argia.eus
INPRIMATU
Esnobismoa
Imanol Alvarez 2016ko urtarrilaren 20a

Orain urte askotxo aspaldi desagerturiko Anaitasuna aldizkarian Snobismoa izeneko artikulutxo bat argitaratu nuen. Ingalaterrako Bradford hirian eginiko egonaldi batetik itzuli berria nintzen. Hiri nahiko txikia zen Bradford, eta, bizitza kultural handirik ez zeukanez, antolatzen zen ia edozertara hurbiltzen nintzen. Behin, ospe handiko musikaria omen zen Peter Tosh-en kontzertu batera bertaratu, eta entzundako musikak liluratu egin ninduen. Haiek globalizaziorik eta Internetik gabeko garaiak ziren, eta Euskal Herrian –hegoaldean bederen– ez genituen ezagutzen ez Tosh jauna ezta reggae musika bera ere. Etxeratutakoan, pozarren erakutsi nizkien lagunei erositako Toshen diskoak, eta kontzertuarena kontatu. Bada, den-denek erantzun zidaten aho batez musika hura kaka hutsa zela, ez zutela batere gustuko alegia. Handik gutxira hasi ziren musika mota hori irratietan-eta jartzen, eta denek maite zituzten Bob Marley,  Eddy Grant eta baita ditxosozko Peter Tosh ere!

Egunotan gogoratu naiz artikulu hartaz. Badakit jakin gertakizunak erabat desberdinak direla, baina nik nahiko antzekotasuna aurkitzen diet. Euskaldun atipikoa bide naiz, eta futbola gustatu beharrean antzerkia nahiago, eta ardo beltzaren ordez txinpartaduna gurago… Aitak berak esan ohi zidan ezin nintzela benetako euskalduna izan beltza eta futbola (batez ere Athletic) maitatu barik. Hori gutxi ez, eta Taliaren disziplinen artetik betidanik gehien erakarri nauena kabareta, music-halla eta batez ere garai batean omnipresente zen errebista musikala dira. Oraindik ditut gogoan barraketan egoten ziren antzoki karpadun ibiltari haietako kartelak, edota ikastetxe ondoan zegoen auzo-antzoki batera etortzen ziren hirugarren mailako konpainienak: miresten nituen. Hain nuen handia zaletasuna, ezen Anaitasunan bertan eta baita Eginen ere hainbat erreportaje argitaratu bainituen mundu horretaz. Egun ia desagertu da hori guztia, baina oraindik gelditzen dira azken mohikanoak, konpainia eta artista gutxi batzuk herriz herri euren ikuskizunekin joaten direnak, eta ikuskizunetako batzuk oso duinak izaten dira.

Maiz joaten naizen antzoki bateko arduradunei behin baino gehiagotan iradoki diet talde horietako baten bat kontratatzea, batez ere jaietarako; baina alferrik. Euren ezjakintasunean modaz pasatutzat daukate, edota zerbait kasposo eta frankistarekin identifikatzen dute nonbait, bereziki errebista hitza. Lehengoan, aldiz, ikusi nuen antzoki horretako programazioan music-hall estiloko ikuskizun bat iragartzen dutela. Hori sorpresa! Baina, jakina, titulua ingelesez dago: Las Vegas Show. A! Hori ja beste gauza bat!

Esnob ez dakit, baina paleto bai.

Paleto hutsak gara!.