argia.eus
INPRIMATU
Txantxangorriaren hegaldiak!
Pako Sudupe 2016ko otsailaren 24a

Bernardo Atxagak “Txantxangorria txantxate, birigarroa alkate, xoxoa dela mediante, txepetxa preso sartu dute” kopla zahar honi emandako interpretazioaren arabera, txantxangorria urte berriaren ikur da, urte guztian ez baizik abenduan ikus dezakegulako gure inguruan, eta entzun haren txantxana. Urte berriaren ikur izatea polita da, baina urte guztian oso gutxi agertzen da, eta gero eta hiritarragoa dugun gizartean gero eta ezezagunagoa, exotikoagoa da.

Aspaldiko esaera da, bestalde, Jesukristo gurutzean iltzaturik zela, arantzak kentzen aritu zitzaiola, eta Jesusen odol tanta paparrean gelditurik, horregatik dela papar-gorria. Esaera horren indarra, baina, hutsaren hurrengoa dugu gaur egun.

Txori txikia da, bakartia, eta indibidualista. Hiruzpalau urte bizitzen da, egungo legegintzaldiak bezala. Egungo bizimodu hiritarrean ezer gutxi den,  eta gehienentzat guztiz ezezaguna den txori txiki bakarti, indibidualista bat hautatu dute, beraz, euskararen ikur, EAEko hizkuntza-politikaren arduradunek.

Txori txiki gisa irudikaturiko euskaldun apal horrixe egiten zaio gonbidapena, bere moduko txori txikiekin hegan egin, eta zeruaren mugara hel dadin, hots, euskararen salbamenaren zerura

Atzoko “gutxi asko da”-tik txantxangorriaren eskutik, “Eman hegoak euskarari”-ra igaro gara: “Elkarrekin hegan egitean, bertigoa badoa. (...) Elkarrekin, zeruaren muga ez dago horren urrun. Elkarrekin hitz bat ozenago entzuten da, ehunka txoriren hegaldia bezala. Hau da gure sinboloa, denona. Euskaraz hitz egiteko gonbidapena”.

Txori txiki gisa irudikaturiko euskaldun apal horrixe egiten zaio gonbidapena, bere moduko txori txikiekin hegan egin, eta zeruaren mugara hel dadin, hots, euskararen salbamenaren zerura; eta, adoretzeko, muga hori urrun ez dagoela esaten zaio. Zer emozio sortuko ote du kanpainak gurean bizi den erdaldunarengan? Errukia? Ezaxola?

Ehunka eta milaka txorik elkarrekin hegan egin dezagun, lehen eskakizuna euskararen ezagutza unibertsalizatzea da, hasteko, irakaskuntzaren bidez, eta horretarako behar diren politikak –D eredua indartu eta zabaldu; A iruzurra denez baztertu, eta B ere bai, baztertzen joan, ehuneko handi batean ezgauza baita!– abian jartzea. Horrekin batean, zer beharrezkoak ditugun motibatzaileak, euskaraz egin nahia sortuko duen jendea. Zein premiazkoa genukeen ikasleak euskaraz egitera bultzatuko dituzten motibatzaileen sare handi bat; betiko arlo oso herrenak ahaztu gabe: Osakidetza, Ertzaintza, Justizia, eta estatuaren mendeko administrazioa.

Epe luzeko helburuak bete zain egon gabe, euskaldunok hegaldi gero eta luzeagoak eta eremu gero eta zabalagoetara eginez, gero eta txori txiki gehiagorekin. Kanpaina instituzional ausartagoak behar ditugu, eta helburu eta baliabideak ere bai!