"Ebanjelizazioa edertzea omen zen nire egitekoa Ekuadorko misioetan"

  • Zer gordetzen da gure herrietako zahar-etxe, komentu eta gisako ezkutalekuetan? Zenbat istorio eta historia, zenbat bizipen gozo eta mikatz, zenbat poz eta neke? Peli Romarategiren biziak bost toles ere baditu.

Kasik mende oso bateko historia bizia da Peli. Gasteizen gerra aurreko lehen ikastola, Pilar Landaburu, Gaztetxu mugimendua, 1934ko Aberri Eguna, gerra ostea, errepresioa, erresistentzia, euskara, Ekuadorko misioak, itzulera…
Kasik mende oso bateko historia bizia da Peli. Gasteizen gerra aurreko lehen ikastola, Pilar Landaburu, Gaztetxu mugimendua, 1934ko Aberri Eguna, gerra ostea, errepresioa, erresistentzia, euskara, Ekuadorko misioak, itzulera… Zaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Peli Romarategi, Fernandez de Romarategi.

Bai, bai, zuzen zaude. Peli Romarategi agertzen naiz beti toki guztietan, baina badakizu, arabarrok deitura konposatuak ditugu. Fernandez de Romarategi Lanas Bengoa Ruiz de Gordoa naiz. Aita Otazukoa nuen, eta ama, berriz, Apellanizkoa.

Peli duzu ponteko izena, ala gero euskaratua?

Ez, ez, Peli naiz ni jaiotza-agirian ere. Nahiz eta Peli izenaren ondoan Felix jarri zuten parentesi artean. Izen sabindarra Peli. Egia esan, gurean zaharrenak Isabel izena zuen, baina haren atzetik etorri ginenok Sabinoren modako izenak jaso genituen: Kekile, Gergore, Julen, Sabin eta Peli. Gurean aita oso abertzalea zen, eta euskararen zalea ere bai. Euskaraz ez bazekien ere, txera berezia zion.

Aita Otazukoa, ama Apellanizkoa. Nekazariak izango ziren, hortaz.

Haien gurasoak seguruago. Ni jaio nintzenerako Gasteizen bizi ziren. Aita ebanista genuen, eta Bonilla etxe ezagunean egin zuen lan. Ama, etxean, gu hazten. 1922an jaio nintzen ni, Errementari kalean, Gasteizko alde zaharrean, orain Ahateen iturria dagoen horretan. Baina, jakina, zeharo aldatua dago dena. Inguru horrek Aldabe du izena orain, baina orduan Santo Domingo zen hori. Aldabe gabe, Aldape zen sasoi hartan; bene-benetako herri txiki bat, esaterako, etxetxoak, ortuak, oiloak han, txerriak hemen…

Ikastola bat izan zen zuen etxetik ez aparte, Zapatari kalean.

Bai, hara ere joan nintzen. Lehenengo Campilloko [Landatxo] eskolara joan nintzen, eta gero berriz, Alira bideko eskolara. Gero, ikastolara. Etxean abertzaleak ziren, eta baten batek esana izango zion zer edo zer gure aitari, eta Soliren [Solidaridad de Trabajadores Vascos, ELA] ikastolara hasi nintzen. Frantzisko Xabier Landaburu diputatuaren arreba izan genuen irakasle. Oso andereño ona. Zapatari kalean baino lehen Bakea kalean egon zen ikastola, etxebizitza batean. Baina etxe txikia zen, eta umeak, berriz, 20, 40. Jolas ere korridorean egiten genuen. Gero, Zapatarira joan ginen. Leku handiagoa han, eta baratzea ere bai han ikastolak. Nik hamar, hamabi urte izango nituen. Goizez eta arratsaldez joaten ginen hara.

Eta zer izan zen Gaztetxu?

Iluntzean joaten ginen lekua. Jende pila bat joaten zen hara. Neska eta mutiko haziak, ez bakarrik umeak. Dantza, antzerkia eta horrelakoak egiten genituen. [Lopez] Uraldetarrena zen etxea, eta Isabel Lopez de Uralde buru, gero moja joan zena Berrizko mesedetakoekin.

Han ikasi zenuen dantzan, beraz. Eta horrela zaitugu dantzari 1934ko Aberri Egunean, Gasteizen.

Bai. Gaztetxuetakoak ginen, eta dantza egiten genuen jai egun handietan. Aberri Egun hartan bai, eta Prudentzio Deunaren egunean ere bai, adibidez. Eta mitinetan ere dantza egin genuen, Espejon eta Izarran, adibidez. Txikia nintzen, baina akordatzen naiz horretaz. Horrelako giroa zegoen Gasteizen eta Araban sasoi hartan. Gero, gerra etorri zen, eta kito dena. Aita ere gerra aurrean hil zitzaigun, gaixorik, eta betikoa: batzuk kartzelara, beste batzuk erbestera. Gure anaia Julen Bilbon eduki zuten. Koinatuetako bat, kartzelan. Beste bat, atzerrian… Ni etxeko txikiena nintzen, eta Gasteizen.

Zer giro izan zen Gasteizen gerra garaian eta ostean?

Ez zen giro! Badakizu Azazetara eraman eta nola hil zituzten hamasei lagun haiek.

Hemen bertan kontatu zigun historia hori Jesus Estrada Arrondo zenak [Argia, 2087 zbkia.] Errepresioa gorabehera, zuek ez zineten geldirik egon. 1944an bosteko bat osatu zenutela irakurri dut, erresistentzia helburu.

Soldadutzatik etorri berri nintzen. Martin Kortazar adiskidea nuen, eta berak eman zidan Pax Romanaren kongresuaren berri. Gasteizen zen egitekoa [1946, uztailak 18], eta Frantzisko de Vitoriari omenaldia egitea eta monumentua inauguratzea ere pentsatuta zeukaten. Orduan, guk [Iñaki Olano, Martin Kortazar, Quintana, Manuel Garcia de Andoin, Eugenio Saenz Lanas eta Peli bera] ekintza bat egitea pentsatu genuen, jende asko baitzen etortzekoa: unibertsitate askotako irakasle ospetsuak eta zenbait herrialdetako agintariak. Zapalkuntza egoera salatzea pentsatu genuen guk, eta ikurrinaz eta panfletoz bete genuen Senda pasealekua, Frantzisko de Vitoriaren monumentura bide osoa. Ikurrinak jarri genituen pasealekuko arboletan: hartu soka bat, lotu mutur batean ikurrina, bestean harria, eta arbola adarretan zintzilik utzi genituen gure ikurrinak! Kar, kar…

Zer zioten panfletoek?

“Preso politikoen askatasuna”, “Gerra bukatu da, soldaduak etxera”, “Ateak ireki erbesteratuei”, “Kito kontzentrazio-esparruak eta lan behartuak”… Eta unibertsitateetako irakasleak eta atzerriko agintariak zeramatzan autobus barrura panfletoak bota genituen.

Baina harrapatu egin zintuzten.

Bai, bata bestearen atzetik. Urte eta erdi eduki gintuzten Bake kaleko kartzelan. Legez kanpoko elkartzea eta propaganda ilegala egotzi ziguten. Kartzela eta isuna. Horrela zen garai hartan. Eta gero, betikoa, behin kartzelara eramanez gero, hurrena zerbait gertatzen zenean, barrura! Arriskutsuak omen ginen. Eta Francoren aldeko agintariren bat Gasteiza etortzen zenean, gu beti barrura. “Badaezpadako neurria” omen zen. Hainbat aldiz eduki ninduten kartzelan, Gasteizko lagun askorekin batera.

Famatua da garai hartako Gasteizen Bruno Apodaka polizia zitala.

Gaiztoa, bai. Fama zuen hainbat pertsona hil zituela hemen inguruan. Berak esaten zuen, batere lotsarik gabe. Mutikotan harekin ikasitakoek esan ere egiten zuten: “Bruno? Eskolako tentela zen eta!”. Gure aitak Gaueko adorazioan edo halakoren batean ezagutu zuen. Ni harrapatu nindutenean, hantxe Bruno, eta esan zidan: “Gizon ona zen zure aita. Baina nazionalista”. Ez zen oso gizon argia, ez, Bruno hura.

Andoni Urrestarazu Umandi ere harrapatu zuten Frantzisko de Vitoriaren omenezko ekitaldien barruan. Harekin hasi zinen euskaraz ikasten.

Bai. Andonik testu bat idatzi eta Frontoi hotelean ostatua hartuta zeuden kongresistei utzi zien, haien geletara sartuta. Andoni eta beste zenbait lagun ere harrapatu zituzten eta kartzelan gertatu ginen denok. Eta kartzelan hasi nintzen Andonirekin euskaraz ikasten. Ehun ikasgai bete genituen han, libururik gabe. Andoni oso buruargia zen. Lapitza hartzen zuen, koaderno batean idazten, eta guk ere berdin egiten genuen. Oraindik orain esana dut, kartzelan ikasi nuela euskaraz, irakasle onenarekin, Andoni Umandirekin, alegia. Kartzelatik irtenda, Andonik San Antonio kaleko etxean erakusten segitu zuen, eta hara hasi ginen zenbaitzuk. Martin Kortazar, Manolo Andoin eta besteren batzuk. Ni, tartean.

Euskaraz ikasten, ezkutuan, Umandiren etxean.

Bai. Behin baino gehiagotan atxilotu gintuzten, bilerak egiten genituela egotzita. Guk, ikasten ari ginela esaten genien, baina alferrik.

Andoni Perez Cuadradok esana duenez, kartzelan zinen 1951n ere, eta kartzelara baino lehen ere buruan omen zenerabilen misioetarako asmoa. Ekuadorrera joan zinen 1955ean.

Bai, etxeko egoera pixka bat zuzendu eta joan nintzen. 30 urte baino gehiago nituen, eta etxean nire misio asmoa kontatu nuenean amak lasai joateko esan zidan, eta arrebek ere berdin, beraiek zainduko zutela ama. Eta joan nintzen, misioetara, baina ez apaiz. Hara joandakoen artean batzuk apaiz ziren, eta beste batzuk sekularrak. Ni hauetakoa nintzen. Neska eta mutil ginen sekularrak. Gu Ekintza katolikokoak ginen, eta giro hartan misioak oso gauza bizia ziren. Aita santuak ere misioak bultzatzen zituen. Orain ez da ulertzen, baina orduan, eta Ekintza katolikoaren barruan egonda, kasik gauza naturala ere izan zela esango nuke. Talde handi bat osatu genuen Ekuadorren. Oso jende ona aurkitu genuen tropikoan.

Ekuadorko jendeaz ari zara?

Bai. Nekazariak. Soro lanean beti, jende behartsua oso. Ez genuen hiririk zapaldu, beti ginen soro eta landetan. Joan orduko, etxeak eta elizak egiten hasi ginen. Ni ebanista nintzenez, banuen egitekorik franko. Katekesia ere erakutsi izan nuen.

Hala ere, zure egonaldia Ekuadorren arteak markatzen du. Hainbat marrazki, mosaiko eta beirate utzi zenuen bertan.

Denetatik egin nuen. Kartzelan ikasi nuen marrazkia, eta posta bidezko ikastaroa ere egin nuen gero. Ekuadorren ere nire lagunak laster konturatu ziren nire zaletasunaz, eta artelanak egiten jarri ninduten erabat. Jose Maria Zunzunegi zestoarrak bultzatuta, esango nuke. Gero, Ambato herrian nengoela, Chimborazo pean, seminarioko gazteei erakusten, Jose Luis Iriondo frantziskotarrak mosaikoak egiten erakutsi zidan. Oso artista handia zen Iriondo. Hasi nintzen, eta laster ez nuen besterik egin artelana baino. Ebanjelizazioa edertzea omen zen nire egitekoa Ekuadorko misioetan, eta nire tailerrean pasatzen nituen orduak, Kristo indigenak, amabirjina amerindiarrak, Asisko Frantzisko, eta natura, argia eta kolorea. Horretan eman nuen denbora.

Jose Luis Iriondok erakutsita?

Baina ez Iriondok bakarrik. Tartean-tartean Ekuadortik Euskal Herrira etortzen nintzenean, bata eta bestea ikusteko baliatzen nuen denbora, ikusteko eta ikasteko. Erroma, Florentzia, Venezia, Paris, Mexiko, New York, Bartzelona, Madril… leku askotan izan nintzen. Etorri nintzen batean, arkitekto batekin hizketan –San Roman abadea zen–, Madrilgo tailer batekin harremanetan jarriko ninduela esan zidan. Eta halaxe joan nintzen Madrilgo Atienzaren tailerrera. Real Madrileko futbolariak ziren bi anaia. Han ere ikasi nuen.

30 urte baino gehiago egin zenituen Ekuadorko misioetan.

Eta gero etorri egin nintzen. Joseba Lejarza lekeitiarrak, Ekuadorren urte asko egindakoak, Urkiolara etortzeko gonbita egin zidan 1976an edo. Urkiolan pozik ni. Han ere ni neure lanean, beirateak eta egiten, eta bizi, berriz, euskaraz, baina nahiko lanarekin, han bizkaieraz egiten baitzuten. Ekuadorren ere hitz egiten nuen nik euskaraz, bateko bizkaitar eta besteko giputzarekin. Urkiolara etorri, eta pozik ni. Eta eguraldia bera ere, gozo.

Eguraldia ere lagun Urkiolan?

Bai. Nire garaian, Urkiola beti itxita egoten zen, elurra lepo. Etorri nintzenean, hotzik ere ez genuen izan Urkiolan. Nik, berriz, lehengo hotza nuen gogoan. Baina pentsatu ere ez halakorik. 20ren bat urte egin nituen Urkiolan, eta orain dela urte batzuk, azkena, Gasteiza itzuli nintzen, jaio nintzen herrira. Apaizetxean bizi naiz, apaiz ez banaiz ere. Apaiz ez den bakarra naiz etxe honetan.

Peli Fernandez de Romarategi

1922, Gasteiz. Kasik mende oso bateko historia bizia da Peli. Gasteizen gerra aurreko lehen ikastola, Pilar Landaburu, Gaztetxu mugimendua, 1934ko Aberri Eguna, gerra ostea, errepresioa, erresistentzia, euskara, Ekuadorko misioak, itzulera… Artista da, oroz gain, Peli, eta Ekuadorko Ventanas, Ambato, Bahia eta beste hainbat herri eta herrialdetan utzia du bere ondasun (ez) guztia, eta Urkiola gaineko santutegiko beirateak, Astigarragako elizakoak, edo Abaltzisketakoak dira froga. Jakingarria, bestalde, Juan Ramon Etxebarriaren liburua: Vida y obra artística del misionero vasco Peli Romarategui.

Azken hitza:
Tortura

“Peli ebanista zen, artista hutsa. Halaxe da oraindik ere. Pueyo zen orduan polizia, eta hebain-hebain egin zuen Peli, kolpeak han eta hemen. Esku-bilurrak jantzita sartu zuten ziegara. Biok bakarrik ziegan, zer moduz zegoen galdetu nion, min handia ote zuen eta Pelik ‘Ez da ezer, ez da ezer‘, ahotsa ahul eta mehe zuela”. (Andoni Perez Cuadradoren lekukotasuna).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Wikipediako 2023ko argazki onenak: naturako argazki ikusgarriak nagusi

Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]


Yun Ping. Aldiro etxera itzuli
“Inor ez da gauza bakar bat, ezta gauza oso itxi bat ere”

Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


Montse Borda. Pinturaren artisaua kobazuloan
“25 urtez astebururo fabrikan ari naiz, baina horrek astegunetan tailerrean egotea ahalbidetzen dit”

Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
"Ilargia eta landareak" 2025eko agendaren aurkezpena
Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an

Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]


Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


“Asmo politikoak ematen dio zentzua jakintza kolektibizatzeari”

Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]


Kronika: 'Liburu ausartak' jardunaldia
Isilak, mutuak, zuriak... eta ausartak

Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]


2024-06-21 | Sustatu
AA irudien lehiaketa batean tranpa, benetako argazkia aurkeztuta

Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]


Paleolitoko labar-arteak askotariko funtzioak zituela baieztatu dute Euskal Herriko kobazuloetan

Euskal Herriko kobazuloetan Madeleine aldiko (duela 18.500 eta 13.500 mila urte bitartekoak) labar-artea metodo konputazionalak konbinatuz aztertuta, ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera bereizi dituzte irudiak, eta ondorioztatu dute lau multzotan bana daitezkeela. [+]


Koldobika Jauregi eskultorea zendu da, 64 urterekin

Askotariko diziplina artistikoetan aritua, sona handikoa bai Euskal Herrian eta bai nazioartean, sortzez Alkizakoa zen semea igande honetan hil da bihotzekoak jota. Ur-Mara museoaren sortzaileetako bat izan zen, Thoreau espazioaren sorreran ere aritu zen eta Dantza filmean egin... [+]


Eguneraketa berriak daude