argia.eus
INPRIMATU
Itxaropena (II)
Oihana Etxebarrieta @betaurrekomorea 2016ko otsailaren 17a

Itxaropentsu nago. Emakume baten aurkako kanpaina sexista hasten denean, elkartasun feminista martxan jartzen da. Adibidez, CUPeko emakumeek emandako erantzuna azpimarragarria iruditzen zait. Queerrek edo bollerek egin bezala, jasotako mespretxu eta hitz itsusiak haienak egin eta lanean jarraituko dutela esan zuten. Irain horiek pertsonaletik atera, eta duten izaera politikoa azpimarratzeaz gain, jarrera politiko argi bat utzi zuten mahai gainean. Badugu zer ikasia.  

Zirraraz beterik nago. Angela Davis izan dugu gurean, eta bere ekarpen aparta entzuteko aukera ikaragarria izan bada ere, barruak mugitu dizkit haren inguruan sortutako eztabaida eta foro ezberdinetan atera den diskurtso feminista entzun ahal izateak. Bazterretan egon diren identitate horiek gure politikaren eta subjektu eraldatzailearen erdigunean egon behar dutela entzun diot gazte bati, feminismoa gizarte ongizatearentzako bermea dela sindikalista bati, norbere buruaren eta taldearen zaintza ardura politikoa izan behar duela feminista bati. Eta hori guztia txalotzen zuen eta aurrera eraman nahi duen jendearen ilusioarekin sentitu dut. Orain, ideia hauek guztiak eraikitzeko momentua da eta zuekin batera bidean izango nauzue.