Tresna pedagogiko baliotsua afinatzen

  • Astean saio eskas bat baino ez diote eskaintzen Musikari ikastetxeetan, eta sarri ematen zaion eginkizun nagusia da gurasoentzat ikuskizuna antolatzea, data jakinetan. Bai, ikasgai “erosoa” izaten jarraitzen du, bigarren mailakoa, eta hala ere, a zer nolako etekin pedagogikoa Musika saioetan lortu daitekeena.

Mahai eta aulkiak baztertu, espazio zabala hartu, eta gorputzaren bidez musika biziaraztea da Dalcroze erritmika metodologiaren xedea, gure gorputzak musika barneratu eta nolabait gorpuztea, modu dinamiko eta ludikoan.
Mahai eta aulkiak baztertu, espazio zabala hartu, eta gorputzaren bidez musika biziaraztea da Dalcroze erritmika metodologiaren xedea, gure gorputzak musika barneratu eta nolabait gorpuztea, modu dinamiko eta ludikoan.

Inoiz kantatu ez duten haurrak uste baino gehiago dira, 2-3 urterekin eskola hasten dutenean. Hala diote elkarrizketatu ditugun Musika irakasleek, “eta hori oso tristea da”. Musika bizitzeko ateak zabaltzea eta kultura musikala barneratzeko lehen oinarriak jartzea dagokiela esan digute irakasleok, musika ezinbesteko arloa baiteritzote derrigorrezko hezkuntzan: “Sormena eta adierazmena lantzen dituelako –argudiatu digute–; beldurrak, lotsak eta konplexuak kentzeko lagungarria delako; pertsonaren sentiberatasuna ukitzen duelako; inguruan oso presente dugun zerbait izanik musika irakurtzen jakin behar dugulako; fisikoki, fisiologikoki, psikologikoki, emozionalki, intelektualki gizakia pizteko gaitasuna duelako… Finean, musika jorratzea pertsonontzat aberatsa eta heziketa eta garapen integralarentzat funtsezkoa delako”.

Etxean ere haurrek –gurasoek– musika gehiago entzun dezatela, gehiago abestu, musikarekin jolastu, eta kontzertuetara joan: “Ahal den neurrian, bozgorailuetatik harago kultura zuzeneko formatuetan kontsumitu, eta ahalik eta formaturik anitzenetan”

Musika entzuten jakitea, arloari lotutako nozio historiko minimoak ezagutzea, euskal kulturari lotutako egile eta musika-tresnak ikastea… eskatzen du Lehen Hezkuntzako curriculumak. Helburuak zabalak eta subjektiboak direla, eta horietara nola iritsi libre uzten dela, irakaslearen arabera alde batzuk edo besteak lantzen dituztela gehiago. Hori esan digute Irungo Berritzegunean astero biltzen diren eskualdeko Musika irakasleek. Batzuetan bakarrik sentitzen dira euren ikastetxeetan, talde-lana botatzen dute faltan, eta horretarako ongi etortzen zaizkie asteroko bilerak, bakoitzak egindakoa partekatzeko. Leire Ormazabal, Edurne Soroa, Maribi Mariskal, Leire Otaegi, Arantxa Lasalde izan ditugu solaskide, eta alde ona ere ikusi diote curriculum malguari: beste ikasgai batzuk oso itxiak eta zurrunak diren bitartean, testuliburuari lotuak, ikaskuntza-irakaskuntza askeago, irekiago eta sortzaileagoa ahalbidetzen du Musika orduak.

Ikasgaiak duen okerrena argi dute denek: denbora urriegia eskaintzen zaio. Oro har, astean ordubete edo gutxiagoko saio bakarra izan ohi dute ikasleek Lehen eta Bigarren hezkuntzan, eta tarte hori ez da nahikoa kantua, instrumentuen erabilera, entzunaldiak, erritmoa, gorputz adierazpena… lantzeko. “Gainera, gizartean hedabide eta gainerakoetatik zer nolako musika kontsumitzen dugun ikusita, hezkuntzak hori dena orekatu behar du eta lan itzela da. Bestelako kultura musikala bagenu, berau elikatzea litzateke ikastetxearen zeregina, baina kontrakoa da, eta gelan bat-batean Erromantizismoko musika entzutea sekulako talka da nerabearentzat. Angelu ugaritatik jorratu behar da musika landua, historian atzera eginez, egungoa ere jarriz, Euskal Herrikoa, ikasleek gustuko dutena… Eta musika entzun behar dute, Chopin edo Leon Bilbao edo Charlie Parker… Bestela askok ez duelako inoiz halakorik entzungo”, dio Beñat Ralla musika irakasleak.

Denbora eskasa izan eta ikasgaiaren zati bat Gabonetako, Euskararen Eguneko, urte amaierako… emankizuna prestatzera bideratu behar izaten du Musikak. Hainbat gauza lantzeko baliagarria izan daitekeen arren –Santa Agedaren bueltan herriko ondarea aztertzeko, adibidez–, ikasgaiaren bizkar geratzen diren ospakizun hauek asko baldintzatzen dute klasea, eta curriculumaren zenbait atal bazter geratzeko aukera handia dago.

Profesionaltasuna bermatzeko neurriak ere faltan botatzen ditu Rallak: egungo Magisteritza ikasketetan, gerta daiteke musikarekin harremanik izan ez duen norbait hiru urtetan musika irakasten jartzea, eta horrek mesfidantza sortzen dio, “sistemak ahalbidetzen dituelako bitartekari soil izango diren irakasleak, play-ari baino emango ez diotenak. Oro har hezkuntza artistikoari ematen zaion garrantzi urriaren isla da”.

Entzumen aktiboa, teknologia, gorputz perkusioa eta zuzenekoak
Teknologiaren bilakaerak eragin handia izan du.
Ordenagailuko musikogramak, adibidez, asko erabiltzen dira
(irudi bidezko partiturak, edo istorio bat osatzen dutenak).

Genioenez, irakaslearen motibazio eta inplikazioaren esku egon ohi da Musika ikasgaia, eta elkarrizketatu ditugunek ugari dute bietatik. Azken urteotan metodologia garatu egin dela, saioetan alderdi ludikoa oso presente dagoela eta ikasleen parte-hartzeak garrantzi handia hartu duela esan digute Berritzegunean bildutakoek. “Esaterako, entzumen aktiboa egiten dugu sarritan: garai batean play-ari eman eta musika entzuten zuten ikasleek, orain rol aktiboagoa dute, entzutearekin batera beste zerbait lantzen goaz, eta gorputzez adierazten, edo instrumenturen batekin, kantatuz, paper batean margotuz, antzeztuz… Haurrek beraiek markatzen dute jarduna, inprobisazioa nagusi da, hasierako asmoa aldatzen eta moldatzen joaten garelako taldearen arabera. Ezberdina da talde bakoitza, eta talde lana, elkar-ekintza, asko lantzen dugu, orkestra bat izango bagina bezala”. Egun batean gorputz perkusioa egingo dute adibidez, gorputzaren bidez koreografia erritmikoak prestatuz eta gainerakoekin antolatuz, koordinazioa, entzumena, kontrola… lantzeko. Edo kalera aterako dira, aire librera, talde dinamika aldatuz eta berpiztuz.

Norberaren konplexuak eta ikasleen arteko harremanak jorratzeko ere oso saio baliagarriak direla esan digute irakasleek, eta hain juxtu, adierazteko eta musikara irekitzeko zailtasun gehien dituztenak direla behar handiena dutenak, “baina hori kudeatzen jakin behar da: lotsa handia ematen diola ikusten baduzu, ez duzu bera bakarrik jarriko txirula jotzen, hirunaka jar ditzakezu, ez dadin agerian geratu, edo positiboki animatuko duzu, gaizki egiteari garrantzia kenduko diozu…”.

Baliabide teknologikoen bilakaerak eragin izugarria izan du urteotan. Ordenagailuko musikogramak, adibidez, asko erabiltzen dira (irudi bidezko partiturak, edo istorio bat osatzen dutenak), eta internetek aukera ugari eskaintzen ditu, besteak beste ikasleek eurek musika sortzeko programak. Euskaraz material gutxiago dagoela-eta, Berritzegunean bildutako irakasleek adierazi digute euskarazko edukiak sortu izan dituztela interneterako, hala nola euskal musika tresnei eta ahotsaren sailkapenari buruzko wix edo liburu interaktiboak. Teknologiaren gehiegizko erabilera arriskutsua dela ohartarazi digu Rallak, “musika zerbait bizia delako eta zuzenean egiteko aukera ematen digulako; ikasleak hori ere hautematen du, liluratzen du. Irakasleak sinesgarritasun handia irabazten du ikasleen aurrean musikaria dela erakutsiz”. Zuzenekoa ere inportantea da Bidasoaldeko irakasleentzat: horregatik, ahotsen sailkapena lantzeko klasera laukote bat eramango dute (baxua, tenorea, sopranoa, kontraltoa), abesten entzun ditzaten, edo alboka eskuratu eta ikastetxera eramango dute, ikasleek eurek jo eta entzun dezaten. Zuzeneko emanaldien  aberastasuna azpimarratu dute, eta ondorioz, ikasleentzat antolatu ohi diren kontzertu didaktiko, musikaren aste eta antzekoetara joatearen garrantzia.

Belarria lantzea, horixe gakoa, Joseba Tapia musikariaren arabera. Errepikapena eta probaren bidetik, belarria lantzean indarra jarriko duen metodologia defendatzen du musika heziketarako. Abiapuntu horretatik, ikasleari autonomia ematearen aldekoa da, belarriak berak eramango duelako haurra/gaztea iniziatiba propioz musikan sakontzera eta ikastera, partiturari lotu beharrik gabe.

Dalcroze erritmika, gorputzak senti dezala musika
Beñat Ralla, musika irakaslea: “10 urterekin batzuek, lotsagatik edo autonomia faltagatik, ez dakite ibiltzen. Erritmo bat jarri eta ez dira gai musika jarraituz oinez ibiltzeko; horri nola hasiko natzaio ez-dakit-zein erritmo berezi azaltzen, oinarrizkoena ere ez dauka-eta?”

Musika irakasteko dauden aukera interesgarrien isla da Dalcroze erritmika. Beñat Rallak Genevan ikasi zuen metodologia hau, eta Euskal Herriko ikastetxeetan ematen duen bakarretakoa da, nahiz eta beste herrialde ugaritan hamarkadak daramatzaten berau aplikatzen. Musika eta mugimendua uztartzean datza, gorputza elementu zentral bihurtzen da eta musikaren eraginaren arabera gorputzak ekintzak burutu behar ditu, espazioa kudeatuz, elementu osagarriak kudeatuz (izan daitezke pilotak, uztaiak, fularrak, panderoak…) eta besteekin elkarlanean. Mahai eta aulkiak baztertu, espazio zabala hartu, eta gorputzaren bidez musika biziaraztea, gure gorputzak musika barneratu eta nolabait gorpuztea da xedea, modu dinamiko eta ludikoan.

Eta nola egiten da hori? Irakasleak zuzeneko musika sortuko du, pianoa joaz adibidez, eta landu nahi duen musika elementuaren (zelula erritmikoak, tonalitateak, tempoak, piano eta forteak…) eta ikasleen parte-hartzearen arabera inprobisatuko du. Oinez hasi eta irakasleak jotzen duen musikara pausoa egokituko du haurrak, mantsotuz, azkartuz, isiluneetan geldituz… edo erritmoa lantzeko hiru balore hartu (beltza, zuria, kortxea) eta bakoitzari funtzio bat emango diote: aurreraka ibiltzea, atzeraka, alboz; edo konbinazio ezberdinak egingo dituzte, esku eta oinekin, ezker eta eskuin… edota konpasen zentzua barneratzeko ariketa asko egin daitezke pilota bat elkarri pasaz. Proportzioak lantzeko, eskuekin beltzak egin bitartean hankekin zuriak edo kortxeak irudikatuko dituzte, aldi berean. Erritmoa bakarrik ez, gorputzaren jarreran ere eragiten du musikak, eta entzuten dutenaren arabera uzkurtu edo ireki egingo dute gorputza, animalia bat edo bestea imitatuko dute, “galderak” planteatu eta gorputzaren bidez erantzungo dituzte, askatasunez, edota espazioarekin jokatuko: musika aldaketekin batera, taldean erreakzionatu behar dute, gelako mutur batera joanez, edo espazioan zabalduz eta dispertsatuz, edo bat-batean elkartuz eta batuz.

Azken finean, azaldu digu Rallak, solfeo tradizionalak musika deskodifikatu egiten du (hau kortxea bat da, hau fusa bat…), hasieratik da kontzeptuala eta kognitiboa; eta Dalcroze erritmikan, alderantzizkoa da prozesua: abstrakzioa egin aurretik musika sentitu eta bizi dezatela haur eta gazteek, gero horri zentzua emango diote, baina aurretik gorputzak ulertu du musika, barneratu du, eta prest dago hori guztia intelektualizatzeko, lengoaia musikalera eraman eta teorikoki finkatzeko. “Horrez gain, norberaren gorputza, mugak eta aukerak ezagutzeko modua ere bada, lateralitatea lantzekoa, gure gorputza armonian jartzekoa; desplazamendua eta espazioa kudeatzeko gaitasuna hartzen dute, eta psikomotrizitate globala, partziala (besoak) eta fina (hatzak) jorratzen dute, baita koordinazioa ere, memoria, sormena, inprobisatzeko ahalmena…”.

Ume txikiek bata bestearen atzetik ibiltzeko edo borobilak osatzeko joera dutela azaldu digu, eta aurreko ikasturtean, hiru hilabete inguruko lanketaren ostean, 4-5 urteko umeak bakoitzak bere ibilbidea asumitzea lortu zuela, “eta hori gauza handia da ikasleen autonomiarako. Lehenengo egunean denak erdi-lotsatuta borobilean egotetik, ikasleak bere burua inoren menpe eta liderrari jarraitu gabe ikustea, musikaren bidez garapen integralerako egindako lorpena da”. Ongi ibiltzeko, gorputza armonian jartzea eta gainetik hainbat beldur kentzea omen da bidea. “Norberak bere gorpuzkera eta ibiltzeko modua onartu behar ditu, eta konturatzen zara 10 urterekin batzuek, izan lotsagatik izan autonomia faltagatik, ez dakitela ibiltzen. Oinarrizko erritmo bat jarri eta ez dira gai musika jarraituz oinez ibiltzeko; horri nola hasiko natzaio ez-dakit-zein erritmo berezi azaltzen, oinarrizkoena ere ez dauka-eta? 4 urtekoekin eta 12koekin, batzuetan gauza berdinak landu behar ditut biekin, aurretik ez delako halakoetan indarra jarri. Horregatik du hain ikuspegi aberatsa Dalcrozek”.

Gaurko ikastordua amaitu aurretik, etxerako lanak ere eman dizkigute elkarrizketatuek: etxean haurrek –gurasoek– musika gehiago entzun dezatela, gehiago abestu, musikarekin jolastu, eta kontzertuetara joan: “Ahal den neurrian, bozgorailuetatik harago kultura zuzeneko formatuetan kontsumitu, eta ahalik eta formaturik anitzenetan”.

Musika eskolak eta kontserbatorioak, garai bateko zurruntasunetik urruntzen

Musikaz nazkatuta bukatu duen jendea denok ezagutzen dugu, musika irakaskuntzarekin izandako harreman txarragatik. Ume batentzat musikak gozamena izan beharko lukeela eta ez sufrimendua, eta horretan hobetzen ari direla dio Aritz Alustizak, trikiti irakasle Bergarako musika eskolan. Musika eskoletako irakaskuntza trantsizio fasean ikusten du: “Lehen musika matematika bailitzan ematen zen, eta orain metodologia berriak probatzen ari gara, eduki ezberdinak. Baina ez zaio ematen behar bezalako inportantzia sormena lantzeari”. Horregatik, berak sormena lantzeko ariketak egiten ditu bere klaseetan, ikasleekin batera gauza berriak sortzen dituzte, irudimenarekin eta jolasarekin jokatzen du, “ez dadila izan ‘hemen duzu partitura eta jo’”. Teknologia ere asko erabiltzen du, gaur egun abesti bat tonuz aldatu dezakezulako klik bakarrarekin, eta ikaslea grabatu, edo basea jarri eta horren gainetik ikasleak eta irakasleak trikitia jo, “eta hori asko gustatzen zaie”. Haur bakoitza ezberdina da, interes ezberdinak ditu, eta inprobisazioa oso presente dago klasean: “Beldurrik gabe inprobisatu behar da gainera; nire pedagogia nagusia horixe da, probatu, probatu eta probatu”.

Garbi du Alustizak: kultura musikala barneratzea da garrantzitsuena, eta horretarako, ikasleen musika heziketa ezin da klaseko lau paretetara mugatu, “hori baino garrantzitsuagoa da kontzertuak entzutera joatea, musikariak eta euren esperientziak aurrez aurre ezagutzea, musikaz gozatzea”. Etxean ere asko egin daitekeela, alegia.

Kontserbatorioetan ere, aldatu egin da plangintza eta batez ere lengoaia musikalari eragin dio (solfeo zenari), bost urtetik hamarrera pasa da, didaktikoagoa da, curriculumak berak beste era bateko ikasgaiak eskaintzen ditu… baina kontserbatorioak bere baitan duen eginkizuna profesionalizazioranzko bidea bermatzea dela eta horrek gutxieneko batzuk exijitu beharra dakarrela ere gogoratu digu Itziar Beitia piano irakasleak, hezkuntza formalago bat. “Beste gauza bat da ikasgelan zer gertatzen den, irakasle bakoitzak bere metodologiak, moduak eta pedagogia dauzkalako, eta iruditzen zait ez dela lehen bezain zurruna, gaur egun beste estrategia eta erreminta batzuk ditugula eskura”. Pianoko klaseetan, Beitiari gustatzen zaio teknika eta zehaztasuna lantzea, konpromisoa eta ikasketekiko erantzukizuna eskatzea ikasleei, baina alde espresiboari ere garrantzia ematen dio, emozionalki eta musikalki bibentziala den ekarpena egin nahi dio ikasleari, musikarekiko zaletasuna garatu dezan. “Ikaslearen araberakoa izaten da saioa, errepertorioa aukeratzeko garaian, harekin hitz egiterakoan, ikaslearen egoera pertsonala ere kontuan hartuz”. Musikak denbora eta konpromiso aldetik lan pertsonal handia eskatzen du, konstantzia, eta beti ez da erraza, dio Beitiak: “Segituan sumatzen duzu zein ikasle datorren gustura eta zein gurasoen nahiak derrigortuta. Baina batzuetan ere gertatzen da eskolak hartzen hastea oso ondo jakin gabe atsegin duten, eta ezagutu eta kontrolatu ahala pixkanaka gero eta gehiago gustatzea. Motibazioak zerikusi handia du bakoitzak lortzen dituen aurrerapenekin, eta gauza txikiak lortzea motibatzeko modu ona da. Guk ere erronka txikiak jartzen dizkiegu, gainditu ditzaten eta gustura senti daitezen. Gaur egun ohituta gaude emaitza azkarretara, jakia mikrouhinean sartu eta bost minututan jan ahal izatera, eta musika ikasketek beste tempo bat dute, beste konstantzia bat, hortik erronka txikien inportantzia, epe luzera planteatutako helburuetara ailegatzeko”.

Aritz Alustiza trikiti irakaslearen hitzetan, "lehen musika matematika bailitzan ematen zen, eta orain metodologia
berriak probatzen ari gara, eduki ezberdinak. Baina ez zaio behar bezalako inportantzia ematen sormena lantzeari".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputza
“Menopausia patologizatu beharrean, etapa baten parte gisa bizi behar dugu”

Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.


Gorputz hotsak
“Bidea moztu da eta hutsune batean gaude”

Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]


2024-11-05 | Estitxu Eizagirre
Garbiñe Larrea "Kosmetikoak sendabelarrekin" liburuaren egilea:
“Kosmetiko industrialak gure sistema hormonala hackeatzen ari dira eta horren aurrean baliabideak eman nahi izan ditut”

Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]


Gorputz hotsak
“Harrotasunaren eta lotsaren arteko gatazkan bizi naiz”

Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]


Gorputz hotsak
“Batzuetan beldurra ematen du zer datorren galdetzeak”

Xumea, alaia eta energia handikoa da Olga Garate (Iruñea, 1964). Bizikletan ibiltzea dauka pasio eta familia da bere lehentasuna. Erizain laguntzailea da, eta lana “izugarri” gustuko duen arren, behin betiko lanerako ezintasuna eman diote, minbizi kronikoa... [+]


Gorputz hotsak
“Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten”

Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]


Gorputz hotsak
“Oso arriskutsua da pentsatzea edonork irakatsi dezakeela zeinu hizkuntza”

Sarean lan egiteko elkar entzutea eta errespetatzea “nahitaezkoa” da Aitor Bedialaunetarentzat (Ondarroa, Bizkaia, 1991). Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioko presidentea zeinu hizkuntzaren kalitatea zaintzearen garrantziaz mintzatu da. Salatu... [+]


Gorputz hotsak
“Desgaituontzat oso gertu eta oso urrun dago itsasoa”

Sentsibilizazio saioen, hitzaldien eta sare sozialen bidez aktibismo antikapazitista egiten du Juncal Cepedak (Irun, Gipuzkoa, 1986). Txikitan ez du erreferente desgaiturik izan, eta besteei laguntzeko eta erreferenteak sortzeko egiten du dibulgazioa. Sare sozialen bidez,... [+]


Tanpoiek metalak dituztela frogatu dute; tartean, beruna eta artsenikoa

Lehen aldiz, ikerketa bat egin dute tanpoiek metalak ote dituzten ikusteko. Izan ere, metal batzuk toxikoak dira, baina AEBetako, Europako eta Erresuma Batuko legediek ez dute horri buruzko araudirik.


Gorputz hotsak
“Dragon Boat-arekin gorputzarengan geneukan konfiantza berreskuratzen dugu”

Kirol ugari egin ditu Mercedes Ortega Barrenak (Bilbo, 1967); hala nola atletismoa, paddel surfa eta orain arrauna. Hondarribiko HS2 Surf Center eskolako Dragon Boat taldeko kidea da. Batik bat minbizia duten edo izan duten emakumez osaturiko taldea da. Barrenak nabarmendu du... [+]


Gorputz hotsak
“Erotikan ere, ez dugu lortzen produkziotik ateratzea”

Desiraren, genero identitatearen eta erotikaren ikuspegia zabaltzeaz mintzatu da Igor Nabarro sexologoa. Nerabezaroan muineko lesio bat izan zuen, eta hori dela-eta zalantzan jarri zituen maskulinitatea eta sexualitatea. Salatu du istripuaren ostean ez zuela inongo heziketa... [+]


Gorputz hotsak
“Baimenik eskatu gabe interbentzio kirurgiko ugari egin zizkidaten”

Aktibista intersexa* eta DJa da Marikarmen Free (Baena, Espainia,1984). 2003. urtean sistema psikiatrikoaren kontrako borrokan hasi zen, eta gaur egun bide beretik doa Insania kolektibokoekin. Martxoan, Iruñeko Katakraken egindako “Zapalkuntza psikiatrikoa eta... [+]


Gorputz hotsak
“Fibromialgiaren okerrena da ingurukoek ez sinistea”

Batzuentzat ikusezina eta sinesgaitza bada ere, fibromialgia existitzen da, eta berrehun sintoma baino gehiago daude gaitzari lotuta. Horietako batzuk jasaten ditu Edurne Iribarrenek (Otsagabia, Nafarroa, 1954) eta nabarmendu du eragin “handia” dutela egunerokoan:... [+]


Eguneraketa berriak daude