argia.eus
INPRIMATU
Maurice Ravel zoragarria
Montserrat Auzmendi del Solar 2016ko urtarrilaren 27a
Maurice Ravel musikagilea (Ziburu,1875 - Paris, 1937)
Maurice Ravel musikagilea (Ziburu,1875 - Paris, 1937)

Ez dakit aldi honetako Maurice Ravelen interpretazioa onena izan den, baina beti da plazer bat Ziburuko maisuaren musika entzutea. Ravelen modernitatea bere garaiko estilotik haratago doa. Inpresionismoaren iturrietatik eraikitzen du bere teknika konpositiboa baina ez da inpresionisten eredua, edo eredu purua. Jazza, floklorea, klasizismoa, denetatik hartzen du zerbait, eta musika berezia egiten du, berea benetan. Orkestrazio distiratsua, imajinazioa, tinbrika berezia… hauexek eta gehiago dira Ravelen ezaugarriak. 

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ia monografiko bat eskaini zuen hilabete honetako abonu kontzertuan, eder-ederra, nahiz eta behar den ñabardura-aberastasuna ez agertu. Hasteko, Ravelen munduan buru-belarri sartu baino lehen, Gabriel Fauréren Pavane op. 50 jo zuten Euskadiko Orkestrakoek, dotore-dotore. Beste gauza bat izan zen hurrengo obra, Ziburukoaren Piano eta Orkestrarako sol maiorreko kontzertua. Lan famatu eta kanporakoi hau interpretatzeko Ingrid Fliter pianista argentinarra izan genuen bakarlari gisa. Musikari gogorra eta entrenatua da Fliter andrea. Oso gogorra. Dudarik ez, baduela taxua eta indarra jotzerakoan, baina sotiltasunik ez. Eta, sentitzen dugu, baina ezin da Ravel interpretatu nota guztiak joaz bakarrik. Haren mundua ulertu eta transmititu behar da eta, alde horretatik ez genuen ezer sumatu Fliter andrearengan. Perkutitu egiten ditu notak, etengabe. Teknika sendoaren erakustaldia egiten du (teknika errefinatuarena ez), baina hori ez da nahikoa musika honen estilo bereziaren bertsio partikular bat egiteko. Gauza bat da norberaren nortasunaren ukitua ematea musikari, eta beste bat dena berdin-berdin jotzea norberaren “jotzeko era” aitzakiatzat jarriz. 

Ingrid Fliter piano joleak sari eta errekonozimendu ugari ditu, eta badaki ongi jotzen pianoa, baina beste errepertorio mota batean agian hobeto sentituko da, inpresionismoaren ñabarduren mundu estilistikoan ez da gauza. Propina gisa, orkestrarekin batera Joseph Haydnen obratxo bat eskaini zuen: Rondo hungariarra, aurrekoa bezain perkutitua. Haydn ere, ez da bere cup of tea. Franck Liszt bat edo, hobeto, Sergei Prokofiev bat eginez gustatuko litzaidake Fliter entzutea, ea horretan hobeto moldatzen den.

Saioaren bigarren zatian, Daphnis et Chloé balleta eskaini zuen orkestrak. Lehen aldiz interpretaturiko lan eder hau ongi matizatua atera zen, nahiz eta Principal Antzokiko deabruko akustikak nolabait hondatu. Halere, oso ongi.

Fauré eta Ravelen obrak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Jun Märkl 

Piano-jotzailea: Ingrid Fliter

Gasteizko Principal Antzokia

Urtarrilaren 14a