"Herri asko desagertu dira mundutik eta Euskal Herria ere desagertu daiteke"

  • Sakanako Arruazu herriko artzaina. Askapenako kide izateagatik atxilotu zuten eta bost urteko jazarpen eta sufrikarioaren ondoren absoluzioa iritsi berri zaio berari eta auzipetutako beste lau ekintzaileei. Militantzia politikotik, artzaintzatik eta euskaratik munduari egin nahi dion ekarpenaz aritu gara.

Artzaintzan ustiaketa industrialaz: "Zein da lehentasuna? Gure inguruak behar duena ekoiztea edo gure enpresa aurrera ateratzeko behar dena? Kontraesan horiek baditugu".(Arg:Dani Blanco)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Noiztik artzain?

Duela sei-zazpi urte hasi ginen. Arruazu herri txikia da, abeltzaintzatik eta nekazaritzatik bizi izan da orain dela gutxi arte. Etxe askotan azienda zegoen eta bizitza utopiko bezala nuen txikitatik. Duela hogei bat urte hil zen gure osaba bat izan zen herriko azken artzaina. Berak erakutsi zidan lanbidea. Nik hori gordeta neukan eta horregatik duela zenbait urte etxeko larretxo batean ardi batzuk jarri eta poliki-poliki, lehengusu eta anaia batekin ikusi genuen aukera zegoela zerbait egiteko. Artzain eskolan aritu nintzen eta Gipuzkoako Bidaniko baserri batean urtebete egin ondoren osatu genuen gaur egun dugun 400 bat buruko artaldea. Familia proiektua da eta hasieratik lagundu digute denek, zalantzekin, hori bai, artzainarena oso prestigio gutxiko lanbidea delako.  

Gazta ere egiten duzue Idiazabal sor-markaren barruan.

Albi gaztak. 5.000-6.000 kilo urtean. Albi zen gure osaba artzainaren etxolaren izena, han goian Aralarren. Guk ere ardiak han larratzen ditugu. Albin bada trikuharri bat, guk Jentil Harria deitzen duguna, eta kontu bitxia da, han artzain baten aztarnak aurkitu zituzten, bere lanabes guztiekin. Duela 9.000 urte inguruko trikuharria da, Neolitokoa. Milaka urtetan ez da artzainik gabeko unerik egon Aralarren. Guretzat hori berezia da, guk artzaintza ez dugulako lanbide huts bezala ulertzen, herriari eta etorkizunari egiten ahal diegun ekarpen bezala baizik. Bioaniztasunaren baitan, gizakiak belaunaldien arteko lotura egiten du bere hizkuntza eta kultura bidez. Horregatik, gure etxaldean bisitak antolatzen ditugunean hizkuntzaren garrantziaz hitz egiten dugu jendearekin. Jendeari azaltzen diogu, adibidez, “ongarri” hitzak “onura ekartzen duena” esan nahi duela edo “hausnartzea” badela ardi eta behiek egiten dutena belarra jaterakoan. Hizkuntzaren bidez baloreak eta milaka urtez pilatutako jakintza transmititzen dira, herriak bizirik iraunarazteko beharrezkoak diren ikuspegiak.

Gaur egun hori dena atzerakoitzat hartzen da, baina prestigioa berreskuratu behar dugu gizakiak etorkizuna izango badu.

Zergatik etorri zinen hiritik herrira?

Ama erizaina eta aita palista zen Diputazioan. Astegunez Iruñean bizi ginen, baina beti herrira joateko desiratan. Hirian lekuz kanpo sentitzen nintzen. Ez naiz ikasketetan sekula ona izan, edo gutxienez, ez dut fundamenturik jarri. Batxiler garaian, ikastolatik atera eta hemendik hara ibili nintzen hiru urtez. Iturrama institutuan lehenbizi eta gero Ermitagañakoan, gauez eta erdaraz ikasi nuen. Orduan osaba batekin hasi nintzen lanean sukaldeko altzariak muntatzen. Leitzan denboralditxo batez aritu eta gero Arruazura etorri nintzen.

Amaren familia Erronkarikoa?

Izaba eta Uztarrozekoak. Amaren aitona-amonak Erronkariko azken euskaldunetakoak izan ziren. Birraitona UGTkoa zen eta gerra garaian atxilotu eta Ezkaba mendiko presondegian egon zen. Han euskara zaharra galdu zen, baina hemen Arruazun giroa oso euskalduna da, familian eta herrian.

Herri mugimenduetan lanean nola hasi zinen?

Bizitzaren zati garrantzitsu bat militantziari eskaini diot. Militantzia ulertzeko nire modua da pentsatzea zer eskaini diezaiokedan gizateriari bizi naizen artean. Gazte mugimenduan aritu izan naiz. San Fermin ikastolan, adibidez, 14 urterekin, Euskal Herrian herri mugimenduetan garatzen ari ziren hainbat borroka eta lan ildo ordezkatzeko plataforma osatu genuen: intsumisioa, preso politikoen eta amnistiaren aldeko mugimendua, borroka feminista…

Gero Ikasle Abertzaleak taldean militatzen hasi nintzen, Donibaneko Gazte Asanbladan, Arruazuko gazte taldean bertako euskararen aldeko ekimenetan, Donibane auzoko Zarata Irratian presoen inguruko saio bat egiten genuen eta auzoko inauteriak berreskuratu genituen… Oso garai polita izan zen.

Eta ondoren Askapenan hasi zinen?

Askapenara egin nuen salto beste borroka batzuk ezagutu nahi nituelako. Puri-purian zegoen zapatisten altxamendua eta indigenen altxamenduen eta gurearen artean lotura handia ikusten nuen. Arrebak brigada bat egin zuen Chiapasen eta hurrengo urtean ni joan nintzen. Txundituta, konturatu nintzen munduko borroka guztien iturburua askatasun eza izaten dela. Norberaren identitatea eta burujabetza ezin garatu izana aurkitu genuen mugimendu guztien sustraian.

Duela hamalau urte, urtebetez Mexiko, Guatemala, Kuba, Salvador eta Nikaraguan ibili ginen hainbat borroka molde ezagutzen. Gauza asko ikasi genuen, adibidez, Guatemalan borroka lurra berreskuratzea zen, eta Kuban berriz, nekazaritza ereduaz mintzo ziren. Han agroekologiaren printzipioa ezagutu nuen. Hiriak eta herriak nekazaritzaren inguruan antolatzen ari ziren, herritar guztiak modu iraunkorrean elikatzeko helburuarekin.

Askapena epaiketaren aurkako mobilizazioa Iruñean, 2015eko urriaren 12an. (Arg: Idoia Zabaleta/Argazki Press)

Mundu globalizatu eta kapitalistan erresistentziara kondenatuta?

Klase arteko gatazka etengabea da eta talka horretan gizakiak aurrerapauso nabarmenak eman ditu pertsona xumearen ahalduntze prozesuan. Beltzek egin dituzten borrokak, esate baterako, eskubide zibil eta politikoen arloan izan dituzten lorpenak ikaragarriak dira, baina horien atzean dauden sufrimendu eta borrokak ere izugarriak dira.

Urte hauetan ikasi dudan beste gauza garrantzitsua da inoiz ez dela lorpenik egon borrokarik gabe. Aldaketak ez dira berez gertatzen. Guk ekarri behar ditugu. Ez bagara mugitzen ez dira etorriko. Eta bide horretan, segur aski, askotan galdu egingo dugu. Etsaia, hau da, nire interesen aurkako helburuak dituena eta horiek lortzearren estrategia garatzen duena, garaile ateratzen da askotan.

Guk ere ikasi behar dugu gure lorpenen irakurketa egokia egiten, garaipenak edukitzen jarraitu ahal izateko. Herri asko desagertu dira mundutik eta Euskal Herria ere desagertu daiteke. Horretaz ez gara jabetzen. Errealitate hau, bere hizkuntzarekin eta bere jendearekin, desager daiteke. Pertsonek jarraituko dute, baina errealitate hau desager daiteke. Ez bada desagertu jada, hainbat pertsonaren erresistentziagatik izan da. Euskal Herria lorpen bat da. Munduko koloreetan beste bat gehiago, eta guk ez badugu defendatzen, beste inork ez du egingo.

Artzaintza, erresistentzia bidea.

Artzaintza da alde utopikoa garatzeko aukera ematen didan bizimodua. Herri bezala aurrera ateratzeko modu bat da, eta bestetik, pertsona eta langile gisa aske lan egiteko aukera. Hortik abiatuta beste hausnarketa orokorrago bat egiten dut: Arruazun, artzaintza bezala, galdutzat ematen ditugun gauza batzuk berreskuratu daitezke eta etorkizunerako aktibo bihurtu, hizkuntza, esate baterako. Euskara ez dago galdua, baina argi dago galtze arrisku iraunkorrean dagoela. Oso hiztun gutxi gara eta gainera jazarriak. Batzuek uste dute jada desagertutzat eman beharko genukeela, eta aldiz, beste askok pentsatzen dugu munduari zerbait eskaini ahal diogula hizkuntzaren ikuspegitik. Azken finean, euskara ez da euskaldunona, munduarena baizik.

Artzaintza zure bizitza antolatzeko saiakera dela diozu, bizi garen sistemak sortzen dituen kontraesan guztiekin. Zein dira kontraesan horiek?

Asko. Gurea, esate baterako, enpresa da eta salerosketatik bizi da ekonomia eta merkatu legeen arabera. Produkzioa ikuspegi industrialetik begiratu beharrean gara, baina zein da lehentasuna? Gure inguruak behar duena ekoiztea edo gure enpresa aurrera ateratzeko behar dena? Kontraesan horiek baditugu eta aitortu behar ditugu, baina ez onartu.

Askapenako militante bezala “Dena ETA da” teoriaren biktima izan zara?

Asmakizun hori logika zahar batetik dator. Etsaiak beti mamuak sortzen ditu kalte egiten dionarekin. Ideiak edo aukera eraldatzaileak dira mamuak, ez taldeak. Arazoa dator haien hegemonia zalantzan jartzen denean. “Dena ETA da” ideia nazioarteko testuinguruan ulertu behar da: AEB ordezkatzen duen sistema kapitalistaren eta Sobietar Batasunaren arteko talka amaituta, polo bakarreko mundura pasa gara. Orain sistema kapitalistan dauden tentsioengatik eta hegemonia lortu nahiarengatik sortzen dira talkak. Sistema kapitalista bultzatzen duen ikuspegi inperialistak beti zapalkuntza ekarri ohi du eta zapalkuntzak ongarritutako eremuetan sorrarazten da mamu berria: terrorismoa.

Ondoren, haren inguruan, egitura legal, juridiko eta administratibo osoa eratzen da mamua kontrolpean izateko. Horretaz baliatzen dira, adibidez, Euskal Herrian proiektu politiko iraultzaile eta kritikoak desegiteko. Proiektuak bere osotasunean deuseztatu nahi dituzte, ez taldeak soilik. ETAren kasuan, ETA mendean hartuko dute ez ekintza armatuak egiteari uzten dionean, baizik eta bere proiektua desagertzen denean, eta hori da gaur egun ikusten ari garena. Lehen, armak utzi arte ezin zen hitz egin. Orain beste buelta bat gehiago eman dute eta hori jada ez da nahikoa. ETA dagoen bitartean proiektu totalitarioa ordezkatzen duela dio Estatuak. Gainera, diskurtso hori, ekintza errepresiboetan, jazarpenean eta beldurrean dago sostengatuta.

“Dena ETA da” horren atzean agerikoa da estrategia politikoa dagoela, eta gu ez gara gai izan hausnarketa politiko kritikorik egiteko. Batzuek pentsatzen zuten ETA desagertu ondoren hausnarketa egitea errazagoa izango zela benetako arazoa ETA zelako, Estatuak zioen bezala. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Azken urteotan jende pila atxilotu dute Twitterreko txioengatik. Ikusi dugu M15 bezalako estatu mailako mugimendu kritikoa nola lotu duten berehala ETArekin.

Iruditzen zait Euskal Herrian, eta ezker abertzalean gehienbat, batzuk modu estankoan ari direla pentsatzen, orain gertatzen ari diren gauza guztiak garai bateko gatazka politiko-militarraren ondorioak direlakoan, eta ez da horrela. Lege berriak, Mozal Legea kasu, hala nola legeen interpretazio berriak daude, eta beti egongo dira. Errepresioak jarraituko du eta hemendik aurrera erresistentzia nola egin behar dugun pentsatu behar dugu.

Nolakoa izan zen zure atxiloketa?

Ez ninduten torturatu, baina oso gogorra izan zen niretzat eta ingurukoentzat. Bortitz sartu ziren, eta gure haurrak (orduan bi urte zituen), gauez beldurra izaten jarraitzen du. Etxeko atarian zegoen familiaren eta lagunen aurka kargatu zuten eta hori ikusarazi zidaten. Hasieratik mehatxuak egin zizkidaten, gelditu gabe. Jipoiak noiz hasiko zain beldurrez egon nintzen hasieran.

60.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zenuen.

Ez sinatzea izan zen nire lehen erreakzioa, familia osoan ez genuelako hainbeste diru. Oso latza izan da. Etxea, kontu korronteak, autoak, inguruko guztien aurrezkiak… dena enbargatua izan dugu, eta gainera krisi garaian. Tortura bezala, dena pentsatua dago zure pausoak baldintzatzeko. Norberak bere erabakiak har ditzake, baina ikusi behar du inguruko jendearengan zein ondorio dituen.

Borrokan jarraitzeko asmorik bai?

Bai, hori beti, baina ikusi behar da nondik. Ni artzaina naiz, ardiak ditut eta elikadura burujabetzan borroka izugarria dago egiteko. Printzipio agroekologikoetan sinesten dut, sindikalismo aktiboan ere bai, EHNEko eta Bizilur-eko kidea naiz eta hor badut sakontzen lan handia, baina saltsa askotako perrexila naiz.

Azken hitza: Amesgaiztoaren alde onak

“Bost urte latz eta oso luzeak izan dira. Poliziaren etengabeko jazarpena pairatu dugu, baina, bestalde, harrigarriak izan dira aurkitu ditugun jarrerak. Zenbait sektore politikotan eta zenbait pertsonarekin sorpresak izan ditugu. Erakutsi dugu konfrontazioaren diskurtsoarekin kalera atera gaitezkela, desobedientzia aldarrikatuz kolore laranjarekin, ‘Libre’ leloarekin. Aldi berean, parlamentura joan gara Podemos edo Izquierda-Ezkerrarekin gure egoeraz hitz egitera, eta berdin Katalunian, Madrilen, Irlandan, Bruselan, Italian… Jende askorekin solas egin eta ikusi dugu ados daudela eskubide sozial eta politikoen defentsan. Jarrera horiek astindu behar ditugu, behartu. Kaleko jendeak presionatu behar ditu politikariak horren alde ager daitezen publikoki eta beldurrik gabe”.

Aritz Ganboa (1979, Iruñea)
Sakandarra bihotzez. Arruazun, aitaren familiaren herrian, bizi da. Artzaina. Duela sei urte anaia eta lehengusuarekin Albi gaztak ekoizten hasi ziren, agroekologia eta elikadura burujabetza printzipioetan oinarriturik. Askapena erakundeko beste sei kiderekin batera atxilotu zuten 2010ean. Hiru hilabeteko kartzelaldiaren ondoren, fidantzapean atera zen kalera. Otsailaren 3an, haien absoluzioa iritsi da Espainiako Auzitegi Nazionaletik.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internazionalismoa
2024-11-18 | Euskal Irratiak
Palestinar herriari elkartasuna helarazi diote Makeatik

Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.


2024-10-29 | Leire Ibar
Baldintzapeko askatasunean aske geratu dira bi preso iruindar

Josune Arriaga eta Aurken Sola, hurrenez hurren, hamalau eta hamasei urteko espetxealdien ostean, baldintzapeko askatasunean irten dira kalera Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez.


2024-10-03 | Gedar
24 orduko barauak egingo dituzte aste honetan Euskal Herrian, Palestinarekin elkartasunez

Ostegun arratsaldean hasiko dira baraualdiak, eta bost gune antolatu dituzte ekimenari lotuta: Bilbon, Altsasun, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Larunbat eguerdian, berriz, manifestazio handi bat egingo dute Bilbon, palestinar erresistentziarekin elkartasunez eta... [+]


Palestinarekin elkartasunean manifestaziora deitu dute urriaren 5ean Iruñean

Su etenaren aldeko kolektiboek, osasun langileek, suhiltzaileek, kirolariek…bat egin dute Golem zinemetatik irtengo den protestaren deialdian. Duela urtebete gogortu zen sarraskia salatu eta 76 urtez luzatu den Palestinarren borrokari elkartasuna adierazteko manifestazioa... [+]


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


EH Bizirik-ek eta Askapenak Italiako AHTaren aurkako borroka ezagutuko dute uztaileko brigadetan

Euskal Herria Bizirik eta Askapena brigada bat antolatzeko elkartu dira. Europan lurraldearen defentsan dauden bi borroka bisitatuko dituzte: Lurraren Altxamenduaren borroka Frantziako Estatuan, eta NO TAV mugimendua Italian.


2024-07-02 | Gedar
Bidasoko suhiltzaileak Palestinako bandera kentzera behartu ditu Gipuzkoako Aldundiak

Maiatzean jarri zieten debekua, berriki salatu dutenez. Larunbatean, Palestinarekin elkartasunez mobilizatu ziren Hego Euskal Herriko parke denetako suhiltzaileak.


2024-06-05 | Axier Lopez
Jaurlaritzaren eta Israelen arteko “lankidetza” salatu dute Bilbon

Uribe Kostako Palestinaren aldeko Khalas! elkartasun taldeko hainbat kidek salaketa ekintza egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza barruan. Jaurlaritzak Israelekin dituen harremanak azaleratu eta salatu nahi izan dituzte.


Israel Olinpiar Jokoetatik baztertzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak

Contigo-Zurekin taldeak proposatutako ebazpena onartu du Nafarroako Parlamentuak, EH Bildu eta Geroa Bairen aldeko bozkekin. Israelek Gazan duen jarrera genozida salatu eta neurriak hartzeko eskatu dio Parlamentuak Nazioarteko Olinpiar Batzordeari.


“Badira hartzea merezi duten arriskuak, genozidioa gelditu behar dugu”

Hiru militante euskaldun itsasoratuko dira Gazara bidean apirilaren 21ean, Turkiatik irtengo den Askatasunaren Ontzidian: Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Ostegunean hartu dute Bilbotik Istanbulera eraman dituen hegaldia, eta bi egun lehenago... [+]


Askatasunaren Ontzidiak blokeoa apurtu eta laguntza humanitarioa sartu gura du Gazan

Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.


Palestina: (ez) gure izenean

Herritarrok kalera irten gara behin eta berriro Palestinarekin elkartasuna adierazteko. Herriaren nahia argi utzi dugu. Hala ere, instituzioek gor eta tinko jarraitzen dute sionismoari arnasa ematen. Palestinar herriak sufritzen duen genozidioaren inguruko berriak (zaharregiak... [+]


2023-12-12 | ARGIA
Israelek hil dituen milaka palestinarren izenak irakurriko dituzte azpeitiarrek abenduaren 22an

Abenduaren 22an Azpeitiko herriko plazan egingo dute Gazako sarraskia salatzeko ekimena. Herritarrek bata bestearen atzetik irakurriko dituzte ahoz goran Israelek hil dituen dozenaka milaka palestinarren izenak.


Eguneraketa berriak daude