesa 4 urterekin irakasten hasteak abantailarik duenik. Ahoskeran hobeto moldatzen ote diren: “Baina hemengo irakasleekin ez, eta ahoskera lortzeko hizkuntza input masiboa behar da”. Uri Ruiz Bikandiri (EHUn Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolan Hizkuntzaren Didaktika irakaslea) alferrikako gastua iruditzen zaio hain goiz hastea ingelesarekin, “eta ingelesa goiz sartuta euskararentzako zeneukan esparrua galdu dezakezu. Nafarroan hori egin dute”. Itziar Elorzari (EHUn Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea) 4tik 8 urtera bitartean ingelesa irakastea gizartearentzat errentagarria den galdetuta, dudakoa izan daitekeela erantzun zigun: “Geroago hasi eta diru baliabide berberak jarriko balira, eta beste era batera egingo balitz…”, eta EAEko hizkuntza kudeaketaz ari da, Nafarroakoarekin alderatuta nabarmen balorazio hobea jaso duena.

Demokratizazioa?

Ingelesa ikastea ikastetxe pribatuetako luxua. Hala zela diote UPNk, hainbat sindikatuk eta guraso taldek. Haiek aldiz, maila sozioekonomiko altuko familientzako zen hezkuntza eredua demokratizatu dutela diote, IIP programa ikastetxe publikoetan txertatzeari esker. Steilasen ustez, kontrakoa gertatu da, maila sozioekonomiko diferenteetako ikasleen artean arrakalak zabaldu dira. Familia zenbat eta goi mailakoagoa izan orduan eta baliabide gehiago ikasleari laguntzeko, eskolan ez bada moldatzen gurasoak lagun diezaioke (ingelesa jakiteko aukera gehiago ditu), edo neguan akademiara joango da eta udan Irlandara. Baliabide gutxiko ikasleak ez du halako aukerarik izango, eta arrisku latza ingelesa ikasi gabe geratzeaz gain gainerako ikasgaiak gainditu gabe geratzekoa.

Ez da denentzako aukera paregabea, eta horretaz gain, herri askotan, ikastetxe bakarra dagoelako, ez dute beste aukerarik izan, IIP bai ala bai.

Azterketa gainditu baduzu gela honetara, bestela beste gela hartara

Har dezagun euskararen adibidea. Ingurune erdaldunean ikaslea urtero ikasgaien %30-40 euskaraz ikasten aritu da. 12 urterekin euskara azterketa egin eta ez du gainditu. Erabat gaztelaniaz ari den lerrora pasa dute haurra. Horixe egiten dute Nafarroan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. DBH hasi baino lehen bahea pasa behar dute. Ingeles azterketa gainditzen dutenek gaztelania-ingelesa ereduan segituko dute eta gainditzen ez dutenek gaztelania hutsean. Urtetan ingeles dosi handia irensten aritu eta gero kito. Ikasgela horretan pilatzen dira etxetik alofonoak direnak, eskolan berandu hasi direnak, ikasteko zailtasun bereziak dituztenak...

Hezkuntzako lep-a eta euskaldunon ahuldadea

Nafarroako Gobernuaren lehen eskaintza. 2015eko azaroaren hasieran Hezkuntza Sailak 425 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa (LEP) iragarri zuen, horietatik 334 2016rako (320 irakaslerako eta 14 behatzailerako). Beste 91 2017rako ziren, Bigarren Hezkuntzarako irakasle lanpostuak.

Euskarazko plazak arazo. 2016rako aurreikusitako 320 plaza horietatik, 228 ziren euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Horrek sua piztu zuen Nafarroako gizartearen zati batean. AFAPNA, CCOO, UGT, UPN, PSN, PP, Izquierda-Ezkerra eta Ahal Dugu aurka agertu dira. EH Bildu, LAB, Steilas eta ELA alde.

Gaztelaniako irakasleak soberan. Euskarazko plazak gaztelaniakoak baino gehiago izateko argudio hau eman du Hezkuntza Sailak: Ingelesez Ikasteko Programak (IIP) sare publikoaren gaztelaniako zentroetan izan duen zabalkundearen ondorioz, gaztelaniako irakasle elebakarrak soberan dira eta, beraz, ez du zentzurik gaztelaniako plaza gehiago sortzea.

Madrilgo Gobernuaren helegitea. Otsailaren hasieran Estatuak helegitea jarri zuen UPNk 2015eko martxoan onartutako 358 plazako LEParen aurka. Hau ulertzeko 2015eko udal eta foru hauteskunde garaira itzuli behar da, orduan Javier Esparza UPNko lehendakari gaiak 900 lanpostuko LEPa iragarri baitzuen bere programan. Azkenean iazko martxoaren 25ean UPNren Gobernuak 358ko LEParen dekretua egin zuen, hauteskundeen atarian: 214 plaza osasunean, 134 hezkuntzan eta 10 suhiltzaileentzat.

2013, 2014 eta 2015erako Estatuak aurreikusitako irakasleen erretiroak ordezkatzeko postuak bilduta egin zuen hezkuntzako eskaintza José Iribas kontseilariak. Dekretuak ez zuen kontuan hartu 2014ko ordezkapen plazak LEP baterako erabilgarri uzteko, 2014aren amaiera baino lehenago egin behar zuela horretarako eskari formala. Estatuaren abokatuak orduan jakinarazi zion UPNri forma akats hori, baina UPNk aurrera egin zuen. Estatuak edozein unetan jar zezakeen helegitea, baina min gehien egin zezakeenean jarri du.

Kontua da UPNk ez zuela zehaztu hezkuntzako 134 plaza haietatik zeintzuk ziren 2014ari zegozkion ordezkapen plazak, amarru horrekin operazioa pasatuko zelakoan. Estatuaren abokatuak, beraz, denen aurkako helegitea jarri du.

Euskarazko 120 plaza bazterrean geratu dira. Helegitearen emaitzaren zain, eta presioen ondorioz, Haur eta Lehen Hezkuntzako 120 plaza korapilotsuak bazterrean gelditu dira (gehi behatzaileen 14ak), datozen hiru urteetan aterako direlakoan. Aurreikusitako 320 plazetatik, beraz, 200 bakarrik aterako dira orain, 108 euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Erabaki honekin sailak Hezkuntzako Mahaiaren gehiengo sindikalaren –LAB, Steilas eta ELA (%56)– aurka egin du.

Zerrenda bakarrik ez. Euskarazko lerroetako irakasleen aldarrikapen historikoa da zerrenda bakarra, baina Nafarroako Gobernuak ez du onartu. Euskarazko irakaslea gai da klaseak euskaraz zein gaztelaniaz emateko, baina hautatu behar du euskarazko zerrendan edo gaztelaniakoan joatea. Gehiago jakitea zigortu egiten zaio. Aldarrikapena da irakasle guztiak zerrenda bakarrean joatea eta bakoitzak hautatzea non eman nahi dituen klaseak. Bi hizkuntza ofizial dituzten gainerako erkidegoetan hala da.

Orain arte azterketa egun eta ordu berean izan da eta aurten bi egunetan egingo da, horrela euskaldunak bietara joateko aukera izango du. Zerrenda bakarraren aurkakoek protesta egin dute, molde honetan euskaldunak bi aukera izango dituelako. Argudio horri helduta, AFAPNA sindikatuak helegitea jarri du LEPren aurka.

Bertsio luzea:
www.argia.eus/albistea/nafarroako-hezkuntzako-epearen-labirintoan-ez-galtzeko-gida


Kanal honetatik interesatuko zaizu: IIP Ingelesez Ikasteko Progama
Nola atera daitezke ikastetxeak PAI hezkuntza programatik?

Ingelesez Ikasteko Programaren (IIP-PAI) “iruzurra agerian uzteko” eta “bertatik irteteko bideak aztertzeko” jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean. Gaur egun, Nafarroako 100 ikastetxe baino gehiagotan oraindik derrigorrezkoa da programa polemiko... [+]


PAItik ateratzeko baimena ukatu dio Nafarroako Gobernuak Castejongo ikastetxeari

UPNk Nafarroan abiarazitako eta hezkuntza eragile ugariren kritikak jasotako PAI edo IIP Ingelesa Ikasteko Programa alboratzen lehena izan da Castejongo Dos de Mayo ikastetxea. Baina Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak adierazi du ez diola horretarako baimenik ematen.


PAItik atera den Nafarroako lehen ikastetxeak Navarra Sumaren haserrea piztu du

UPNk abiarazi zuen PAI edo IIP Ingelesa Ikasteko Programa eta hezkuntza eragile ugariren kritikak jaso ditu urteotan. Castejongo Dos De Mayo ikastetxea izan da Programa alboratzen lehena, baita Behe Erriberan D eredua ezartzen lehena ere, Steilasek jakinarazi duenez. Navarra... [+]


Jose Luis Mendoza
“PAI programa ezartzea edo ez ikastetxeen erabakia izanen da”

Ingelesez ikasteko programa ezarri duten lehen ikastetxetako ikasleekin ebaluatu dute programa bera. Ikastetxe horiek "ikasle aniztasun" txikia dutela nabarmendu du Roberto Perezek eta horrek ebaluazio-txostenean eragina izan duela dio. 


Motxila bete kezka

Kanpo-azterketa berriak, aldaketak ikasgaietan, ingelesezko ordu gehiago, ebaluaketa irakasleei, mugimenduak goi-karguetan… Bero dator ikasturtea Hego Euskal Herrian, LOMCE, Heziberri, Ingelesez Ikasteko Programa edota D ereduaren zabalkuntza tarteko.


Motxila bete kezka

Kanpo-azterketa berriak, aldaketak ikasgaietan, ingelesezko ordu gehiago, ebaluaketa irakasleei, mugimenduak goi-karguetan… Bero dator ikasturtea Hego Euskal Herrian, LOMCE, Heziberri, Ingelesez Ikasteko Programa edota D ereduaren zabalkuntza tarteko.


Jose Luis Mendoza
"Erabakiak mila bider azalduagatik komunitate honetan aurrejuzgu pila bat dugu"

Patata beroa egokitu zaio Nafarroako Hezkuntza kontseilariari: Lan Eskaintza Publikoa, D eredua, Ingelesez Ikasteko Programa, LOMCE… Konfrontazio eremu bilakatu dira euskara eta hezkuntza Nafarroan, eta erdi-erdian harrapatu du Jose Luis Mendoza (Carcar, 1954);... [+]


Eguneraketa berriak daude