"Legezko bidea ukatu digutenez, gure eskubideen alde desobeditu beharko dugu"

  • Lau urtez bere herrian zinegotzi aritu ostean, irailean Kataluniako Parlamentura egin zuen salto Albert Botran i Pahissak (Molins de rei, 1984). “Ni pressing CUPetik onik atera nintzen” ilobei esan ahal izango dien CUPeko parlamentarietako bat da.

Bilbon elkartu ginen Botranekin Rosa Luxemburg II konferentziak gonbidatuta. Axier Lopez
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nola bizi izan duzu CUPen militantzia zati bati egindako presioa Junts pel Sí-ren (JxSí) proposamena onar zezan?

Bi aldetatik izan da presiorik, baina askoz lotsagabeagoa izan da zioena CUPek, alderik txikiena izateagatik, JxSíren hautagaia onartu behar zuena: “Korrelazioan zuek bat zarete seiren aurka, onartu behar duzue”. Horrek nolabaiteko logika badu ere, Kataluniako gizartearen hainbat sektoretan txertatuta dagoen kultura politiko autoritarioa islatzen du. Une batetik aurrera, gure ezetzaren arrazoiei kasurik egin gabe, alternatibei entzungor egiten zieten, gure baietza noiz etorriko zain besterik ez zuten buruan. Convergènciaren ustez, Masen figura gabe prozesuaren eskuineko aldea arriskutan jarriko zen. Guk esaten genuen hautagai alternatiboa Convergènciak hautatzeak sektore horiei segurtasuna emango ziela, eta azkenean hala izan da. Inor ez da prozesu independentistatik aldendu. Espero dut pressing CUPen alde dena eman zuen jendeak ikasi izana horrelako jarrera autoritarioek ez dutela lekurik, txikiak, txiki izate hutsagatik, ez duela zertan handiaren aurrean amore eman behar.

Poble Lliure (PL) erakundeko militantea zara sorreratik. Negoziazioetako korapiloa askatzeko Artur Mas onartzearen alde egin zuen PLk publikoki. 10 diputatuen artean “sektore” baten ordezkaria izatea erreza izan al da?

CUPen beste erakunde bateko kideak garenok ageriago gaude, baina babesa ere badugu. Independenteek gehiago sufritu dutela uste dut. [Antonio] Bañosen dimisioa horregatik azaltzen da hein baten. “Kanpotik” datorren norbaitek, CUPera batzean, badaki gutxi gora behera zer dagoen eztabaidak publiko xamarrak direlako, baina ez daki antolakundea zein neurritaraino tenkatu daitekeen horien moduko negoziazioetan. Eta bat-batean, bera burua erdian topatu zuen. Independente bat barne mailako eztabaida dinamikan egoki txertatzen ez asmatzeak zer pentsatua ematen du. Denok pairatu dugu tentsioa era ezberdinetan. Oso nekagarria izan da, baina asko ikasi dugu.

Zurrunbilo horretan, zenbait artikulu –urtarrilaren 7an Vilaweben Vicent Partalek idatzitako editoriala kasu– saiatu dira “CUP = Poble Lliure + Endavant” ekuazioa azpimarratzen.

CUPeko jendearen gehiengo zabalak ez du bi erakunde horietan militatzen. CUPen barruan iritzi-eragile gisa aritzen dira erakundeok eta horien bueltan diskurtso asko sortzen dira. Negoziazioetan ikusarazi da, azken batean, eztabaida ia modu bitarrean polarizatuta amaitu zen.

Barne mailako eztabaida publiko egiteak CUPen jarrera ahuldu al zuen negoziazioetan?

Hain anitza den antolakunde batean ia ezinezkoa da eztabaida barne mailako bideetatik bideratzea. Adibidez, negoziazioen hastapenetan hedatzen hasi zen hauteskundeetara joateak ez zuela ezer txarrik ekarriko zioen ideia. Aurrerago berdina gertatu zen hauteskundeak ez egiteko Mas onartzea hobea zela zioen ideiarekin. CUPen antolakuntza-ereduaren izaeragatik saihetsezina da eztabaidak barne mailako mugak gainditzea.

Pressing Cup une gorenean zela, gehiengoak Mas ez onartzea erabaki zuen asanbladan. Egun gutxitara kontrakoa publikoki babestu zuten Poble Lliureren komunikatuak edota Ara egunkariko azalean agertutako David Fernandezen artikuluak. Hori ere saihetsezina al da?

Eztabaida publikoa izanik, eragiteko asmoz jende guztiak erabiltzen du eskura duen bitarteko oro. Niri dagokidan parteari dagokionez,  eztabaidan iritzi bat ezartzeko antolakunde politiko batek egin dezakeen gutxienekoa da komunikatu bat argitaratzea.

Negoziazio mahaian zure kideak estu hartzeko erabiliko dutela jakinda ere?

"Jarrera autoritarioek ez dute lekurik; txikiak, txiki izate hutsagatik, ez du zertan handiaren aurrean amore eman behar"

Noski. PLren jarrera ez zen Artur Mas onartzea, baizik eta akordioa lehenestea. Sabadellgo asanbladaren ostean, hedabideek eta JxSíren talde negoziatzaileak ekin zioten CUPen barne mailako zatiketari enfasi handiagoa jartzeari. Ordurako debatea oso publikoa zen, asanblada bat bitan banatu zelako. Erabakitze-prozesu irekiak eta asanblearioak egitean ezinezkoa da eztabaida ezkutatzea, ezin dituzu lerroak estutu. Begi-bistakoa da une horretan beste aldeari zure kartak erakusten ari zarela.

 

Orduan, eztabaida hain agerian egingo zenukete berriz?

Nire iritzi pertsonala da antolakundearentzat askoz onuragarriagoa izan zitekeela asanblada nagusira heldu izana kontsentsu maila altuagoa lor zezakeen proposamen batekin. Azkenean egin genuena izan zen militantzia osora hedatzea CUPeko beste organo batzuetan zegoen blokeoa, baita militantziak korapiloa ez askatzeko arriskua ere. Eta hala izan zen. Berdinketa hori eskala handiagoan errepikatu zen, 3.000 lagunen parte hartzearekin. Zuzendaritza politikoaren betebeharra da barne mailan ahalik eta babes handien bilduko duten proposamenak sortzea. Baina bestetik, aitortu behar da CUPen ez dagoela ohiko zuzendaritza politikorik. Zuzendaritzan ez dago programa jakin baten inguruan erabateko kohesioa duen talderik, gaizki jokatuz gero kongresu batean alboratu daitekeena. Horrelakorik ez da CUPen. Antolakundearen beraren aniztasuna erabakiguneetara eramango duten pertsonak hautatzen ditugu. Horregatik batzuetan oso zaila da adostasunera heltzea. Gure bidea motelagoa eta arriskutsuagoa da.

Bilboko Hika Ateneoa txiki geratu zen bere hitzaldiaren entzuleak hartzeko; prozesu independentistak, eta bereziki CUPen politikagintza ereduak, Euskal Herriko ezkertiarrengan sortu duen interesaren isla.
Bilboko Hika Ateneoa txiki geratu zen bere hitzaldiaren entzuleak hartzeko; prozesu independentistak, eta bereziki CUPen politikagintza ereduak, Euskal Herriko ezkertiarrengan sortu duen interesaren isla.

Horren erantzukizun handiko erabakia modu asanblearioan hartu duen adibide askorik ez da Europako politikagintzan.

CUPen funtzionamendua politizazio eskola garrantzitsua da. Jendea inplikatzeko modua oso zorrotza da denbora aldetik. Hori aztertu beharko genuke. Batzuetan oztopo bilakatzen da herritarren sektore batzuek parte har dezaten, etxean eta familian ardura dutenek adibidez. Asko politizatzen duen sistema da, erabakietan pertsona asko inplikarazten duelako.

Akordioan hitz gogorrak daude negoziazioetan CUPek izandako jarrerari buruz.

Horren arrazoia, batetik, JxSíren exijentzia izan da eta bestetik, dagokigun ardura gure gain hartzeko nahia; tamalez beste aldeak bere gain hartzen ez duena. Haiena kontraesan politikoak kudeatzeko era klasikoagoa da: alderdi batek ezin du inoiz aitortu oker ibili dela. Guri ez zaigu zail egiten esatea agian gehiegi luzatu garela erabakia hartzen eta horrek jendearengan urduritasuna eta nahasmendua sortu dituela. Kultura politiko berria sortzeko gure ekarpena da. Gure barne mailako eztabaidak publikoki zabaltzen diren bezalaxe, ahuleziekin ere berdina gertatzen da. Horrek ez gaitu kezkatzen jakin badakigulako gure indarguneak beste batzuk direla.

Akordioa lortu ez eta hauteskundeetara heldu izan bazinate, zatiketa saihetsezina litzateke?

Ez dut uste. Beti pentsatu izan dut CUPek horrelako prozesuei aurre egin ahal diela, barne mailan tentsioa edukitzera ohituta gaudelako. Orain hori aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera dugu, antolakundearen gehiengoarentzat onuragarria den egoera lortu dugulako. Gai honen funtsean eztabaida sakona dago: prozesu independentistaren gaitasun eraldatzaileak eta aktore politiko autonomo gisa izateari uzteko prozesuak dakartzan arriskuei buruzkoa. Debate hori lau edo bost urtez, gutxienez, luzatzen aritu gara.

Zurrunbilotik hobekien atera dena ERC dela dirudi. Nola azaltzen duzu negoziazioetan publikoki izan duen ekidistantzia eta barne mailan JxSíri eman dion baldintzagabeko babesa?

Haiek Convergènciarekin akordio bat daukate eta ez zuten arriskupean jarri nahi. Nabarmena da Esquerrako batzuek gure ikuspegi berekoak zirela, baina ahots bakarra izatea erabaki zuten beren hautagaiaren izendapenari buruz, haientzat oso garrantzitsua dena.

Bi egoeratan irabazle sentitzen ziren. Akordioa lortuz gero, gobernu berriaren osaketan %40 eta %50 arteko pisua lortuko zuten, azkenean gertatu den gisan. Eta akordiorik ezean, hauteskundeetan litekeena da bozka independentistak ageriko bi muturrak zigortzea akordioa galarazteagatik. Hau dena fikzioa da noski, baina burutik pasako zitzaien.

ANCko (Kataluniako Asanblada Nazionala) presidente Jordi Sanchezen adierazpenak oso gogorrak izan ziren

"Estatuaren izaera autoritarioa agerian utziko duen gatazka instituzional eta demokratikoa da prozesuaren oinarria zabaltzen duena"

CUPekiko. Erabakitzeko eskubidearen aldeko zenbait antolakunderen kritika norabide bakarrera mugatu direla sentitu al duzue?

ANCren aniztasun ezaz kexu izan gara, beraz orain komenigarria litzateke guk zenbait plataforma eta antolakundetan aktiboago parte hartzea, zati baten alde egin beharrean mugimendu independentista osoarentzako balioak izan daitezen. Gure izatea ukatzen duen estatu batekin talka egitera goaz eta horretarako gizarte antolatuaren indar handia behar da.

Kataluniako errepublikarantz, biderik al da desobedientziarik gabe?

Ez, jakina ezetz. Aukerarik legoke Espainiak bere Konstituzioan autodeterminazioa jasoko balu. Estatuak gatazka demokratiko hau bide legezkoetatik konpontzea ukatu duen mementotik, kontziente izan behar dugu gure eskubideen alde egiteko desobeditu beharko dugula.

Eta hori posible al da Convergènciarekin?

CDCk ez du prozesua gidatzen. Eragiteko pisu garrantzitsua duela esango nuke. Horren froga da azken lau urteotan beren lehentasunak ez direla beti bete izan. Haiek saiatu ziren 2012ko Diadaren manifestazioak akordio fiskalari erreferentzia egitea, eta azkenean onartu behar izan dute bide zentrala aldarrikapen independentista izatea. Convergència Democràticaren mugak erakusten ditu horrek.

Iraultza orok barnebiltzen du erregimenarekin eroso ziren sektoreen zati bat, prozesuak aurrera egin ahal jarrera apurtzaileetara hurbiltzen dena. Horrela gertatu zen Frantziako iraultzan, errusiarrean eta beste prozesu historiko askotan.

Gihar independentista indartu eta %50eko langa gainditu dezan, Carles Puigdemont figura egokia al da?

Bai. Estatuaren izaera autoritarioa agerian utziko duen gatazka instituzional eta demokratikoa da prozesuaren oinarria zabaltzen duena. Eta jakina, bestelako eredu soziala bere egingo duen prozesua izan behar du, krisiak gogorren zigortutako herritarren beharrei erantzuteko gai izango dena.

CUPeko eta Endavanteko kide Laia Altarribak ondorengoa adierazi zuen L’Accent hedabidean: “Convergènciakoak prozesua deritzon horren gurdira igo dira poltsikoa banderarekin estaltzeko”.

Alde oportunista egon liteke, baina gehiengo zabalaren hautua sakoneko joera baten ondorioa delakoan nago. Zenbait

"Independentistok Espainiako gobernu berriaren aldetik espero dugun bakarra da autodeterminazioa, erabakitzeko eskubidea eta erreferendum loteslearen antolaketa onartzea"

gizarte klasek uste zuten eredu autonomikoak ondo funtzionatzen zuela aurrekontu publikoa beren artean banatzeko baliogarria zelako. Baina orain dela urte batzuk hori aldatu zen eta burgesiaren maila baxuenarekin lotutako zenbait gizarte klase hasi ziren Trantsizioak ezarritako adostasunetatik politikoki deskonektatzen. Horrek, neurri batean, azaltzen du CIU bitan banatu izana.

Begi-bazterraz begiratzen al diozue Espainiako gobernu berriaren eraketa prozesuari?

Oso interesgarria da gertatu daitekeena, baina guk independentistok gobernu berriaren aldetik espero dugun bakarra da autodeterminazioa, erabakitzeko eskubidea eta erreferendum loteslearen antolaketa onartzea. Hortik harago beste guztiak ez digu axola. Gurekin ez dezatela kontatu Estatuko erakundeen erreforma estetikoetarako, ezta elkarrizketa antzuak betiko luzatzeko ere.

Zer agindu dizue medikuak barne zauriak sendatzeko?

Eztabaida politikoa da antolakunde bateratua izateko botika bakarra. Erraz da esaten eta zailago egiten, egunerokotasunak galarazten duelako erabakitze prozesu lasai eta konplexuagoak garatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


Jesús Rodríguez. Tsunami Democràtic auzia
“Zergatik erori da orain auzi osoa, akatsa egin eta hiru urtera?”

Zortzi hilabeteko erbestealdiaren ondoren, etxera eta Directa-ko erredakziora itzuli da Rodríguez (Gramanet del Besós, Bartzelona, 1974). Inork ezer espero gabe, uztailaren 8an, arratsalde bakarrean, erabat irauli zen bere eta beste hamaika inputaturen aurkako... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Tsunami auzia artxibatu du Espainiako Auzitegi Gorenak ere

Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]


2024-06-12 | David Bou
Erbeste debekatua

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]


“Ez dugu auzi justurik edukiko; gidoi hau lehendik idatzita zegoen”

Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]


Auziagatik, erbestean
AURRERAPENA | “Amnistia Legea finkatzen joan ahala, are gehiago indartu dute terrorismoaren akusazioa”

Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.

Aurrerapena da ondorengo... [+]


2024-05-30 | ARGIA
Amnistia Legea aurrera atera da Espainiako Kongresuan

Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.


Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


‘La Directa’ babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: “Kazetaritza ez da terrorismoa”

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere “terrorismoagatik” inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


Eguneraketa berriak daude