Lehen Mundu Gerrak zauri handi bat utzi zuen Alemaniako gizartean, eta tabu bat: porrota. Horren inguruan zenbait “mito” sortu ziren –batez ere, Alemania su zelaian ez, diplomazian traizioz garaitua izan zela zioena–, baina porrot belikoa literaturan saihestu beharreko gaia zen. Gerra ez, ordea. Weimar errepublika gerratik sortu zen, eta, iragan hurbilari edota sistema politiko berriari zentzua eman edo kendu nahian, gerraren gaineko eztabaida eta interpretazioa borrokagune bihurtu zen Lehen Mundu Gerra akitu zenetik nazismoaren garaipenera doazen urteetan. Borroka ideologiko eta estetiko hori literaturan gertatu zen, batez ere.
“Gerra herri bati gerta dakiokeen zoritxar handiena da, berdin irabazle ala galtzaile izan, eta haren ordez bakearen alde aritzen dena aberriaren alde ari da”. Hala dio Engelbert Winz-ek Neues und Altes aus dem Westen (Mendebaldeko fronteko albiste zahar eta berriak) bidaia-liburuan. Tituluan Erich Maria Remarque-ren Im Westen nichts Neues (Mendebaldean berririk ez) nobela ezagunari erreferentzia egiten dion liburu bakezale horretan, Frantziako eta Belgikako fronte izandakoan barna eginiko bidaian gerrako oroitzapenak eta gerrako lekuen deskripzioak batzen ditu egileak, lehenagoko arerioarekin izandako enkontruen berri ematen duen bitartean. Gerraren kontrako hondar testuetarik izanen zen Winzena: 1932an argitaratua, handik gutira, 1933ko maiatzean, sutara botako zituzten naziek hainbat eta hainbat liburu, tartean Lehen Mundu Gerrarekin ikusmolde kritikoa azaldua zuten nobela ugari; horrela, akabera eman zioten borroka luze bati. Izan ere, armak isildu zirenetik, bertzelako bataila bat gertatu baitzen Weimar errepublikako literaturan gerra handi hura interpretatzeko eta baloratzeko.
Literatura arduratu zen 20ko hamarkadako Alemanian gerrari buruzko gogoeta egiteaz, historia baino aise lehenago eta gehiago.
Modris Eksteins historialariak dio literatura arduratu zela 20ko hamarkadako Alemanian gerrari buruzko gogoeta egiteaz, historia baino aise lehenago eta gehiago. Ez da ideia berria, 20ko hamarkadan gauza bera azpimarratu baitzuen Theodor Heuss kritikariak iruzkin batean: Ludwig Renn-en Krieg (Gerra) nobela eta Remarquerena agiri historikoen edozein bilduma bezain inportanteak ziren, biak berak agiri historiko baitziren, gerraren lekuko.
Maiz, gerra berri hartako esperientzia traumatiko pertsonala barneratu, landu eta nolabait adierazteko beharra zegoen gerrari buruzko liburuen abiapuntuan: “Urriaz geroztik, patruilako ofiziala naiz. Horrek erran nahi du gauero, gizon talde batekin, ingelesen lubakietan sartzen naizela jendea hiltzeko eta mutilatzeko”, idatzi zuen geroago editore bihurtuko zen Peter Suhrkamp-ek; “Momentuz lasai gaude [...]. Egun osoko su etengabea eta hiru gas eraso gorabehera, gure nerbioak sasoian daude. Hondarrean, gas eraso bat bizi izan dut; hiru, hobeki erranda. Ez da hainbertzerako izan”, idatzi zien Ernst Jüngerrek gurasoei 1916ko ekainean. Guziek, jakina, ez zuten Jüngerren flema, eta gerraren inguruan arras interpretazio diferenteak sortu ziren.
Gerra amaitu ondoko lehen urteetan –bai eta gerra amaitu baino lehen ere–, hainbat egile, heroitasun eredu klasiko bati jarraiki, gerra abentura gisa irudikatzen saiatu ziren. Horretarako, urpekarietan ibilitako ofizialen narrazio autobiografikoak edo zeruko batailetan parte hartutako hegazkinlarien istorioak ziren bereziki egokiak –lubakietako gerrak, ordea, ez zuen epikarako hainbertzeko tokirik uzten–. Krudela izanda ere, gerra gentlemen-en arteko duelua da zenbait liburutan (ez da falta, adibidez, etsaiaren itsasontzi bat hondoratutakoan, itsasora eroritako ingeles batzuk salbatu zituen urpekariko ofizialaren narrazioa); arriskuaren aitzinean zirrara sentitzeko aukera ere bada gerra, hainbaten ikuspuntutik: “une kilikagarria da arerioarenganantz hegan zoazenean, etsaia ikusi arren oraindik eraso egin baino lehen minutu batzuk dituzunean. Uste dut horrelakoetan pixka bat zurbildu egiten nintzela, baina zoritxarrez ez nuen sekulan ispilurik aldean eraman. Une ederra da, arrunt kilikagarria baita, eta nik maite dut hori”, idatzi zuen Manfred von Richthofen-ek, baroi gorri famatuak, bere memorietan.
Ernst Jüngerrek printzipio antropologiko bihurtuko du arriskurako grina hori: “Garai bakoitzak bere lanak, bere betebeharrak eta bere plazerak ditu, eta garai bakoitzak bere abenturak. [...] Bizitza da lana, baina abentura poesia da. Betebeharrak lana jasaten laguntzen du, baina arriskurako grinak erraz bihurtzen digu lan hori. Horregatik lotsarik gabe onartzen dugu abenturazaleak garela”. Hein handi batean, halere, Jüngerren In Stahlgewittern (Altzairuzko ekaitzetan) salbuespena da lehen orduko liburu horien guzien artean: alde batetik, eliteko ofizialaren ereduari eusten badio ere, egiten duen gerraren deskripzioa aise errealistagoa da urpekarietako edo hegazkinetako ofizialena baino, eta, bertze aldetik, ekintzari, arriskuari eta instintuari –piztia bihurtzeari– egiten dion gorazarreak 30eko hamarkadako idazle nazionalistengana hurbiltzen du.
Kakotxen arteko hitzak Carl Zuckmayer idazlearenak dira, Remarqueren Mendebaldean berririk ez nobelari buruzkoak. Remarqueren liburua mugarri bat da Weimarreko literatura belikoan, baina egun batetik bertzera bestseller bilakatuko zen eleberri hura kaleratu orduko, gerraren kontrako liburuen kopurua ez zen txikia: Ludwig Renn –Krieg (Gerra)–, Arnold Zweig – Der Streit um den Sergeanten Grischa (Grischa sarjentuaren inguruko eztabaida)–, Ernst Gläser –Jahrgang 1902 (1902ko belaunaldia)–, Ernst Johannsen –Vier von der Infanterie (Infanteriako lau)–...
Gerraren kontrako literaturak ankertasuna nabarmendu zuen, eta heroi klasiko abenturazaleari zonbi bihurturiko soldadua kontrajarri zion. Gerrarekin jarrera kritikoa duten liburuetan ohikoa da sufrimenduaren deskripzio errealista eta gordina, eta protagonismo handia hartzen dute literatura gerrazalean neketan agertzen diren hainbat tokik, hala nola ospitaleak edo eroetxeak. Eroa edo herbala: soldaduak, gogoa edo gorputza gerrak txikitua, gerra ondorengo gizartean berriz integratzeko aukera galdu du, etorkizunik gabeko hondakina da. Garaiko pinturan ere, George Grosz-en edo Otto Dix-en artelanetan konparaziorako, agertzen zaigu giza paisaia hori.
Maiz, errealismoa groteskoa izatera ailegatu eta umore beltzez tindatzen da: Leonhard Frank-ek, Der Mensch ist gut (Gizakia ona da) nobelan, soldadu bat deskribatzen du anputatu berri dioten zangoa –izterretik beheiti– otoika eta arrenka eskatzen; ekarri diotelarik, besoetan izan du, laztandu egin du, eta, bat-batean, lurrera bota du nazka keinu batekin: “hori ez da nire zangoa”; “ez zen haren zangoa. Erizainak, leher eginda, okerreko zangoa aterea zuen ontzitik”.
Gerrak zonbiak sortzen ditu: hori ikusten dugu Remarqueren edo Rennen liburuetan, betebeharra makinak bezala betetzen dituzten pentsamendu eta sentimendurik gabeko soldaduak.
Gerrak zonbiak sortzen ditu: hori ikusten dugu Remarqueren edo Rennen liburuetan, betebeharra makinak bezala betetzen dituzten pentsamendu eta sentimendurik gabeko soldaduak. Hain zuzen ere, horixe leporatu izan zaio gerraren kontrako literatura horri, ez duela aterabiderik erakusten, etsipenean akitzen dela, inoiz ez iraultzean. Ludwig Rennen nobela, adibidez, “soldaduen betebehar txikien epopeia da”, –hala zioen 1929an Theodor Heuss kritikariak–, “dena da hain begi-bistakoa, soldaduek uko egiten baitiote gerrari buruz eta haren zentzuari buruz eztabaidatzeari edo gogoeta egiteari – ez du balio, zeren deus ere ez baita aldatuko”.
Municheko Völkischer Beobachter egunkari nazian nobela bakezale guziak –tira, inportanteenak– kritikatu zituen Erich Limpach-ek, bera ere nobela beliko baten egilea. Remarqueren nobelaren ondotik, kontrako eta aldeko imitazio, plagio, parodia eta kritika ugari etorri ziren. Mendebaldean berririk ez argitaratu zen urtean, 1929an, krisi ekonomikoa ere etorri zen, eta geroago nazien gorakada. Gerraren kontrako literaturarekin batera, gerraren aldeko literatura berria ere publikatu zen 20ko hamarkadaren akabera eta 30ekoaren hasiera hartan. “Milioika herritarren sentimenduak iraintzen” zituen literatura bakezalearen aitzinean –Erich Limpachen hitzak berriz ere–, literatura berriak, gerraren krudelkeria eta basakeria ukatu edo ezkutatu gabe, gatazka belikoak beharrezkotzat jotzen zituen, eta gero eta ezaugarri zehatzagoak ematen zizkion etsaiari.
Remarqueren liburuaren ondotik, 30eko hamarkadako lehen hiru urteetan, ez da haren arrakasta berriz errepikatuko: giro politikoak ez zuen horretan laguntzen, batetik, eta, bertzetik, Remarqueren arrakastaren ondorioz, generoa komertzialtzat jotzen zuten intelektual gehienek. Heroiak edo zonbiak? Etorkizunik gabeko hondakinak edo suari esker indarberrituriko patriotak? 1933ko maiatzean, gerraren zentzua kolokan paratzen zuten liburu guziak kiskali beharrekoen zerrendan sartuta, amaitutzat eman zuten eztabaida.
Aunitz izan ziren bi mundu gerren artean Alemanian argitaratu ziren gerra nobelak; Jörg Lehmann-ek, garai hartako literatura belikoa ikergai duen Imaginäre Schlachtfelder (Su zelai imajinarioak) izeneko liburuaren egileak, 600 baino gehiago zenbatzen ditu bere ikerketarako egokiak izan litezkeen aleen artean. Batzuek arrakasta handia izan zuten, bertze zenbaitek ez hainbertze, baina guzien gainetik bat bilakatu zen alemanez idatzitako inoizko libururik salduena: Erich Maria Remarqueren Im Westen nichts Neues (Mendebaldean berririk ez). 1929an argitaratua, nobelak eztabaida sutsua piztu zuen garai hartako prentsan eta berehala bihurtu zen gerraren aurkako literaturaren ikurra, gerraren gaineko “egia” biltzen omen baitzuen. Gauzak, ordea, konplikatuxeagoak ziren.
1898an Osnabrücken sortua, Erich Maria Remarque, berez, Erich Paul Remark zen. 1921ean aldatu zuen deitura Remark-etik Remarque-ra, aitaren familiaren jatorri frantsesa aitzakia hartuta, eta, bide batez, erdiko izena Maria dotoreago batez ordezkatu zuen –soberan gelditu zitzaion Paul horrekin eta amaren abizenarekin osatu zuen Mendebaldean berririk ez nobelako protagonistaren grazia: Paul Bäumer–. Alta bada, nobela ez da autobiografikoa: Bäumer ez bezala, Remarque ez zen boluntario joan 1914an –ezinezkoa zatekeen, hamasei urte baitzituen–; 1916an deitu zioten armadara, eta, hilabeteren buruan, zauritua izan zen frontean, larriki zauritua ere –bertzeak bertze eskuan jasotako zaurien ondorioz, musikan egin nahi zuen karrera abandonatu behar izan zuen–.
Gerra ondotik, fama emanen zion nobela publikatu orduko, hiru liburu zituen idatziak –horietarik bi, argitaratuak–, ibilia zen kazetari lana egiten zenbait egunkaritan, eta gutunak trukatzen zituen garai hartako hainbat idazle handirekin. Nobela saltzeko propagandan, ordea, Ullstein argitaletxeak honela aurkezten zuen Remarque: “Erich Maria Remarque ez da idazle profesionala; hogeita hamar urteko gaztea da, duela hilabete batzuk premia sentitu zuena, gerran zer gertatu zitzaion hitzetan paratzeko, esperientzia horri forma emateko”. Egilearen beraren laguntzarekin, horrela saldu nahi izan zuen argitaletxeak liburua; alegia, gerraren gaineko egiazko txosten gisa, batailan eroritako soldadu anonimo guziak ordezkatzen ahal zituen eskarmenturik gabeko gazte batek –inolaz ere ez idazle batek– prestatua; bat-batean gerraren trauma gainditzeko beharra sentitu izanaren emaitza xaloa, inolaz ere ez asmo literario baten fruitua.
'Mendebaldean berririk ez' argitaratu zen urtean, 1929an, krisi ekonomikoa ere etorri zen, eta geroago nazien gorakada
Bere kalitatea ukatu gabe, Mendebaldean berririk ez –Thomas Schneider ikertzaileak erakutsi duen bezala– marketin kanpaina baten ondorioa ere bada. Gerra-ospitale batean egin zuen egonaldian izan zuen Remarquek gerrari buruzko nobela idazteko lehen ideia, eta horretarako han-hemenka ibili zen gerraren gaineko istorioak biltzen. 1928an onartu zion eskuizkribua Ullstein argitaletxeak, baina argitaratu baino lehen, edizio prozesu luzea sufritu zuen, nobela ahalik eta gehien despolitizatzea helburu zuena. Gerrari eta gerrak ekarritako ondorioei eginiko kritika latzenak bidean gelditu ziren.
Nolanahi den ere, argitara eman bezain fite, liburuak arrakasta izugarria izan zuen: 1929ko urtarrilean publikatua, otsailean ehun mila ale saldu ziren; maiatzerako, kopurua milioi erdira ailegatu zen, eta 900.000ra abenduan. Itzulpenak ere agudo iritsi ziren –Frantzian, Ingalaterran, AEBetan; euskaraz, bidenabar erranda, oraindik ez daukagu ez nobela hau, ezta Remarqueren bertze ezer ere: Susaren “euskarari ekarriak” webgunean, behinik behin, ez da haren arrastorik–.
Alemanian –bai eta Austrian ere–, liburuak polemika ekarri zuen prentsan; polemika, gainera, maiz idazlearen biografian zentratu zen, argitaletxeak nobela soldadu xalo baten kontakizuna aurkeztua baitzuen. Eskuin politikoak zorrotz egurtu zuen liburuari zerion bakezaletasuna, eta antialemantzat jo zuen nobelak gerrari egiten zion kritika; orobat, ezkerretik ere izan ziren kritikak, batez ere egileak liburuaren inguruan piztua zen polemikan parte hartzeari uko egin ziolako: apolitikotzat omen zuen bere burua.
Literaturan ere izan ziren erantzunak. Batzuk saiatu ziren Mendebaldean berririk ez-en arrakasta aprobetxatzen beren onurarako: konparazio baterako, Carl A. G. Otto, Im Osten nichts Neues (Ekialdean berririk ez) nobelarekin. Parodiak ere izan ziren, hala nola Vor Troja nichts Neues (Troiaren aitzinean berririk ez), Emil Marius Requark goitizenarekin argitaratua eta Troiako gerran kokatua, bai eta titulutik beretik beren haserrea erakusten duten arrapostu serio eta umorerik gabeak ere: Eugen Erbelding-en Im Westen doch Neues (Mendebaldean badira berriak), edo Richard Kroener-en Im Westen viel Neues (Mendebaldean albiste anitz badira).
1933ko maiatzean, gerraren zentzua kolokan paratzen zuten liburu guziak kiskali beharrekoen zerrendan sartu zituzten: akabo eztabaida literarioak
Liburuaren ondotik, AEBetan egindako eta 1930ean estreinaturiko bertsio zinematografikoaren txanda etorri zen: Alemanian, gero eta eragin handiagoa zuten naziek filma debekatzea lortu zuten –nahiz eta debekua 1931n deuseztatu zen–; Austrian ere debekatua izan zen filma, baina debekuak 80ko hamarkadaren hasiera artio iraun zuen, ofizialki bederen.
Mendebaldean berririk ez, jakina, sutara bota beharreko liburuen zerrendan zegoen, eta egilea naziek gorrotatuenen artean. 1933an, Hitler agintera ailegatu zen urtean, Suitzara egin zuen alde Remarquek, eta geroxeago, Estatu Batuetara. Bere nobelaren arrakastari esker, ez zuen inoiz sos problemarik izan; Volker Weidemann kazetariak azaltzen duen bezala, neketan aurkituko dugu Remarquek bezain bizimodu glamurrez betea izan duen idazle alemanik. Amerikan idatzi zuen egunerokoak, ordea, bertzelako irudia ematen du. Berrogei urte bete zituelarik, zera idatzi zuen: “Berrogei urte. Hori hogeita hemeretzi baino hamar urte gehiago da. Alferrik xahuturiko bizitza. Gramofonoa piztu dut. Argazkia atera diot gelari. Berriz bueltatzekoa ez banintz bezala. Dena azken aldia balitz bezala: uda;– etxea;– bakea;– zoriona;– Europa;– bizitza bera, beharbada”. Dena azken aldia balitz bezala du izenburua Wilhelm von Sternburgek idatzi zuen Remarqueren biografiak.
Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]
Ospitalepea, 1944ko ekainaren 27a. Soldadu alemaniarrek sarekada egin zuten Zuberoako 80 biztanle inguruko herri txikian. Zortzi lagun hil zituzten zigor-ekintzan eta hemeretzi atxilotu, guztiak zibilak; horietatik bederatzi deportatuko zituzten eta kontzentrazio esparruetatik... [+]
Normandia. 1944ko ekainaren 6a. Overlord operazioa abiatu zuten: Britainia Handiko, AEBetako eta Kanadako milaka soldadu Normandiako hondartzetan lehorreratu ziren, Bigarren Mundu Gerraren eta, beraz, historiaren norabidea goitik behera aldatzeko. Edo horixe da behintzat duela... [+]
Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]
Genozidioa zoritxarrez modan dagoen hitza da. Rafael Lemkinek 1946an egin zuen definizioaren arabera, “talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso bat erabat edo partzialki suntsitzeko asmoz egindako ekintzak” dira genozidioa. Ekintza horiek “taldeko kideak... [+]
Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]
Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]
Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]
1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]
Palestinarrek pilotu israeldar bat bahitu, epaitu eta urkatuko balute, ez litzateke gauza bera?”. Halako eta bestelako galderei erantzun nahian, Hannah Arendten Eichmann Jerusalemen liburua abiapuntu izanda, mahaiaren bueltan elkartu ditugu bi filosofo eta politologo bat,... [+]
Karl Adolf Eichmann (Solingen, Alemaniako Inperioa, 1906 - Ramleh, Israel, 1962) Alemania naziko SSetako goi-mailako ofiziala izan zen, bereziki ezaguna Azken Konponbidea edo Azken Soluzioa deitu zitzaioneko “arduradun logistiko” gisa izendatu izan delako... [+]
Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]
Bigarren Mundu Gerran zehar Belgika, Frantzia eta Euskal Herrian soldadu eta hegazkin pilotu aliatuak laguntzen zituen erresistentzia sarea izan zen Comete. Angelun kokaturiko Comete Sarearen Lagunak elkarteak antolatu ditu erresistentzia... [+]
Madril, 1939. Hiria frankisten esku erori baino lehen, munduko faxismoaren aurkako hiriburutzat jotzen zen, gobernu errepublikarraren propaganda eta gerra garaian handik pasatako intelektual antifaxista ezagunak medio. Garaileek hiriburua Sevillara, Salamancara edo Burgosera... [+]
Espainiako Estatuko Ciudad Realen Anisio Castilloren gorpua berreskuratu dute talde memorialistek berriki, 1943an bere buruaz beste egindako errepublikarra, frankistek bera eta bere familia bakean utz zezaten. Ez da gauza berria, etsaiek harrapatu baino lehen suizidatzeko joera... [+]