Autoak zirurikan pasatzen ziren orduan adineko emazte ile zuriduna zegoen afixa handi bati begira. Poltsa astunak pausatuak zituen. Andere moko mehe eta konkorra ez zen kantitzen, ez zen higitzen… hormatua ematen zuen. Ikustez ezagutzen nuen eta geltokitik burrustan isurtzen ziren jendeen joan zaintsuaz axola gutxi zuela iruditzen zitzaidan.
Frantzia behere horretako Le Refuge aterpeen aipamena egiten zuen afixa erraldoiak. Diruz laguntzeko deiarekin, alabaina. Behin, idazkiaren paretik pasatzean mutiko gazte bat lurrera tuka zelatatu nuen: Romain, 18 urte, bere gurasoen etxetik kanporatua, homosexuala delako. Antza, taulako hitzek ez zuten andere unatua izutzen, are gutxiago arranguraz kiribilkatzen. Alderantziz, zorabiatua zirudien.
Lanera nindoan. Eguna ez zen oraino argitua. Ateri zen bederen. Espaloian gelditu nintzen afixari so zetzan emazteari amultsuki beha. Pentsa, begi-kordela ederra osatzen genuenez!
Agian bere istorioa zuen emakume amilduak han irakurtzen, lesbiana zitekeen edo menturaz pan-sexuala, Christine & The Queens taldeko kantariak irribarrez zioen bezala.
Gauza segurra da: gaztaroan ala gaurkoan, geriza aukerarik ez zuen.