1990eko hamarkada amaieran eta 2000ko hasieran hazkunde ekonomikoa puri-purian zela proiektu ugari jarri ziren martxan kultura eta turismoa suspertzeko asmoz. Gernika ere, Bakearen eta Kulturaren Hiria izaki, olatura igo zen: areto berriak, museoak, nazioarteko artisten eskulturak… Turismora eta ekonomiara begirako kutur eredua zen ordea, eta horrek baztertuta utzi zituen herriko gazteak. Erakundeen eskaintzan integratu ezinik, autogestioaren bitartez euren bide propioa egitea aukeratu zuten. Are gehiago, atzera begira ez ibiltzea eta euren historia bizitzea erabaki zuten. Herriari beste nortasun bat ematea bonbardaketatik eta arbolatik harago.
Abenduaren 24an, goizaldeko 5:00etan ekin zioten euren bideari. Herriko zenbait gaztek trenbidea igaro eta Gernikaren beste garai bateko ikur zen Astra arma lantegian sartu ziren. Erronka galanta aurkitu zuten, mailutzarrarekin itsututako atea bota zutenean: eraikin oso bat atontzeko, baina batez ere, gernikar “erbesteratu” haien beharrizanei erantzuna emateko eginbeharra. Hamar urte igarota, urteurreneko lemak dioen bezala, Ezinezkoak okupatu zituzten.
Okupazioan izan zen Oier Plaza Gartzia, geroago batu zen proiektura Leire Lopez Ziluaga. Biek Astrako Koordinadoran parte hartzen dute egun, eta proiektuak bidean ikasitakoa oinarri, okupazioaz, burujabetzaz eta transmisioaz mintzatu dira besteak beste. Aukera faltaren aurrean bide propioa hartu izanak gernikarrak ahaldundu dituela uste dute. “Norbaitek zerbait falta dela sumatzen badu, badaki hutsune hori berak bete ahal duela”. Gazteentzat ezer ez egotetik aukerak izatera pasa dira hamar urtean, nahiz eta “kontziente ez izan”.
Egun Astra erabat barneratuta dago Gernikako egunerokoan. Hilero agenda kultural zabala eskaintzen du, eta herriko elkarte eta erakunde ugarik baliatzen du ekintza, batzar edo bestelakoak egiteko. Ez hori bakarrik, Astrak eskainitako abaguneak talde berriak agertzea ekarri du. Emaitza bikaina, baina azpimarratu dute Astra ez dela horren arrazoi bakarra. “Gazteak izan dira oinarria, ez Astra, eta horren adibide da eraikina okupatu aurretik Iparragirre Rock Elkartea edo Trinkete Antitxokoa agertu izana”, azaldu du Plazak. Onartu du, “paradoxikoa” ere badela: “Hotsandiko kultur proiektuak ez dira bidea, baina, politika horiengatik ez balitz, ez ziren sortuko horrekin apurtu nahi eta Astra bezalako proiektuak ekarri dituzten dinamikak”.
Proiektua ez da ohikoa, eta eraikina lortzeko hartutako bidea ere ez. Gaztetxearen “estereotipotik” aldentzen da, baina zerk egiten du berezi? Plazak dio une hartan zegoen jokalekurako estrategia garatu zutela, irabazteko zer egin zitekeen aztertu eta aurrera eraman: “Askotan inertziaz gauzak errepikatu egiten ditugu okupazioetan ere. Astraren kasuan, errepikatu beharrean sortu egin dugu”. Dinamika horretan, azpimarratzekoa izan zen Astra berreskuratzeko borroka jabetza publiko eta pribatuaren arteko parametroetan planteatzea.
“Eraikina desagertzeko zorian zegoen eraikuntza enpresa batek erosi zuelako, eta berreskuratzeko bide bakarra erabilera publikoa sustatzea zen”. Behin hori lortuta, bakoitzak bere beharrizanak planteatu zituen: gaztetxea, lokalak entseatzeko, elkarte bezala kultura garatzeko lokalak… “Hori guztia aztertuta hutsetik abiatu ginen”.
Komunikazioa ere Astraren adierazgarri izan da, bereziki herriaren babesa lortu eta proiektua legitimatzeko. "Astraren erresistentzia modurik eraginkorrena komunikazioa bera izan zen", azaldu du Lopezek. Bere esanetan, beti saiatu dira komunikazioa hurbila izan dadin. Esanez baino ekintzen bidez transmititzeari garrantzia emanez, eta herritarrak proiektuaren parte bihurtuz: “Hasieratik argi utzi du Astrak ez dagoela ‘zuek’ eta ‘gu’ bat herritarrekin. Ez dago Astrako kideen identitate bat”.
Haatik, erraz ulertzeko moduko diskurtso horrek ez du eragotzi proiektua izendatzerako orduan zalantzak izatea. Kultur fabrika da gehien entzun dena, hedabideetan bereziki. Plazaren esanetan ez da gustukoen duen Astraren abizena: “Gure burua hurbilago ikusten dugu edozein gaztetxetatik kultur fabrika baten eredutik baino, baina norbaitek gustuko badu, aurrera, ez dugu bere aurka egingo”. Eraikina lortzeko moduari, erakundeekiko harremanari eta komunikatuetan gaztetxe ez deitu izanari egotzi dio nahasmena. “Astrak duen gauza aberatsena da bakoitzak nahi duen bezala definitzen duela. Akatsa izan baino, aberastasun bezala ikusten dugu”.
Gernikara begira “abizenik” ez duela behar diote, baina onartzen dute kanpora begira Astra zer den azaltzea zaila dela. Herritarrek bereganatzeko espazioa da Astra , haien hitzetan, eta bakoitzak bere erara definitu behar duela. Zentzu horretan, ez dute uste Astrak ezer aldatu duenik okupazio mugimenduan: “Erabat bere bidea egin duelako da den modukoa, ez da ez hobea, ezta txarragoa ere”. Pertzepzio kontua dela diote, eta okupazioaren bidez sortzen diren espazio autogestionatuen inguruko ideia oso zurruna dagoela.
Kanpotik zabaldutako “esterotipoak” direla uste du Lopezek: “Okupazioa 1980ko hamarkadako gaztetxearen irudiarekin erlazionatzen da, eta hala ere ziur nago garai hartan ere oso gaztetxe dibertsoak bazirela”. Plazaren ustez arrazoi ezberdinak daude okupatzeko eta horregatik ez du merezi katalogatzen aritzeak: “Okupazioa prozesu subjektibo eta konplexua da”. Desberdintasunak tarteko, argi dute gaztetxe bakoitzak bere ildoak dituela: “Astraren beste oinarrietako bat da beste espazio autogestionatuek egiten dutena errespetatzea” .
Errespetagarriak, guztien helburua delako tokian tokiko gabezia edo arazo zehatzei erantzuna ematea. Horren haritik, okupazioa tresna baino bide gisa ikusten dute; hasieran gabezia edo arazoa erakustea helburu duen aldarrikapena , eta gero horri alternatiba bilatzeko tresna: “Gauzak eskatu egin daitezke, baina okupatuz gero, eskuratu egiten dituzu”.
Astrak erakundeekin duen harremanak sortu du proiektuaren inguruko beste uste okerretako bat, Gernikako Udalarekin sinatutako lagapen hitzarmenak eraginda segur aski. Askori, eraikin berriztua ikustean, kosta egiten zaie okupazioaren bidez eta autogestioz kudeatzen dela pentsatzea, baina Plazak argi utzi du, “hitzarmena negoziaketa gogor baten ondorio izan zen”. Gaineratu du ohikoa ez bada ere, badirela gaztetxe eta okupazio mugimenduan adibideak.
“Hitzarmena bai, baina autonomia sakratua da”. Ezinbesteko baldintza Plazaren esanetan. Horretan berebizikoa da Astrak egunerokoan lortu duen burujabetza. Hala ere Lopezek nabarmendu du hitzarmena negoziatzerako orduan, erabakitakoari eusteak ere autonomia irabaztea ekarri zuela: “Badirudi akordio bat lotzeak zerbaitetan amore ematea dakarrela, eta hori ez zen horrela izan Astraren kasuan. Hasieratik argi genuen gure proposamena parte hartze eta demokrazia zuzenez herritarrak erabakitakoa zela, eta beraz ezin zela aldatu”.
Erakundeekin edozein akordio egitearen aldekoak ere ez dira. “Espazio baten lagapenaren atzean ez badago esfortzua, lana eta behetik gorako prozesua, ez du ezertarako balio”. Ez dute baliagarritzat ikusten udalak gaztetxe bat ematea. “Gehien jota, udalak espazio publiko batzuk identifikatuta izan ditzake, kasuren batean beharrizanen bat izanez gero lagatzeko. Erakundeen kultur politiken barruan proiektu bezala gaztetxe bat egotea errorea da”. Argi dute Astrak ez zuela funtzionatuko behetik gorako proiektua izan ez balitz.
Lopezek ohartarazi du administrazio askok zerbitzuak itxi dituztela Astra bezalako alternatibak daudelako. “Honelako espazio bat izateak ez du ekarri behar erakundeek zerbitzu publikoak murriztea. Gernikan kultur etxea egon behar da”.
Herri mugimendu, eragile eta erakunde askoren buruhaustea da transmisioa. Pertsonek bultzatutako proiektu ororen erronka saihestezina da Plazarentzat: “Astran iraunkortasunaz mintzo garenean, sostengarritasun pertsonal eta kolektiboaz ari gara. Aurrera segitzeko prozesu berriak, jende berria behar da, bestela daudenak agortu ahal direlako”. Okupazioan zuzenean parte hartu izanak ere atxikimendu maila handiagoa ekarri diela iritzi du Lopezek. “Gaur egungo erronka da hamabost urteko pertsonak Astrara erakartzea”.
“Transmisioa izan behar da, baina bakoitzak bere erara ekiten segitzeko”. Gaur egun belaunaldi berriak badabiltza ere, kudeaketan eta pertenentzian hutsuneak nabaritzen dituzte. Horregatik azaldu dute asanbladan erabaki zutela Astrak antolakuntza ahalik eta arinena izatea, eraikinaren kudeaketak ez zezan lapurtu norbanakoen indar guztia. Energia hori bakoitzaren ekimen eta borroketara bidera zezaten. Horrek ekarri du Astran inork espero ez zuen fenomenoa koordinadorako partaideen ustetan. “Egunero dabiltzan asko ez ditugu ezagutzen, eta hori 16.000 biztanleko herri bateko espazio autogestionatu batentzat ikaragarria da”.
Pertenentzia, transmisioa, burujabetza… fenomeno guzti horiek aztertzeke dituzte. Abenduaren 24an urteurrena ospatu ostean, otsailean zehaztuko dituzte etorkizunera begirako erronka eta eginbeharrak.
Kontuak publiko egitea erabaki zuten lehen unetik Astran. Gardentasunaren aldeko apustua, gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakusteko aukeratzat hartu dute. Kontuen bidez ikusi zitekeen Astrak autofinantziazioaren bidez dependentzia ekidin zezakeela, eta Plazak azaldu duenez, horren bitartez soilik lortzen da burujabetza. “Edozein gatazka planteatzeko gai izateko, herri mugimenduentzat ezinbestekoa da burujabe izatea”.
Baina dependentzia ez da erakundeekiko bakarrik. Adibide ohiko, baina ez horren agerikoa jarri dute: “Astraren dependentzia, finantzatzeko jaiak antolatu beharra da. Barran jendeak kontsumitzea behar dugu ekonomikoki aurrera egiteko, eta horrek kontsumismoa bultza lezake”. Hori dela eta, saiatu arren, ez dute uste espazio liberaturik existitzen denik, “gizartearekin kontaktuan zauden heinean”. Lopezen ustez ona da, Astra bezalako espazioek mugak ikusten ere laguntzen dutelako. “Askotan espazio hauetaz hitz egitean gauza onak baino ez dira aipatzen, eta ondo dago noizbehinka gure mugak azaleraztea, sistemaren mugak direlako”.
Iruñerrian bat egin dute hainbat Gazte Asanbladak, Burlatako Gaztetxearen alde. Etxarriren desalojoa gelditzera deitzeko, bestalde, manifestazio bat antolatu dute Bilbon hilaren 28rako.
Asteburu honetan hasiko da Gaztetxeak Bertsotan egitasmo berria, Itsasun, eta zazpi kanporaketa izango ditu Euskal Herriko ondorengo hauetan: Hernanin, Mutrikun, Altsasun, Bilboko 7katun eta Gasteizen. Iragartzeko dago oraindik finala. Sariketa berezia izango da: 24 gaztez... [+]
Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]
Kolektiboki antolatzeko grina aspalditxotik gorpuztu da, besteak beste, kulturaren esparruan. Jendea batzeko abaguneak dira kontzertuak, eta horregatik, musika kolektiboei egingo diegu txokoa erreportaje honetan. Gaia hain zabalean hartu ordez, Araban ipiniko dugu fokua,... [+]
70 urteko emakume bat eta bere biloba bota zituzten euren etxetik, baina hura bereganatu dute berriz. Etxea defendatzeko konpromisoa azaldu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
Joan dira All In Da Hauseko hiru final aurrekoak. Oñati, Gernika eta Hendaiako Gaztetxeetaraino iritsi da freestyle txapelketaren bederatzigarren edizioa. Orain arte egindako bide honen balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, "Euskal Herriko txoko hauetan,... [+]
Gaur, behin betiko bozkatuko da okupazioaren aurkako lege-aldaketa kongresuan. Atzo, Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat gaztetxeetako kideek; aldarrikatu dute "okupazioaren aurkako kriminalizazio oro gelditzea, eta okupazioaren aurkako neurri... [+]
Kaletik Gaztetxera asanbladak ostiralean jakinarazi zuen lehengo Correos birjabetu duela, Gaztetxe bilakatzeko. Hainbat ekimen antolatu dituzte bertan azken egunetan, eta jende andana bertaratu da.
Bertan behera geratu da Barakaldoko epaitegian egingo zen Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideren aurkako epaiketaren ahozko saioa. Akusatuen defentsak egozten zaien okupazio delitu arinaren preskripzioa planteatu du, eta Fiskaltzak karguak erretiratu ditu.
Urtebetez egon da Gasteizko Alde Zaharreko frontoi okupatua itxita, 2023an kazkabar ekaitz batek teilatua apurtu ostean. Pozik daude pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladako kideak, konponketa prozesuak erakutsi dielako pilotalekua “espazio garrantzitsua”... [+]
Dutxa Etxea zena 2013an itxi zuten Javier Marotoren alkatetza garaian, “integrazio arazo bat” zela argudiatuta. Uztailaren 22an auzoko zenbait eragile eta bizilagun Alde Zaharreko lokalean sartu ziren Herri Labanderia izeneko garbitegia martxan jartzeko. Udaltzaingoa... [+]
Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.
Lokalaren jabeak eta Ertzaintzak desalojatu eta hesitu egin dute Jardun Koordinadorak maiatzaren 1ean okupatu zuen Kantauri espazioa. Jauregi Jenerala kalean dago lokal hori, eta bi hilabetez egon dira Jardun Koordinadorako kideak bertan, hainbat gorabehera izan badituzte ere.
Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean: “Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta... [+]
Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.