Lau hilabete eskas dira Ipar Euskal Herriak lehen aldikoz nortasun instituzionala lortuko ote duen jakiteko. Aspaldiko ezagupen aldarrikapenari Frantziako Estatua erantzun bat ematekotan da, herri guztiak bilduko dituen herri elkargo bakarra sortzen lagunduz. Hitza eta erabakia halere, hautetsien esku daude. Lehen fasean prefetak mahai gainean ezarri proiektuaz iritzi kontsultagarria emateko parada izan zuten udalek pasa den urtearen bukaeran. Nehork aurreikusi ez zuen parte-hartzea izan zen eta herriko kontseilu guziek deliberatu zuten, aldekotasunak gehiengo handia bilduz. Bigarren fasean gara bete-betean, non eta Departamendu osoko hautetsiek osaturiko batzorde batek zuzenketak onartzen ahal dituen, bi herenak alde agertuz gero. Amikuzeko Barthélémy Aguerre jauntto famatuak bere eskualdea Biarnorekin lotzeko proposamena ekarri du, baina arras boz gutxi bildu. Dirudienez, nehork ez du besterik proposatuko prefetaren proposamena zalantzan ezartzeko. Hirugarren fase erabakigarriak martxoaren hondarretik hasi eta 75 egun iraunen du, herriz herri zinegotziek bai ala ez erran beharko dutelarik. Azkenik, bigarren urte erdian, elkargoaren estatutuak idatzi, konpetentziak hautatu eta fiskalitatea adosteko paktu politikoak lotu beharko dira, 2017ko urtarrilaren 1ean elkargoa funtzionatzen hasteko.
Ibilbide horren erdian proiektuarekin arras kritiko agertu diren hautetsi batzuek, tartean hirigune handienetako lau auzapez, beste proposamen bat aurkeztu berri dute: gaurko hamar herri elkargoak zortzi bihurtzea –legearen salbuespenak aplikatuz– eta haien arteko koordinazio poloa sortzea. Eskubide osoz egindako proposamena eztabaida demokratikoaren ikuspuntutik eskertzekoa izan liteke baina katu horrek halere, badu beste buztanik. Adierazgarria izan da aurkezpen prentsaurrekoan barnealdeko batzuek kostaldearen nagusitasunaren kezka aipatzea, ondoko hirigunekoek elkargoaren asanbladan barnealdeko ordezkarien kopuru handiegia salatzen zuten bitartean. Prozedura epez kanpo aurkezteagatik eta bere ahuleziengatik proposamena ez da alternatiba sinesgarri bat. Zortzi elkargoen mapa ez dute aurkeztu eta ahanzten dute elkargo bakarraren hipotesia huts eginez gero, Iparraldea hirutan zatitzeko prefetaren promesa. Ez dute erraten polo horretan lurralde osoaren presentzia ez dela segurtatua. Mamuak piztu, beldurrak hauspotu eta dudakor guztiak federatzeko egina da, hots, herri elkargo bakarrak hirugarren fasean lortu behar dituen bi gehiengoetarik bat –populazioaren erdia ordezkatzen duten herrien erdia– galarazteko azken momentuko saiakera. Nekez lortuko dute, baina sekula ez da halako polarizazio gordinik ikusi Iparraldeko klase politikoan.