argia.eus
INPRIMATU
Austeritatearen kontrako “B plana”
Juan Mari Arregi 2016ko otsailaren 24a

Kapitalismo basatia –gaur egun neoliberalismo deitzen dioguna–, Europan eta Europar Batasuneko instituzioetan dago. Bozetan hautatuak izan ez direnek (multinazionalak, bankuak, inbertsio funts handiak...) euren lobbyekin eta presioarekin EBren batzordeak kontrolatzen dituzte, euren intereseko araudi eta legeak markatuz. Kapitalaren edo merkatarien Europa izenez ezagutzen dugun horren parte dira. Presio talde horiek inposaturiko doikuntza politiken ondorioak langileek eta herritarrek jasaten dituzte: langabezia eta txirotasuna, soldata eta pentsio eskasak, murrizketak osasungintzan, hezkuntzan eta menpekotasun laguntzetan...

Errealitate horren aurrean, Europako ezker politikoa, jendartea eta sindikatuak isolaturik eta elkartu gabe egon dira. Greziak 2015ean erakutsi zuen EBn konkista sozialak defendatu ahal izango ditugula soilik lortzen badugu mugaz gaindiko mobilizazioak sortzea. Zentzu horretan, onuragarriak dira austeritatearen kontrako Europako “B plana” eraikitzeko egiten ari diren saiakerak. Lehen pausoak Alemanian eman dira, Varoufakis greziar ministro ohiaren eskutik, DIEM25 proposamenarekin. Pasa den asteburuan Madrilen izan du jarraipena proposamen horrek, eta bertan euskal ordezkariek ere hartu dute parte.

Zutabe hau idazten ari garenean, oraindik ez dakizkigu Madrilgo europar gailur alternatibo horren ondorioak. Ea denok batera urratsak emateko oinarriak jartzen diren, eta Europar Batasunaren politikek eta kapitalismoak inposaturiko austeritatea, desoreka, pobrezia, langabezia, iruzur fiskala eta abarren kontra elkar hartuta borrokatzen hasten garen.