Buruan ditudan oroitzapenen arabera, ezin jakin noraino apaindu duen nire memoriak ondotik kontatuko dudana, inbidia galanta sentitu ohi nuen eskola-garaian Santa Ageda bezpera egunean; hain zuzen ere, ikasturte osoan eskolatik kanpora, auzora, ateratzen ginen okasio bakan haietan.
Klaseko lau pertsonak txistua jotzeko ohorea izaten genuen irakasleak hala aukeratuta, publikoki txistua jotzeko ordezkaritza duinena ginelakoan, gainerako ikaskideek makilarekin lurra gogoz eta gogor astintzen zuten bitartean.
Nire psikoanalista argentinarrak sintaxi luze bezain dotore batez agertu didanez, mendekua hartu nahi izan dut handitan. Orain, makila eskuetaratzen dut Santa Ageda bezpera orotan eta, txikitan bizi izandako traumaren ondorioz, txistua jotzen ahaztu zait. Musika-instrumentu bat galdu dut –horren jakitun naiz–, baina lurrari dei kolektiboa egiteko aukera ederki gozatzen dut.
Osasunak eztarria errespetatu artean, ozenki arituko naiz kantari, oleska. Makilaren taupada erritmikoekin uztartuko ditut aspaldiko desira ukatuak eta neguan lurra ernatzeko asmo tribala. Pirinioen beste muturrean aginte-makila hartu nahi izan duen Kataluniako herriak bezala.