Fagor Arrasateko (Markina) eta JMAko (Arrasate) langileei esan zieten ea euskararen erabilera areagotzeko Eusle metodoa probatu nahi zuten. Eusleak, beti euskaraz egingo zuten langileak izango ziren, gainerakoentzat ez zen derrigorra izango euskaraz aritzea. Bi hilabeteko esku-hartzeek emaitza onak izan dituzte.
Nicolas Unanue Bizkaiko Markinako Fagor Arrasate enpresan automatismo saileko langilea da eta eusle lanetarako aukeratu zuten. Bi hilabetez saileko gainerako langile guztiei euskaraz egitea zen bere lana. Pozik dago Eusle metodoan parte hartu izanagatik: “Sistema oso erraza da, ez dauka sofistikaziorik. Askotan hitz larregi egiten dugu eta egin ezer ere ez. Dinamika polita eta motza da. Pare bat hilabetetan aukera ematen dizu jakiteko nola zabiltzan. Gure artean giro ona sortu zen, ‘kale egiten baduzu hamaiketakoa ekarri behar duzu’, horrelako tonuan ibili gara”. Dena ez da ordea erraz-erraza: “Hitz tekniko asko erabiltzen ditugu eta berbetan hasten zara eta ‘ostras! aldatzen ari gara’, eta berriro euskarara itzuli behar dugu. Zaila egiten da batzuetan, baina ohitu egin behar duzu, besterik gabe”. Automatismo saila, Eusle metodoan parte hartu izanaren aitzakian, bazkaria egitekotan da; gustuko esperientzia izan den seinale.
Josune Urbieta Emuneko aholkularia izan dute laguntzaile. Haren ustez, desiratzen zeuden horrelako esperientzia batean parte hartzeko. Enpresan euskarari dagozkion helburuak gainbegiratu eta erdaraz egiteko joera areagotzen zela konturatzen ziren, batez ere gai teknikoez ari zirenean. 15 langile dira automatismo sailean, denak dira euskaldunak, salbu eta hitz egin ez baina ondo ulertzen duen langilea. Lehenengo hilabetean hiru eusle izan zituzten eta bigarren hilabetean beste hiru. Astero bi galdera egiten zizkieten parte hartu zuten langileei: Eusleak araua betetzen al du, alegia, beti euskaraz egiten al du? Eta jarraituko al dugu esperientziarekin? Langileen arteko euskararen erabileraren emaitzak ondokoak izan ziren: Eusle metodoan parte hartu aurretik erabilera %71,5ekoa zen. Bi hilabeteko esperientziaren ondoren %83ra igo zen eta hiru hilabeteko atsedena eta gero %80. 2014ko saioaren balorazio ona egin, eta 2015eko irailetik bigarren ekinaldian ari dira, oraingoan bost hilabeteko aldian. Aurki bukatuko dute beraz.
JMAn eszeptizismotik ilusiora
Oihana Garcia Elhuyarreko aholkularia izan zen laguntzaile JMA enpresan Arrasaten. Giltzak egiten ditu enpresak eta Garcia berak dio euskararen erabilera areagotzeko giltza bila zebiltzala. 15 urte euskara plana abiatu zutela. Langileen %10 euskaraz ez dakitenak, erabilera %40-45; euskaldunen artean %63. Eusle metodoa erabiltzeko aukerari baietz esan zioten, baina zalantza asko zituzten, beste hainbat ahalegin ere egin baitzuten eta emaitzak ez ziren beti nahi bestekoak. Bi hilabeteko saiakera egiten hasi eta, “emaitzak hasi ziren iristen, eta emaitzak iritsi ahala giroa berotzen hasi zen. Eszeptizismotik ilusiora pasa ginen”. Bi hilabetekoaren ordez hamar hilabetekoa egin zuten eta batek izan ezik beste guztiek txandaka eusle funtzioa bete zuten. Erabileraren eboluzioa ondokoa da: 2013ko otsailean %74, maiatzean %85, uztailean %88, eta abenduan %87. Esku-hartzea bukatu eta gero, 2015eko azaroan euskararen erabilera %86koa zen.
Langileen artean bakarra izan da eusle lanak egin ez dituena, ez zuen nahi izan bere ustez euskara maila apalegia duelako. Oihana Garciaren ustez, ez zuen eusle lana hartu beregain, baina praktikan berak eutsi dio euskarari. Eusle metodoaren aurreko urteetan euskararako jauzia eman ez bazuen ere, oraingoan aldaketa eman du langile horrek. Bera Jesus Santa Cristina kalitate saileko zuzendaria da eta berari galdetu diogu Eusle esku-hartzeaz: “Pozik nago. Nire ama hizkuntza ez da euskara, ez dut hainbeste erabiltzen egunerokoan eta oso esperientzia positiboa izan da. Gero eta gehiago egiten da euskaraz kalitate sailean eta bulego teknikoan, eta proiektu hau bultzada izan da. Dena ez dut euskaraz egiten, niretzako zaila da, baina apurka-apurka banoa. Proiektua bukatu da eta euskaraz egiteko ohitura batzuk hartu ditugu”. Hiztegi teknikoa euskaraz erabiltzea zaila dela dio, baina ohiturak aldatzea zailagoa: “Lan kontuak direla-eta berotzen bazara, jenioa ateratzen zaizu, eta erdarara jotzen duzu, nik behintzat bai”. Euskaraz erraz moldatzen diren langileek berarekin nolako jarrera izan duten galdetu diogu, ea euskaraz egiten zioten: “Laguntza piloa izan dut, pazientzia izan dute, gauzak errepikatu dizkidate, hutsak zuzendu ere bai. Dena eskura jarri didate. Aukera handia izan da niretzat”.
Oihana Garcia aholkulariak, esku-hartzea bukatuta, langileek egindako balorazioetatik hainbat azpimarratu ditu. Langile batek zioen denekin euskaraz egiten zuela uste zuela, eta konturatu zen ez zela hala. Txipa aldatu du eta gehiago ohartzen da norekin eta non euskaraz ala gaztelaniaz egiten duen. Eusle lanak egin zituen batek aipatu zuen laneko gauzez euskaraz hitz egitea zaila egiten zitzaiola, ikasketak gaztelaniaz eginda zituelako eta lanean ere gaztelaniaz egin zuelako ordura arte. Beste batek aldaketarik handiena lehen euskaraz aritzen ez zen jendearekin euskaraz egitea izan dela adierazi du. Garciaren iritziz, aldaketarik handiena euskara maila apalena zuen Jesus Santa Cristinarena izan zen, euskaraz ez hitz egitetik praktikan eusle lanak betetzera igaro zelako.
Aldahitz ikerketaren ataletako bat da Eusle metodologia. Ikerketaren zuzendaria Pello Jauregi (EHU) da eta koordinatzailea Soziolinguistika Klusterreko Pablo Suberbiola. Garapen taldean ondokoek hartu dute parte: Emun, Elhuyar, Ahize, Hernaniko Udala eta HPS. Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zarauzko Udala.
Zazpi ikergune izan dira. Bost erakunde publiko: Tolosako Udala (bi sail), Eusko Jaurlaritza (bi sail) eta Zarauzko Udala (sail bat). Bi industria enpresa: Fagor Arrasateren Markinako planta eta JMAren Arrasateko planta.
Emaitza orokorrak: Esku-hartzea hasi aurreko erabilera, %59. Esku-hartzea bukatutakoan %77. Hiru hilabeteko geldialdia eta gero, %69,8.
Eusle metodoaren bidez lantokietako sail zehatzetan egin dira esku-hartzeak, eguneroko lan harremanetan. Bi baldintza eskatzen ditu. Batetik, borondatezkoa izan behar du, saileko langileek erabaki behar dute parte hartzea. Bestetik, taldeko kide guztiek euskara ulertu behar dute. Eusle izeneko figura dago. Gutxi gorabehera hamar langiletik bi eusleak dira, taldeak aukeratutakoak eta txandakatu egiten dira. Eusleek derrigorra dute beti euskaraz egitea.
EHUn Medikuntza euskaraz ikasteko plaza gehiago behar al diren galdetuta, hori EHUk erabaki behar duela erantzun zuen berriki Jaurlaritzak. Orain, ordea, datorren ikasturterako Medikuntzan 40 plaza gehiago eskaintzeko akordioa egin du Jaurlaritzak unibertsitate publikoarekin,... [+]
Getxoko Udalak udaltzainen hamar lanpostu berri sortzea adostu du EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek hitzartutako aurrekontuaren barruan. Hamar lanpostuetatik euskararen B2 maila bostek soilik egiaztatu beharko dutela adierazi du Udalak.
Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]
Udaltzaina 1992tik ari da lanean euskararen eskakizuna zuen lanpostu batean, eta egonkortze prozesua eskatzen duen lehiaketan euskarak baldintza gisa jarraitzen zuen. Udaltzainak helegitea jarri dio derrigortasun horri eta epaileak arrazoi eman dio.
Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.
Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.
EAEko Berritzeguneetan hurrengo ikasturtean lan egiteko deialdira aurkezten diren irakasleek aldaketa bat ikusiko dute beren lana ahoz defendatzeko jarraibideetan: aurreko deialdian “defentsa euskaraz egingo da” zioen lekuan, orain dio “defentsa ahal bada... [+]
Naziometroaren arabera herritarren %56k uste du arreta euskaraz jasotzeko aukera izatea eskubide bat izan beharko litzatekeela; eta %32,5ak uste du ezetz.
Osasunbidean dauden hizkuntza eskubide urraketez mintzatu da Joseba Otano Administrazioan Euskaraz taldeko kidea.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uliazpi Fundazioan 34 zaintzaile plaza betetzeko oposizioetan euskara eskatzea zilegi zela eta ez zela diskriminatzailea ebatzi zuen iaz Donostiako epaitegiak. Orain ebazpen hori bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, langile publiko hauei... [+]
Ana María Martínez epaileak irailean ebatzi zuen udaltzainek ez dutela zertan B2 euskara maila ziurtatu; orain epaia berretsi eta bi hilabeteko epea eman du berriro onartzeko hizkuntza eskakizunagatik 2021ean Arkautiko lan poltsatik kanpo gelditu zirenak. Irailean... [+]