argia.eus
INPRIMATU
Independentzia buduaren eskutik
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko otsailaren 04a
Bois-Caimaneko zeremonia, Andre Normil (1990). Historialariak ez datoz bat 1791ko abuztuko budu zeremonia haren nondik norakoak azaltzean; bada mito hutsa dela esaten duenik ere.
Bois-Caimaneko zeremonia, Andre Normil (1990). Historialariak ez datoz bat 1791ko abuztuko budu zeremonia haren nondik norakoak azaltzean; bada mito hutsa dela esaten duenik ere.

Bois-Caiman (Haiti), 1791ko abuztuaren 14a. Hainbat esklabo bildu ziren budu zeremonia batean, Dutty Boukman houngan edo apaiza buru zutela. Animalia bat sakrifikatu eta juramentu bat egin omen zuten, eta Boukmanek frantziar zapaltzaileen aurka altxatzeko deia egin zien, mugimenduko buruzagiak izendatu ondoren.

Handik astebetera, abuztuaren 21eko gauean, Saint-Domingueko esklaboak matxinatu ziren –frantziar koloniak hala zuen izena– eta Haitiko Iraultza hasi zen.

Bois-Caiman erreboltaren katalizatzailetzat jotzen den arren, frogarik ezak eta testigantza urri lausoek askotariko bertsioetarako bidea zabaldu dute. David Geggus Floridako Unibertsitateko historialarik dio, esaterako, kaimanen basoan ez zela bilera bakarra egin. Lehenik, 200 bat laguneko zeremonia egin omen zuten, nagusiki erlijiosoa. Eta handik bizpahiru egunera bilera klandestinoago bat egin omen zuten Boukmanek eta iraultzako buruzagi izango zirenek, altxamendua planifikatzeko.

Hainbat historialari haitiarrek zalantzan jarri dute Bois-Caiman gertatu zenik ere. Zehazki, Léon-François Hoffmannek 1991n esan zuen Antoine Dalmas plantazioetako mediku frantziarrak asmatu zuela istorioa, esklaboak eta haien sinesmenak gutxiesteko asmoz.

Mito ala errealitate, Markel Thylefors ikerlari suediarraren arabera, “Bois-Caimaneko gertakaria haitiarren identitate nazionalaren parte garrantzitsua da, Haitiren genesiari berari lotuta baitago”.

Haitikoa esklaboen matxinadarik nabarmenena izan zen Espartakoren garaitik. Gainera, Antzinako Erromako altxamenduan ez bezala, Haitin esklaboek irabazi zuten. Iraultzak esklabotzaren instituzioa aldatu zuen, arrazen arteko harremanak berrikustea eragin zuen eta Europar kolonialismoa astindu zuen. Atlantikoko botere oreka birmoldatzea ere ekarri zuen ezinbestean. Etxean, esklaboek beren burua askatu zuten, askatasunari eusteko borroka egin zuten eta, 1804an, Haitiko estatu subiranoa sortu zuten.

Budua norbaiti kalte egiteko panpinei orratzak sartzera mugatu du mendebaldeko begirada miopeak. Karibeko esklabo haientzat askoz gehiago zen. David Geggusen hitzetan, “ Bois-Caimanen budua indar bateratzaile eta iraultzaile bihurtu zen”.