argia.eus
INPRIMATU
Karta jokotik herri gogora
Estitxu Garai Artetxe @egarai 2016ko otsailaren 12a

Frank Underwood gupidagabearen hitzak dira honako hauek: “Neurriz kanpo baloratzen da demokrazia”. Trikimailu ugari erabilita eta hauteskundeetara aurkeztu gabe, AEBetako presidentziara iritsi ondotik esandakoak. House of Cards telesail zirraragarriko pasartea da hori, fikzioa, alegia.  Jakina da, ordea, sarri askotan errealitateak fikzioa gainditzen duela.

Demokrazia terminoa gero eta lausoagoa da. Urruti du sorburuko esangura hura: herriaren boterea. Herritarren borondateak hanka motzak ditu gaur egungo sisteman. Lau urtean behin boza eman eta, gero, hautagaiek nahieran baliatzen dute sostengu hori. Zeharkako parte-hartzea deritzo, baina zeharretik doazenak alderdiak dira. Emandako hitza hauteskunde-biharamunean haizeak nola eramaten duen ikusten dugu maiz.

Espainiako kongresu zatikatu berrian, botoek karta jokorako balio dute, alderdien ordezkariei jokorako emandako kartak dira. Zenbat eta gehiago, orduan eta posizio indartsuagoa negoziazioetarako. Baina ahotan darabiltena ez da mandatu demokratikoa edo kanpainan egindako promesak azken burura eramatea, politikariak eurak negoziazioen gorabeheretatik indartuta nola atera baizik. Batak hordago txikira, besteak hordago handira, baina hor ez dago herritarren interesik.

Gobernua osatzea ahalbidetuko duen akordioaren bila, espektakulu galanta ematen ari dira Espainiako alderdi-buruak. Barneko tirabira edo egoera zehatzen menpe, pertsonalismoak politikan duen pisua erakusten ari zaigu, zein baino zein lotsagabeago. Ordezkaritza publikoa ulertzeko modu bitxia dute gero. Hasieratik horrelako arduragabekeria erakutsita, ez da harritzekoa urteetan funtzio publikoak izan duen ustelkeria intrintsekoa. Kleptokrazia ere demokrazia ei da.  

Gainerako presio-taldeak ere, hautestontzien premiarik ez duten horiek, beren gordintasunean ikusi ditugu: botere ekonomikoak, hedabide talde handiak, mandatari ohiak… Banan-banan agertu dira, bata bestearen atzetik, komenigarriena zer edo zein izango litzatekeen esatera. Sistemaren parasitoak bere bazkaren defentsan.

Eta gu, oi gu, hemen, bidean galduak, haiei begira. Espainiako politika aldakorrari so daramatzagu azken asteak. Kontuok Ebrotik behera gertatzen direnean, erraza da kritikak egitea. Gurean ere, tamalez, zakurrak oinutsik. Azken boladan asko hitz egiten da alderdien barne demokraziari buruz, zer hobetu handia dutelakoan. Horretaz gain, alabaina, badugu zer landu herritarrok oro har, ez bakarrik alderdietako militanteek, demokrazia parte-hartzaileago bat lortzeko eta herri-erabakien parte aktibo izateko.

Gertuko administrazioetatik gauza asko egin daitezkeen arren, erronka handiagoa da, estatuak baitira demokraziak eraikitzen dituztenak, ustezko subiranotasuna markatzen dutenak. Binomio horrek, estatuak eta demokraziak, badu hirugarren hanka bat: demokrazia eta legea berdintzea. Asko dakigu horretaz Euskal Herrian, demokrata izatea konstituzioari eta Espainiako lege-bilbadurari men egitea dela saldu nahi izan baitigute beti.

Herritarrek subiranotasuna galdu dutela sentitzen dutenean edo lege injustuen aurrean, zilegi eta beharrezkoa da ahalduntzearen eta desobedientziaren bideari ekitea. Bere esentzia eta esanahia berreskuratzeko, bota dezagun demokrazia zerri askara, eta eraiki dezagun berri bat oinarritik, berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako demokrazia parte-hartzaile berria. Espainia aldera begiratzea ondo dago, zer ez egin ikasteko bada ere. Beste kontu bat litzateke hara begira baino ez egotea.