Kultura kontsentsua eta dudak

  • Despistatuenentzat notizia: 2016an gaude, urtea eta ebentoa gurutzatzen diren lekuan, Donostiak ofizialki Europako Kultur Hiriburu titulua jantzi duen denbora tartean. Bide zaila egin du orain arte, alderdien arteko botere-lehia medio; eta herri mugimendu batzuk egitasmoa auzitan jartzen hasiak dira. Erretratu hau egin diogu proiektuari abiatu den momentuan.

Alderdien artean sortu dituen ika-mikak gorabehera, Donostiako partidu nagusien artean bakar batek ere ez du auzitan jarri Kultur Hiriburua bere osotasunean. Argazkian, 2014an aurreko legegintzaldiko udal ordezkariek egin zuten agerraldia.
Alderdien artean sortu dituen ika-mikak gorabehera, Donostiako partidu nagusien artean bakar batek ere ez du auzitan jarri Kultur Hiriburua bere osotasunean. Argazkian, 2014an aurreko legegintzaldiko udal ordezkariek egin zuten agerraldia.

Urtarrilaren 19tik 20rako gauerdian Donostiako Konstituzio plazan juntatu dira XIX. mendeko militarrez jantzitako emakume eta gizonak, erlojuak 00:00 ordua eman bezain pronto danborrak astintzeko prest; eta haiekin batera, danborrez armaturik hauek ere, sukaldariz jantzitako beste jende batzuk, ejertzito burrunbatsu bat; eta Sanferminetakoaren aldean zibilizatuagoa dirudien publikoa, publiko asko, emozio bereziz, edo agian pixka bat edanda, baina nolanahi konpostura guztiz galdu gabe, urtero nobedade handirik gabe errepikatzen diren Raimundo Sarriegiren doinuekin hiriko egun handia ospatzen. 24 ordu berezi izango dira donostiarrentzat. Eta europarrentzat? Arrazoi duzu Mariano: saltsaren erdian nola jokatu asmatu ezinda dabilen giri horrek ez du lekuz kanpo dagoenaren itxurarik eman nahi: mugikorra patrikatik atera du. Argazki bat, bi, zer arraio, lagunei bidaltzeko hemengo zarataren lagin bat ere bai, bere buruaren bideo bat grabatzeari ekin dio jendetzaren artean, “crazy” eta “awesome” batzuk esanez. Ni han izan nintzen Donostia Europako Kultur Hiriburu izaten hasi zen momentuan, nik esan dezaket zuzenean ikusi nuela nola danborrez kolpekatu zuten, Sarriegiren konposizioez gain, Miguel Ríosen pieza bat –ala Beethoven zen? Karajan? – Europar Batasunaren banderak mastaren puntan dantza egiten zuen bitartean.

Himno europarra jotzea azken momentuan hitzartu dute agintariek festaren protagonistekin, baina erlojuaren kontra lan egitea ez da nobedadea Donostia 2016ri buruz ari baldin bagara. Bulegoan ari den pertsona batek azaldu duenez, gauzak asko aldatu dira maiatzaren 24ko hauteskundeek utzi zuten konposizio instituzional berriaren ondoren. “Langile kopurua bikoiztu egin da ekainetik hona, erritmo oso azkarrean ari gara lanean eta ondo iritsiko gara inauguraziora. Lehen nahita moteldu ziren gauzak orain hasi dira funtzionatzen”. Moteltze horren esplikazioa aurreko legegintzaldian Gipuzkoako politikaren ia alor guztiak zipriztindu zituen eredu-talkan bilatu behar da: Kultur Hiriburuaren fundazioaren patronatua lau erakundek osatzen dute eta bi Bilduren esku (Aldundia eta Udala), eta beste biak (Jaurlaritza eta Espainiako Kultura ministerioa) EAJren eta PPren artean banatuta, mahaiaren auskalo zein tiraderatan galdu zen bizikidetzaren kultura.

Botoek “konpondu” dute dena

Hauteskundeek Donostian eta Gipuzkoan EAJri agintea eman ondoren, EH Bildu proiektutik kanpo utzi eta jeltzaleek PSEko Ernesto Gascori 2016ko patronatuan Udalaren ordezkarietako bat izaten laga ostean hasi da ziaboga, bai beharrezko pertsonala kontratatzeko, baita finantzazioari dagokionez ere. Axularri obra bat inspiratzeko moduko luzamendutan aritu eta gero, agintari berriek makila hartu ostean egitasmoa pagatzeko prest agertu dira hainbat enpresa handi. Abendua: programazio ofiziala aurkezteko Madrilen egindako ekitaldi batean, Telefónicak dirua jarriko duela iragarri du Pablo Berastegui 2016ko zuzendariak. Urtarrila: Biziz eta Itsasfest proiektuei emandako 300.000 euroko laguntzarekin eta 262.000 euroko kostua daukan udaletxerako argi-instalazio batekin, Iberdrola proiektuaren bigarren babesle garrantzitsuena bilakatu da. 

Kutxa, Iberdrola eta Telefónica bezalako enpresek EH Bildu erakundeetatik atera ostean finantzatu dute Kultur Hiriburua

Baina iazko urriaren 29ko egunkarietan agertu zen albiste batek eta ondoren ekarri zuen sokak esplikatzen dute hoberen zergatik orain proiektuak babesle ekonomikoak lortu dituen eta zergatik lehen ez. Mikrofonoen aurrean jarri da Berastegui, Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Xabier Iturbe Kutxako presidentearekin –kargu horretarako 2014an EAJk proposatua–: 500.000 euroko laguntza emango dio banku fundazioak Kultur Hiriburuari, ekimenaren babesle orokor gisa. Horretaz aparte egingo dituen ekarpenak zenbatuta, milioi eta erdi euroraino igotzen da kontua Kutxaren arabera.

Iturbek beste zerbait ere esan du. Esan du Juan Karlos Izagirrek alkate zenean ez ziola behin ere deitu ezta eskaintzarik egin 2016aren babesle izateko. Azaroan dator Izagirreren erantzuna Facebook bidez: Kutxarekin lau urtean izandako bileren edukia errepasatuz, salatu du banku fundazioak Udalari eskatu ziola babes ofizialeko etxebizitza batzuk libre gisa saldu ahal izateko kalifikazioa alda zezatela; gogora ekarri dio Tabakalera proiektuan Kutxak nola atzeratu zituen bere ordainketak, Kutxabankek irabaziak zeuzkala publiko egiten zuen arren; eta Udalak finantza erakundeari egindako deiak eta bilera bat ere aipatu ditu, etxegabetze kasu bat zela-eta horrelako ekintzak onartzeko prest ez zegoela adieraziz. Ez dira zuzenean Kultur Hiriburuarekin lotutako gertakariak bistan denez, baina babesle berriaren eta proiektuaren arteko harremana zerk baldintzatu duen ulertzen laguntzen dute.

Zalantzak gaztetxe baten hondakinetan

Bitxiena zera da: hainbeste ika-mika politiko eragin dituen Kultur Hiriburua kontsentsu-espazioa ere badela alderdi nagusientzat. Hau da, PPtik hasi eta EH Bilduraino, partidu bakar batek ere ez du auzitan jartzen Donostia 2016, denek parte hartu dutelako proiektuan. Horrek ez du esan nahi kritikarik piztu ez duen egitasmoa denik, baina hirian jende gutxi dago %100 kontra egiteko moduan. Batetik, kritikoak izan zitezkeen kulturgintzako eragileek aldez edo moldez Kultur Hiriburuko proiektuetan parte hartzen dutelako; eta bestetik, oposiziorako jarrera argiena erakutsi duen “2016 Desokupatu” mugimenduak ez duelako lortu momentuz gainontzeko mugimendu sozialen erabateko inplikaziorik –azalpen bat baino gehiago izan dezake horrek, baina segur aski Bilduk lau urtez proiektuaren gidaritza eduki izanak apaldu egin ditu printzipioz aurka egon zitezkeen sektore batzuk–.

Kortxoenea gaztetxea eraitsi zutenetik 2016ak proiektatzen zuen irudi neutroa zalantzan jartzen hasi dira zenbait eragile

2015aren hondarrean Kortxoenea gaztetxea behin betiko eraitsi zutenetik, hori bai, Donostia 2016k proiektatzen zuen irudi neutroa zalantzan jartzen hasi dira zenbait eragile. Azaroaren 7an kulturgune okupatua eraitsi izana salatzeko egin zen manifestazioaren pankartan “Dono$tia 2016: kapitalar€n kultura” irakur zitekeen. Urtarrilaren 23an, Donostiako Piratek “herri kulturaren aldeko brindisa” egingo dute. Proiektuarekin kritiko direnen elkargune izan daiteke.

“Bulegoko langileak beren lanarekin konprometitzen dira, ez Udalak egiten duen guztiarekin”, dio Easoko egoitzan lan egiten duen lagun batek auzi horretaz galdetuta. Antzeko jarrera dute 2016ko beste hainbat langilek ere eta desalojoaren ondoren publikoki adieraztea erabaki zuten, Bulebarreko kioskoan “Kortxoenea bizirik” zioten kartelekin agertuta. Xabi Paya egitasmoaren zuzendari kulturalak ere distantzia jarri zuen gaztetxearen kontrako operazioarekin: “Fundazioak publiko egin zuen bere jardueratik kanpo dagoela eraisketa eta espero dugula Fundazioaren eta proiektuaren balioekin bat, Udalaren eta gaztetxeko kideen arteko elkarrizketek aurrera egitea. Hori bai, Xabi Paya sortzaile gisa, ezinbestean penaz ikusi behar dut edozein motatako kulturgune eraistea. Hala ikusten dut. Neurri berean konbentzitua nago hainbat kultur mugimendu Donostian elkarrekin bizi daitezkela”.

Donostia-Marseilla-Donostia

“Kultura hitza aipatzen dizutenean dena irentsi behar duzu, aura ia erlijiosoa dauka, ukiezina. Faxistak bakarrik jartzen dira kulturaren kontra” dio Alessi Dell’Umbria historialariak La fête est finie dokumentalean, mota honetako proiektuekin kritiko agertzea zein zaila den azaldu nahian. Nicolas Burlaudek zuzendutako lan horrek aztertzen ditu Marseillari Europako Kultur Hiriburu izateak eragin zizkion ondorioak –hemendik gutxira euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera izango da–; Troiako zaldiarekin konparatzen du filmak Kultur Hiriburua: herritarrek opari gisa hartzen duten ospakizuna, egin diezaiekeen kaltea kontuan hartu gabe.

Hiriburutza eraldaketa urbanistiko handien eskutik iritsi zen hara eta, dokumentalean azaltzen denez, hirigintza proiektu berriek hainbat bizilagun euren etxeetatik desplazatu zituzten. Beste batzuei, azal zurikoak ez diren gazteei bereziki, erdigunean lasai ibiltzeko aukerak asko mugatu zitzaizkien kontrol poliziala areagotzearen ondorioz. Portuan egindakoak aipamen berezia merezi du, lehen Tunisiako eta Aljeriako ontziak iristen ziren lekuan turisten kruzeroak nagusitu baitziren 2013aren ondoren. Gerra-mapa gisa deskribatzen du prozesua dokumentalak: hiriak baketutako espazioaren itxura eman behar du ranking turistikoetan igotzeko. Kalea errepresentazio espazio bihurtzen da, ez herriak bere burua berrasmatzen duen leku bat. Transformazio horretara egokitzen ez diren pertsonak ez dira existitzen. Literalki: Marseillako alkatea ikusten dugu merkatalgune baten inaugurazioan. “Proiektu honen kontra zeudenak ez ditut ikusten” dio ozenki mikrofonotik.

Hiri diferenteak dira noski Marseilla eta Donostia. Kultur Hiriburuen proiektuak ere bai. Baina gauza batean egiten dute bat: turista izeneko subjektuari –ezagutzen duzue, Konstituzio plazan ikusi dugu lehentxeago– ematen dioten garrantzian. Ugaztun hori: Donostian egon arren eguzkitako betaurrekoak kentzen ez dituen, argazki kamera edozein momentutan disparatzeko prest daraman eta mapan seinalatutako gauzak ikusi bitartean, etxetik kanpo dagoenez, denetik kontsumitzeko premia daukan animalia ehizatzeko beita gisa erabiltzen dira Kultur Hiriburua bezalakoak. Emaitza onak ematen ditu, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak Twitter bidez iazko abenduan zabaldutako informazioari erreparatuta: “EEBB-tako (sic) bidaia-gida garrantzitsuenak Donostia aukeratu du 2016rako gomendatutako jomugen zerrendan izateko”.

Hiria norentzat?

Kontua da behin etorrita kabituko ote diren. Edo, zehatzago, haiek kabitu ahal izateko hiria nola ari den aldatzen. Xabier Arberas Donostiako Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak Berrian publikatutako artikulu batean (Parte Zaharra, atseden hartzen inoiz uzten ez zaion auzoa) zein egoeratan dauden salatu zuen: “Ostalaritzako 210 establezimendu daude auzoan. Hau da, 3,45 taberna 100 biztanleko, edo ia taberna bat 25 biztanleko”. Terrazen erruz espazio publikoa okupatzea eta erabilera pribatua ematea, soinu kutsadura edo mugitzeko zailtasunak aipatzen ditu eta kontuan hartzeko moduko problemak dira biztanleriaren zahartze indize altua daukan auzo batean.

Horren ordez, Parte Zaharrera jende gehiago eramango duten neurriak hartzen ari dira Donostian: komertziorako “ordutegi libreko” gune izendatu berri dute, alegia, asteko egun guztietan ireki ahalko dituzte dendak –aurreko legegintzaldian San Juan kaletik kairainoko tartera mugatu zen aukera hori, eta uztailean eta abuztuan bakarrik–. Prezioek ere eman dute zeresana pasa den udan: sare sozialetan asko zabaldu da lau garagardorengatik Konstituzio plazako taberna batek ordainarazitako 16 euroko kontua, zenbait donostiarrek “ostialari” espresioa zergatik erabiltzen duten esplika dezakeena. Gaiaz galdetuta, Mikel Ubarrechena Gipuzkoako ostalarien elkarteko buruak zera adierazi zuen Ser irrati katean: “Ez dugu helmuga turistiko merkea izan nahi, Magaluf bihurtuko ginateke”. Itzulpena: Parte Zaharreko plaza enblematikoenean atzerritarren arabera jartzen dira prezioak.

Kultura eta hirigintza Donostiaren aurrerakuntzaren diskurtsopean: zenbat laguntzen die 2016ak operazio urbanistikoei?

2016a baino harago doan problematika da, baina galdetu liteke mota honetako ebentoek zein funtzio betetzen duten hiri baten planifikazioan. Donostiako kaia kirol portu bihurtzea ez da derrigorrez Kultur Hiriburuarekin justifikatzen den zerbait, ezta Saguesen eraiki nahi duten hotela, ezta Erdialdea lur azpitik zeharkatuz eraiki nahi duten metroa ere. Baina hiriburutzak mota horretako operazioei aldapa leundu diezaieke, kultura eta hirigintza uztartuz Donostiaren aurrerakuntzaren diskurtsopean. Zaila da horrelako eztabaida publikoak planteatzea ordea: Kultur Hiriburuak Donostia osoa ordezkatzeko bokazioa dauka eta hura auzitan jartzea hiri osoaren kontra egitearen pareko zerbait bihurtzen da.

Hasi da errepresentazioa. Agian obra amaitzean hobeto ulertuko dugu zer den 2016ko kontu hau dena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostia 2016
2016: kultura aitzakia gisa erabili zen urtea?

Atzera begira, inork gutxik uste du 2016ak bere helburu kulturalak bete zituenik. Kontrara, ordutik hona, hiriaren turistifikazio masiboaren erantzuleetako baten moduan ikusten dute askok egitasmoa. Baina zer zioten garaian hiriburutzaren kontrakoek? Izan al du hiriburutzak... [+]


Kulturak hiria eraldatu nahi izan zuen urtea

Urteak igaro genituen “Donostia 2016” entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura... Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko... [+]


Streisand efektuak ez gaitu zentsuratik libratuko, Donostia 2016n ikusi genuen

Iazko abenduko egun bat izan zen, larunbat goiza. Ahoz aho zabaldutako informazioari esker izan nuen filmaren proiekzioaren berri eta kulturgune batera joan nintzen, Donostian, gauza handirik jakin gabe: zer ikusiko genuen pantailan, sarrerarik ordaindu behar ote zen, zenbat... [+]


Donostia 2016k eragindako diru sarrerek apenas berdindu dute proiektuaren aurrekontua, datu ofizialen arabera

Donostiako Udalak eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren zuzendaritzak kalkulatu dute kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Kultur hiriburuaren aurrekontua 46,8 milioi eurokoa zela.


Donostia 2016: amaitu da festa

Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.


Guggenheim bariazioak: zer itxura duten kultur politika autonomikoek sailburu berriari entzunda

Jaurlaritzarentzat momentu egokia dirudi probatzeko ea kulturaren gauza honek balio duen normalizazio sozial eta politikoa lortu izana poltsikoratzeko ere.


Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa abian da

Europako hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak bermatzeko sortu da Donostiako Protokoloa. Kursaal Jauregian egin dute honen aurkezpena. Kontseiluak eta Donostia Fundazioak sustatutako proiektuak 185 neurri ditu bere baitan.


2016-12-16 | ARGIA
Donostiako Protokoloaren aurkezpena zuzenean

Larunbatean, 11:30ean hasita zuzenean ikusi ahal izango da zuzenean ARGIAn.


2016-12-16 | ARGIA
Badator hizkuntza eskubideen alde borrokatzeko tresna berria

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Europako 50 bat hizkuntza komunitatetako ehundik gora eragilek sinatu dute. Abenduaren 17an, ekimenaren bultzatzaileek, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak eta Kontseiluak, Donostian aurkeztuko dute. ARGIAk streaming bidez... [+]


2016-11-24 | ARGIA
Euskal presoen lanak zentsuratu ditu Donostia 2016k

Espetxeetan eta zentro psikiatrikoetan dauden pertsonek egindako lanak biltzen dituen erakusketa batetik erretiratu ditu antolakuntzak euskal presoei zegozkienak: "Biktimei min eman diezaiekegu".


2016-11-22 | ARGIA
DSS2016k zentsuratutako presoen lan batzuk Txantxarreka gaztetxean ikusgai

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak zentsuratutako lan batzuk Antiguako Txantxarreka gaztetxean jarriko dituzte ikusgai larunbatean.


2016-11-17 | ARGIA
Euskal presoen lanak zentsuratu ditu Donostia 2016k

Espetxeetan eta zentro psikiatrikoetan dauden pertsonek egindako lanak biltzen dituen erakusketa batetik erretiratu ditu antolakuntzak euskal presoei zegozkienak: "Biktimei min eman diezaiekegu".


“Non da parte-hartzea? Inposaketa da!” aldarrikatu dute eragile ugarik Donostian

Donostiako udaletxearen aurrean protesta egin dute kolektibo eta eragile ugarik deituta, Demokrazia Zuzenaren Foro Globalaren irekiera ekitaldia baliatuz. “Donostia ez da eredugarria demokrazian, Donostiako Udalak jardunaldi hauen aurkezpenean dioen bezala”.


Donostia “Demokraziaren Munduko Hiriburu” izendatu dutela eta protesta deitu dute hainbat eragilek

Donostiako udaletxearen aurrean protesta gisa kontzentrazioa deitu dute azaroaren 16an hiriko hainbat taldek: Satorralaia, Errausketaren Aurkako Mugimendua, SOS Miracruz 19, Stop Desahucios, Eleak/Libre, LAB. EH Bildu eta Ahal Duguk ere babesa adierazi dute. Egun horretan... [+]


Eguneraketa berriak daude