argia.eus
INPRIMATU
Lurdes Imaz: “Catering enpresak gurasoen kuotatik aberasten aritu dira”
  • Eskola-jantokietako catering enpresen ustelkeria kasuaz mintzatu da Lurdes Imaz Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko (EHIGE) bozeramailea. "Oso gai larria” dela azpimarratu du Imazek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko otsailaren 17a
Bi dira EAEko ikastetxe publikoen artean bertako sukaldeari eusten dioten bakarrak: Larrabetzukoa eta Erandioko Altzaga ikastetxea (irudian).
Bi dira EAEko ikastetxe publikoen artean bertako sukaldeari eusten dioten bakarrak: Larrabetzukoa eta Erandioko Altzaga ikastetxea (irudian).

EAEko ikastetxe publikoetan jana banatzen duten zortzi catering enpresari guztira 18,4 milioi euroko isuna jarri diete, Lehiaren Euskal Agintaritzak frogatutzat jo baitu merkatua banatu zutela eta hamar ikasturtetan (2003-2011 eta 2013-2015 bitartean) jokabide irregularra izan zutela. Honako enpresei jarri diete isuna: Eurest (6.640.713 euroko isuna), Auzo Lagun Kooperatiba (6.108.446 euro), Gastronómica Cantábrica (1.626.662), Baska (1.546.226), Tamar Las Arenas (1.108.347), Magui (775.827), Goñi (522.879) eta Eurest Euskadi (135.497).

Eider Olazar kazetariak Lurdes Imaz elkarrizketatu du Info7-n, eta bere hitzetan, "honek erakusten du azken hamar urteotan familiok zegokiguna baino gehiago ordaintzen aritu garela; gurasoek ordaindu beharreko kuota igotzen joan dira eta kuota horretatik aberasten aritu dira. Berrikusi egin beharko da hori guztia”. Halaber, isuneko dirua eskola publikoko jantokietan inbertitzea espero du EHIGEk.

Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna

Bat kenduta, jantokietako janariaren ardura enpresa berdinen esku jarraitzen duelako kezkatuta ere agertu da bozeramailea, “isuna jaso duten enpresak direlako gure seme-alaben jantokiak kudeatzen ari direnak”. Eta afera honetan guztian Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna handia dela nabarmendu du, hark eskaintzen duelako zerbitzua, erabakitzen duelako zeini esleitu, eta azken buruan hari dagokiolako jarduna modu egokian egiten dela bermatzea, “diru publikoaren kontrola eramanez, xahutu beharrean”.

Bestelako kudeaketaren alde

EHIGEren aspaldiko eskaera da, Jaurlaritzak araudia alda dezala, jantokietan bestelako kudeaketa ahalbidetzeko. Imazen esanetan, ikastetxeek edota guraso elkarteek hala nahi dutenean, jantokia eurek kudeatzeko aukera eman beharko lieke Jaurlaritzak, gainerako ikastetxeek dituzten baldintza eta babes berarekin –catering enpresekin ari ez diren ikastetxeek ez baitute diru-laguntzarik jasotzen, praktikan eskola publikoak catering sistemara kasik derrigortuz–. Egungo kudeaketa mota oso zurruna dela kritikatu du, hala nola ez duelako aukerarik ematen bertako produktu eta ekoizleekin jokatzeko eta ondorioz, bertako ekonomia bultzatzeko.

Kudeaketa berri bat eskatzeko agerraldia egin du EHIGEk: Aldaketak eskatzen ditugu eskola-jantokien kudeaketan.