argia.eus
INPRIMATU
Zordanaz
Anuntxi Arana 2016ko otsailaren 17a

Behin bazen mundua banatzen zuen marra garbi bat, Lurreko kondenatuak alde batean baitzeuden erabat. Aspaldi honetan marra bihurritzen hasi dela badirudi, espiralak egin arte. Eta orain, etorkin eta errefuxiatuen anfitrioi izatea tokatzen denean, on da 1936ko gerlatik ihes joan zirenak gogoratzea, baita etorriek sexu berdintasunaz dituzten ideiek gogaitzen gaituztenean ere.

Arrazismoa sustatzeko erabiltzen dira arrotz batzuen jarrerak, eta Koloniako gertaerak. Edo arrazismoaren aurka jotzeko gutxiesten dira: ororen buru, hemen ere txakurrak ortozik eta matxismoa nonahi berdintsua. Ez ba! Emazteen zanpaketa ez da mundu guztian maila berekoa; borrokatuz lortu diren aurrerapenak ez dira arbuiatzekoak, ez eta ahaztekoak erresuma batzuetan usadioz eta legez onetsiak diren praktika sexistak. Salbu pentsatzen bada sexismoaren larritasuna baloratzeko orduan egokia dela neurgailu desberdinak erabiltzea: nolako azala halako minbera, guretzat jasanezina haientzat eramangarria... eta ikuspegi horretan ez dela arrazismorik.

Edozein ohitura eta erlijioren gainetik, oinarrizko Jende Eskubideak unibertsalak direla usteko arrazoi asko badira, eta emakume askok badakite. Hirugarren Munduan eskubide horiek dituzten hastapenak eta erroak ikertu ditu Kumari Jayawardena srilankarrak, eta iazko bukaeran hil den Fatima Mernissi marokoarrak gogorarazten du feminismoa deskolonizazio mugimenduekin batera ibili dela.

Mendebaldean bezalaxe, Ekialdeko feminista anitzek salatu dute beren kulturak eragiten duen menderakuntza, baita haren sinboloen erabilera ere

Mendebaldean bezalaxe, Ekialdeko feminista anitzek salatu dute beren kulturak eragiten duen menderakuntza, baita haren sinboloen erabilera ere. Wassyla Tamzali aljeriarrak penaz ikusten du nola bideratu duen ezkerrak beloari buruzko eztabaida, haren iritziz sumisioaren adierazle eta sustatzaile den janzkera bat ezin delako askatasunaren erakusle izan, ez boluntarioa denean ere. Emakumeen gorputza ideologian eta politikan nola erabilia den nabarmendu dute feminista horiek, eta ez dute ulertzen zergatik hemen babestu behar diren han berek deitoratzen dituzten jokaera zapaltzaileak.

Zergatia bada, bai, eta ez hutsala: haien ohiturak arbuiatuz, jadanik baztertuta daudenak are gehiago baztertzeko arriskua dugu. Gainera, haien zordunak gara, jendarte aberatseko biztanle garen neurrian. Eta galderak: nola izan liteke kitatzeko txanpona funtsezko eskubideen ukapena onartzea. Zordana da ordaintzekoa, ez zorreztana; haien onak gureganatu eta gure onena eman, xenofobia elikatu gabe kultura desberdinen arteko erreka leunduz, berdintasuna bilatzen badugu. Erraza ez da, baina ez Europan autoktonoen bortxakeriaren aurkako manifa masiboak antolatzea baino nekeagoa, kuanto!