1964an argitaratu zen lehen aldiz liburu hau; eta orain, 50 urte pasa ondoren, euskaraz irakurtzeko aukera daukagu.
Garrantzitsua da hasierako datu hori, gaur egungo honelako liburuetan kolorea, irudi handiak eta begiak liluratzeko, bista zentzumena liluratzeko hainbat teknika erabiltzen baitira. Shel Silversteinen lan honek, aldiz, ez du kolorerik, zuri-beltzean egina da eta marrazki eta trazu sinpleen bidez adierazten zaigu irudia.
Arbola baten eta mutiko baten arteko maitasun istorioa da Arbola eskuzabala honetan ageri zaiguna: “Bazen behin arbola bat…mutiko bat maite zuena. Eta mutikoa egunero etortzen zen eta haren hostoak biltzen zituen haiekin koroak egin eta basoko errege bihurtzeko. Mutikoa haren enborrean gora igotzen zen eta haren adarretan kulunkatzen zen eta haren sagarrak jaten zituen”. Liburuaren lehen orrietan ikus daitekeen bezala arbola eta mutikoa dira protagonistak, beren harremana da narratzaileak kontatzen diguna. Nola bizi diren pozik elkarrekin, nola jolasten duten batak bestearekin.
Mutikoa, baina, heldu egingo da; utziko dio arbola bisitatzeari, harekin jolasteari, eta bakarrik gogoratuko da arbola hartaz haren beharra duenean. Arbolak orduan bere frutak emango dizkio. Ondoren adarrak emango dizkio etxe bat egiteko; aurrerago enborra izango da mutiko zahartuak hartuko duena nabigatzeko… harik eta arbola motzondo zahar bat besterik ez izan arte. Eta orduan ere, aitonari –mutiko hura gazte, gizon eta agure bilakatu baita denboraren poderioz–, orduan ere aitonari lagundu egingo dio arbola lagunak.
Hunkigarria da Silversteinen istorioa; Oscar Wilderen Printze zoriontsuaren pareko istorioa, eta kasu hartan bezala maitasuna izango da gertakari guztien oinarria.
Elkarrizketa labur eta sinpleen bidez; esaldi motzak erabiliz, egileak –testuaren eta irudiaren arteko komunikazioari esker– istorioaren barrena eramaten gaitu arbolaren sakrifizio bakoitzarekin haren maitasuna miresten eta haren minagatik sufritzen. Gizakiak, aldiz, konturatu gabe dena hartzen du, laguna, arbola, arriskuan jarriz eta haren heriotza gerturatzen.
Gure gizarteko kontsumismoaren inguruko gogoeta izan daiteke istorio hau, duela 50 urte aurreikusten zen kontsumismoarena. Baina, batez ere maitasunaren eta adiskidetasunaren inguruko istorioa da Arbola eskuzabala; Printze zoriontsuak bere urrezko azala eta, azkenik, begiak ere eman zituen pobreei laguntzeko. Arbolak dena ematen dio lagunari. Bai eta amaieran atseden hartzeko lekua ere. Biek, hasieran bezala, elkarrekin amai dezaten. “Ez dut gauza handirik behar orain –esan zuen mutilak–. Toki lasai bat baino ez, eseri eta atseden hartzeko. Oso nekatuta nago. ‘Ondo’–esan zuen arbolak, ahalik tenteena jartzearekin batera–. Ondo, motzondo zahar hau egokia da eseri eta atseden hartzeko. Zatoz, Mutil, eseri eta atseden hartu –eta horixe egin zuen mutilak–”.
Shel Silverstein
Ilustrazioak: Shel Silverstein
Itzultzailea: Manu López Gaseni
Pamiela, 2015
60 orrialde