Batzuentzat bi erdaldun eta 20 euskaldun dauden bilera ez da erdaraz egiteko arrazoia. Bergarako Aranzadi Ikastolan adibidez, Udalak utzitako aldibereko itzulpengintza tresneria erabiltzen dute, irakasleak beraiek dira itzultzaileak. Fracking Ez mugimenduak antolatutako kanpaldian FM bidezko sistema erabili zuten itzulpenak egiteko. Irati Majuelo itzultzailea da eta behin baino gehiagotan deitu diote zurrumurru bidez aldibereko itzulpenak egiteko.
Fracking Ez mugimenduak frackingaren aurkako kanpaldia antolatu zuen 2015eko uztailean. Zazpi egun hitzaldiz, tailerrez eta bestelako ekintzez josita, eta nazioarteko izaerarekin. Hizkuntza saltsa antolatu beharra zegoen. Alemaniako Fracking Ez mugimenduak ere antzeko zerbait prestatu nahi zuela eta Bartzelonan elkartu ziren bilera egiteko Can Masdeu etxe okupatuan. Hainbat herrialdetako jendea bildu zen han eta bilera egiteko itzulpen sistemaren bat behar. Han ezagutu zuten gero Gasteizko kanpaldira ekarriko zuten sistema.
Neurogarapenean arazoak dituztenei laguntzen dien Coadi guneak antolatu zuen etxe okupatuko Babel dorrea. Bilera lekuaren ondoan FM bidez transmisioa egitea ahalbidetuko zuen tresna paratu zuten eta itzulpena behar zuen partaide bakoitzari irrati aparatu bat eman zioten. Frekuentzia bakoitzean zein hizkuntzatik zein hizkuntzarako itzulpena entzungo zen azaldu, tresneria probatu, eta aurrera. Itzultzaile lanetan, denak boluntarioak. Bi gauza on antzeman zizkion Mikel Otero Fracking Ez-eko partaideak sistema hari. Batetik, bakoitzak nahi zuen edo ahal zuen hizkuntzan hitz egiteko modua izan zuen, eta bestetik, itzuli behar zenez bilerako hizketaldiak mantsoago egin ziren. Bilera txiki hartan balio izan zuen aldibereko itzulpen moldea kanpaldian probatu behar zutela pentsatu zuten.
BlaBla komunikazio agentzia ezagutzen zuten eta hari eskatu zioten laguntza tresneria eta itzultzaileak lortzeko. Bazituen 150-200 irrati adibidez. Euskal Herrian, unibertsitatean itzulpengintza ikasten ari ziren gazteak konbentzitu zituzten. Bien artean antolatuko zuten astebeterako aldibereko itzulpen zerbitzu guztia. Egunero hainbat itzulpen egin behar zirenez, panelean idazten zituzten ohar guztiak: 10:00etan euskaratik gaztelaniara eta ingelesera; 11:00etan… Hitzaldi edo tailer bakoitzaren hasieran 5-10 minutu hartzen zituzten hizkuntzen kontua antolatzeko: irratiak edo sakelako telefonoak –bigarren tramankulu horrek ere balio baitu– probatu, frekuentziak bilatu… Itzultzaileak ez ziren unibertsitateko ikasleak soilik, ez ziren nahikoa, ikasketa berezirik gabeko boluntarioen beharra zegoen, eta bertako jendeak eta Europatik kanpaldian parte hartzera etorritako hainbatek lagundu zuten itzulpenak egiten.
Oteroren ustez, ez da sistema oso-oso sofistikatua, behar diren baliabideak ez dira konplexuak. Oinarrizko hiru gauza behar dira bere iritziz: FM bidez transmititzea; itzultzaile boluntario taldea; eta hitz egin behar dutenek pazientzia pixka bat izatea, aldiberekoa baita itzulpena eta astiro aritzea komeni da. Oterok onura bat nabarmendu du: “Denei esan ahal genien nahi zuten hizkuntzan hitz egin zezaketela. Euskal Herrian askotan gertatzen zaiguna da euskaraz egin nahi edo ahal duenari esaten diogula ‘erdaraz egiten baduzu denek ulertuko dute…’. Uztailean jendeak eskertuko zuen nazioarteko ekintza izanda ere euskaraz lasai egiteko aukera izatea”.
Kanpaldiaz gain, Fracking Ez mugimenduak ehunka hitzaldi antolatu ditu Euskal Herrian eta irratiarena ez da aldibereko itzulpenerako erabili izan duten modu bakarra. Txutxumutxu bidez euskaratik gaztelaniara egin izaten dute; hitzaldia euskaraz eta irudi bidezko aurkezpena gaztelaniaz, edo alderantziz; hitzaldia euskaraz eta tarteka laburpen txikiak gaztelaniaz ere bai.
Irati Majuelok Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasketak egin berri ditu. Ingurukoek badakite eta behin baino gehiagotan eskatu diote aldibereko itzulpena egiteko. Unibertsitatean ez dute zurrumurruaren teknika –txoko batean elkartu eta bati edo gutxi batzuei ahopean egiten zaie itzulpena– erakusten, baina egunerokoan, batik bat herri mugimenduen jardunean, metodo merke hori erabili ohi da. Unibertsitateko batzarren batean eta Euskal Herriko Bilgune Feministak eskatuta egin izan ditu zurrumurru bidezko itzulpenak. Batzuetan momentuan bertan eskatu diote laguntza eta egoera utopikotik urrun aritu behar izan du itzultzen: hizlaria edo bilerako jendea zertaz arituko den jakin gabe, terminologia gainbegiratzeko astirik gabe… Beste batzuetan etxeko lanak eginda joaten da. Esate baterako, urtarrilaren 16an Bilgune Feministak antolatutako Eskola Feministan pare bat hitzalditan aritu zen. Aurrez eskura zuen edukia.
Majueloren ustez garrantzitsua da zurrumurruka itzuli behar zaion pertsonarekin edo pertsonekin aurrez egotea, konfiantza eremua sortzeko. Esateko adibidez, den-dena ezingo diola itzuli momentuan, baina amaieran azalpen gehiago eman ditzakeela. Zurrumurru jasoleak nola sentitzen diren galdetu diogu, ea deserosoa egiten zaien, eta hauxe erantzun digu: “Deserosoa itzulpena egin behar den ala ez erabakitzea izaten da, aurrez erabaki ez eta momentuan bertan gaia mahai gainean jartzen denean. Alegia, gaztelaniaz egin, ala euskaraz egin eta itzulpena antolatu. Aurrez esan baduzu euskaraz dela eta era bateko edo besteko itzulpen sistema egongo dela, ez da deserosoa”. Bartzelonan, herri mugimenduetan, zurrumurrua erabiltzen ohituta daudela dio Majuelok: “Katalana guk euskara baino gehiago erabiltzeko ohitura dute, hemen amore ematera ohituago gaude”.
Bergarako Udalak aldibereko itzulpen sistema klasikoa –jardunaldi gehienetan erabiltzen dena– dauka. Aldian aldiko alokatzen zuten sistemaren arrakasta ikusita tresneria erostea erabaki zuten. 10.000 bat euro balio izan zituen. Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikari Estepan Plazaolak esan digu udalean oso gustura daudela tresnarekin, baita Aranzadi Ikastolan ere. Azken hori da urtean zehar itzulpen sistema hori gehien erabiltzen duena, urtean 30 bat aldiz. Udalak herriko eragileei tresneria doan eskaintzen die, itzultzailea norberak aurkitu behar du. Aranzadi Ikastolan adibidez, irakasleak dira itzulpenak egiten dituztenak, guraso bilerak direla, kanpotik etorritako norbaiten hitzaldia dela… Plazaolaren ustez, miresgarria da irakasleek egiten duten lana, hitzaldi bat itzultzea adibidez ez baita erraza.
Bergarako Udalak 20 bat aurikularreko kaxa dauka, eta gehiago behar dituenean Ordiziako Udalari eskatzen dizkio. Dena dela, oso gutxitan behar izaten dituzte 20 erdaldun baino gehiagorentzako aurikularrak. Sistema hori erabiltzeak, Plazaolaren iritziz, gauza bat ekarri du: “Lehen euskaraz egitea justifikatu egin behar izaten zen, gezurra dirudi baina 20ko bileran bik euskaraz ez bazekiten ele bitan egiteko beti zegoen justifikazioa. Batzuetan gaztelania hutsean egitea ere justifikatzen zen: ‘Horiek ere ulertu behar dute, bietara eginda luzatu egingo da…’. Orain erdaldunak esaten du ‘ostras! nigatik (edo gutxi batzuengatik) antolatzen da hau guztia!’. Horrelako sistemaren bat erabiltzen ez bada hizkuntzaren gaia ez da bisibilizatzen”.
Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]
Idazle, itzultzaile eta kantari da, euskarazko literatura ingelesera itzultzen espezializatua, eta aitzindari ere bai lantegi horretan. Hainbat sari eta merezimendu jasotakoa, Miren Agur Meabe idazlearen Hezurren erretura ingelesera itzuli, eta Etxepare saria jaso du oraindik... [+]
Aukera ematen du itzulpenak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz entzuteko. Bestalde, itzultzaile neuronala Telegramen integratu du Elhuyarrek, mezuak itzultzeko aukera ematen duena.
Pandemiako 2020 itxialdian hasi ziren itzultzen Margarita Nafarroakoak idatzitako Heptamerona liburua. 2021etik urtero irakurraldi bate ere egiten dute Booktegik eta Nafarroako Ateneoak antolatuta.
Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin solasean erraustegiraino mendiz egindako martxan, 2018an.
Bi esperientzia linguistiko oso desberdin bizi izan ditut azken asteotan Hegoaldeko bi herritan. Bata, herri euskaldun bateko erakunde publiko batek antolatutako hitzaldi batean, eta, bestea, eskola bateko batzar batean. Hitzaldian baginen 80 lagunetik gora, nik esango nuke %90... [+]
Katalanera itzulitako euskal literaturak 1982tik 2020ra bitartean izan duen bilakaera aztertu du Aritz Galarraga Lopetegik aurtengo martxoan defendatu duen doktore-tesian. Ikerketak bi kulturen arteko harremanari buruz dauden zenbait uste datuekin kontrastatzeko balio du, baita... [+]
Hainbat literatura-lan itzuli izan ditu euskarara nahiz gaztelaniara. 44 urte zituela hil da itzultzaile nafarra.
Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.
3TimesRebelPress (3TR) argitaletxe independente eskoziarra jaio da, euskaraz, katalanez, galizieraz, gaelikoz, galesez… eta oro har hizkuntza gutxituetan idazten duten autore emakumeen literatura ingelesera itzultzea helburu duena, “mundu osoan sustatzeko”.
Anbereseko Central Staationen aurkituko du liburu honetako narratzaile izenik gabeak Jacques Austerlitz, bere iraganaz oroitu ezin den gizona. Hamarkadaz hamarkada eta hiriz hiri luzatuko dira bien arteko solasaldiak, lainoan bildutako memoria argitzeko ahaleginean. Idoia... [+]
Alda Merini (Milan, 1931-Milan, 2009) poeta italiarra izan zen. Lan asko argitaratu zituen, tartean hamarnaka poesia liburu eta bi-hiru autobiografia (L'altra verità. Diario di una diversa, La pazza de la porta accanto eta Reato di vita. Autobiografia e poesia).
Argitaletxe askok uko egin zioten Beirazko kanpaia liburuari, txolina eta arina zelakoan. 1963an argitaratu zen lehen aldiz, Victoria Lucas ezizenez sinatuta. Beirazko kanpaia eleberria izan zitekeen, baina autorearen bizitzatik oso gertu dagoen kontakizuna izanik... [+]
Barrenetik zulatzen zaitut: 8 ahots itsasertzetik poesia antologia elebiduna argitaratu berri du Liberoamerika argitaletxeak. Ekuador, Mexiko eta Argentinako lau poeta eta Euskal Herriko lau itzultzaile elkartu dituzte. Martxoaren 30ean aurkeztuko dute jendaurrean.